Donostiako Haur Liburutegian pailazoen historiari errepasoa ematen dion erakusketa ireki berri dute, 40. urteurrenaren harira. Eraikinean sartzen denak atari koloretsu batekin egingo du topo, berehala. Globoen eta serpentinen artean Txirri, Mirri eta Txiribitonen panpinak daude jarrita. Haien ondoan, kaleratu dituzten hainbat lan, urteen joan etorria islatzen dutenak. Kixki, Mixki ta Kaxkamelon izeneko lehenengo biniloa, CDak eta Trititraka Trikitron DVDak, besteak beste. Askori ezagun egingo zaizkien Tortolika, Xelebrekeriak, Eguberri on!, edota Jolasean, ze arraio! diskoen azalak ere badaude, beste batzuen artean.
Baina pailazoen inguruan merkaturatuko zenbait produktu ere ikus daitezke. Hondartzarako toalla koloretsua, haien aurpegiekin egindako kamisetak eta motxilak.
Ataritik bigarrengo solairura igota, pailazoen ibilbide luze eta oparoaren berri ematen duten oroigarri gehiagorekin egiten du topo bisitariak. Kartelak, txapak, jolasak, eta miniaturako panpinak; tartean dago Tortolika hegazkina ospetsua ere. Txirri, Mirri eta Txiribiton izena hartu aurretik Kixki, Mixki eta Kaxkamelon gisa lan egin zuten, eta kartel hori da guztietan zaharrena. Urte hauetako guztietako lana aitortzen dien hainbat sari ere begizta daitezke. EITBren Iparragirre Sari Bereziaz gain, Sabino Arana Fundazioak emandakoa, Telebistako akademiarena eta Merezimenduzko Argia Saria. Solairu berean, txoko berezi bat prestatu dute pailazoen liburu eta DVDz beteta, eta nahi duenak maileguan hartzeko aukera izango du.Azkenik, hirugarren solairuan argazki zaharrez osatutako gela dago.
Martxoaren 30era arte dago erakusketa zabalik. Astelehenetik ostiralera, 16:00etatik 20:00etara eta larunbatetan, 10:00etatik 14:00etara. Martxoaren 23an bisita gidatu bereziak antolatu dituzte, Txirri, Mirri eta Txiribitonen eskutik ikus ahal izango baita erakusketa. Ez da nolanahi ere, azalpenez jositako bisita izango, pailazoekin kantatu, ongi pasatu eta une hunkigarriak izango baitira. 18:00etan, 18:30ean eta 19:00etan dira bisitak, eta, aldez aurretik, Haur Liburutegian eskura egongo diren gonbidapen txartelak hartu behar dira, kopurua mugatua baita.
Ibilbide luzearen testigu
Kartelak, txapak, biniloak eta pailazoekin loturiko hainbat produkturekin erakusketa bat osatu dute Donostian. Martxoaren 23an pailazoekin bisita gidatuak egongo dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu