Ibilaldia, erakusketaren parte

Hamabost artistaren eskulturak elkartu dituzte Hazparneko Marmau gunean, bost kilometroko bidexka batean gaindiGunearen edertasuna baloratzea da elkarte antolatzailearen asmoa

Orotara, hamazazpi eskultura jarri dituzte bi oren irauten duen ibilbidean zehar. NORA ARBELBIDE.
Nora Arbelbide Lete.
Hazparne
2012ko abuztuaren 17a
00:00
Entzun
Lekuaren magiak funtzionatzen du. Horretaz konbentzitua da Regis Pochelu eskultorea. Hazparneko Elizaberri auzoko Marmau gunea «harmonia» handiko lekua dela deritzo. Hori sentitzea nahi luke, hain justu, Eskultura bidexka izeneko erakusketa bisitatzen dutenek.

Pochelu, beste hainbat auzo bezala, gunea, haren «magia», sekretupean atxikitzeko ordez, ezagutarazi nahian dabil. Gaur egun, auzoko laborari, ehiztari eta igandeko ibiltari batzuk baizik ez dira bertaratzen. Hain zuzen, lekuaren izen bera hartzen duen elkarte bat sortu dute, Marmau elkartea, gunearen edertasuna baloratzeko eta zaintzeko asmoz. Elkartearen lehen ekintzetako bat da, hain zuzen, erakusketa.

Hamabost begirada

Ibilaldi artistikoaren ideia Pocheluk berak ukan zuen, gisa bereko esperientzia bat bizita Aude departamenduan (Okzitania). Naturaren barnean murgiltzen zen erakusketa batean parte hartu zuela, ideia hori auzoekin partekatu zuen, eta haiek ere ideiarekin bat egin zuten.

Eskultoreak erakartzeko, erakusketaren proiektua hainbat saretatik zabaldu zuten. Eta, azkenean, elkarteak hamabost eskultoreren lanak ditu aukeratu.

Gai finkorik gabe, baldintza bakarra eskulturak kanpoan, naturaren erdian irauteko gaitasuna ukaitea izan da. Euri, haize, tenpesta edo bero sapa guztien gainetik.

Emaitzak estilo andana bat elkartzen ditu. Ibilaldian zehar ikus daiteke bakoitza, eta bertako auzoen artean erabaki dute non zehazki zer jarri. Horiek horrela, lekuak indarra ekartzen dio eskulturari. Ibilaldian aitzinatu arau, begia zorroztuz doala, eskulturaz gain, lekua ere desberdinki preziatzen has daiteke.

Hor dago, adibidez, Petra Tamboer-en izenik gabeko obra, erakusketa hasierarako atxiki dutena. Hegazti bat dela dirudi, medixkak gainetik begiratzen balitu bezala. Hurbil Polinesiako tradiziotik datorren totem bat dauka. Ondotik, Catherine Libmannen Itzalkineko anderea dator, burdina, adar eta landareek osatua. Hor dago Vincent Lievoren Pentsalari Handia ere. Rodinen Pentsalaria-ri begi klixka bat eginez, pentsatzearen bortxaz fosilizatu da eta zuhaitzak hazten ari zaizkio buru gainean. Alain Huthek, berriz, burdinazko tubo batzuk elkartu ditu Erroak obran, eta euskal nortasunaz gogoeta bat proposatu.

Michael Relavek denboraren esku utzi du bere lana. Hiru pertsonaia moldatu ditu lurrez eta lastoz. Erreka bazterrean, zuhaitzen azpian daude gordeak. Bata erdi lo, bestea kokoriko eta azkena gogoetan, Itzultzen da hastapenera deitu du obra. Bada Aitor Mendizabalen lan bat ere: Oihana moztuta. Zepaontzi handi batzuk jarri ditu zuhaitz artean. Gainerateko eskultoreak hauek dira: Dominika Griesgraber, Pascal Billard, Isabelle Omer, Stephane Leberloa, Samuel Dougados, Tsama Do Paço eta Philippe Issandourenak.

Irailaren 8a arte izanen dute erakusketa. Gunea aurkitzeko, Baionatik adibidez, Hazparneko bidea hartuz, herrira sartu aitzin eskuinaldean den auzora hartu, Elizaberrira, eta han da. Bide seinaleak jarriak dituzte. Aurten, lehen erakusketa dute, baina segitzeko nahian dabiltza. Ibilaldiak bost bat kilometroko luzera du. Ez da zailtasun handikoa, baina zapata pare on bat eta ur botila batekin joatea hobe.

Ezagutarazi, zertarako?

Berez, gunea ez da arriskupean. Hondatuko lukeen proiekturik ez da. «Mementoko», zehaztu du Pocheluk: «Gaurko PLU araudiak ez duelako baimentzen, baina araudiak aldatzen ahal direla badakigu». Lurrak Hazparne herriarenak dira.

Baina Marmau ezagutaraziz, hainbat jenderi lekua maitatzeko gogoa piztuz, nonbait, bertan proiektu bat muntatzeko ideia ere eman dezakete. Eta orduan, bai, lekua mehatxupean litzateke? Pocheluk dio horrelako pentsamenduetatik urrun dabiltzala: «Konfiantza bat bada oinarrian. Etika bat. Pentsatzeko eta bizitzeko era bat». Hori erakusketak berak frogatzen du, Pocheluren ustez. Ibiltari anitz etortzen dira, eta «nehork ez ditu andeatu eskulturak. Ez zirriborrorik, ez deus. Andeatua izan den bakarra nire bat da, 250 kilogramoko obra; pottokek altxatu eta uzkaili dute».

Gainera, behingoan, eskulturak hunki daitezke. Antolatzaileek gomendatzen dute hori, eskultura batzuk oraindik gehiago preziatuko baitira hunkiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.