Aktore, antzezlan-idazle eta antzerki zuzendari da Galder Perez (Bilbo, 1975). NIcK Maritxu NIcK Bartolo lana estreinatuko du gaur, 22:00etan, Bergarako Zabalotegi antzokian. Berak idatzitako eta zuzendutako lana da, eta Ugaitz Alegriak eta Ylenia Bagliettok antzezten dute.
Maritxu eta Bartolo Interneten hizketan... Zer da, amodioa Interneten aroan?
Ez dut uste amodioa denik, gehiago da jolasa eta sexua. Jendea askotan sartzen da Internetera amodio edo sexuaren bila, eta kasu honetan bi lagun sexu eta jolas bila ari dira.
Cocidito Madrileño, esaterako, enkarguz moldatu zenuen antzerkirako. Hau ere enkargua da?
Glu Glu konpainiakoek eskatu zidaten komedia bat idazteko. Orduan atera zen Maritxu eta Bartoloren kanta, eta pertsonaia horiekin zer edo zer egiteko aukera. Idatzi nuen lehenengo testua, baina, egia esan, alaia izan arren, oso era dramatikoan amaitu zen istorioa. Baztertu egin nuen, eta geroago hasi nintzen komedia basatiagoa egiteko asmoarekin.
Musika eta dantza sartu dituzu lanean. Zer lortzeko?
Bi lagunek Internet bidez hitz egiten dute opera baten atrezzo biltegian elkartzeko. Maritxu eta Bartolo munduaren historiako hainbat garaitan irudikatu nahiizan ditut. Kantako pertsonaiak izatera jolasten dira bi protagonistak. Gutako edonor izan daitezke, jolasean. Dantza eta musika eszenografiaren beste osagaiak dira, horiekin jolasteko.
Zeuk idatzi eta zeuk zuzendu baduzu, emaitzarekin ados egotea besterik ez zaizu geratuko?
Egia esan, oso gogorra izan da lan hau ateratzea. Hainbeste buelta eman dizkiogu istorioari... Aktoreekin eginiko lana polita izan da, baina zaila. Estreinatu aurretik egin ditugun emanaldietan ikusi dugu ikusleak erraz sartzen direla istorioan, baina hori sekulako lana egin ondoren gertatu da. Ugaitz Alegriarekin lan dezente egin ditut eta ondo ulertzen dugu elkar. Ylenia ere gaztea da, eta hau da bere lehen lana antzerkigintza profesionalean. Kimika ona egon da bien artean.
Norberak idatzitakoa zuzentzea abantaila da edo traba?
Ezberdin idazten da testua zeuk zuzendu behar baduzu edo beste norbaitek zuzendu behar badizu. Norberak egin behar duenean, irekiagoa uzten da, eta beste norbaitek zuzenduko duela dakizunean, itxiagoa uzten duzu. Beste batek idatzitakoa zuzentzea asko gustatzen zait, lana berriz interpretatu behar duzulako. Gogo handia daukat besteek idatzitakoa taularatzeko.
Antzerkigintzaren alde guztiak ezagutzen dituzu, aktorea ere bazarelako. Ez al da hobea izaten gauza bakarrean zentratzea?
Hirurak ezagutzen ditut, herri honetan oso zaila dugulako antzerkiaz bizitzea. Aktore izanda, zaila; zuzendari izanda, zaila; idazle izanda, zaila; eta hirurak batera eginda ere, ez da erraza irautea. Idazten sentitzen naiz libreen, hodei batean nagoelako, hegan nire irudimenarekin. Aktore gisa ere asko gozatzen da. Zuzendari gisa, berriz, asko sufritzen dut, lan talde osoaren ardura dudalako.
Ez al zara apur bat hiperaktiboa?
Sekula bai antzezlana estrenatuko dut otsailaren 17an, Korrika Kulturalean. Aktore gisa arituko naiz, XXI. mendeko kabaret zirikatzailean.
Galder Perez. Antzerkigilea
«Idazle, aktore eta zuzendari nabil, gauza bakarra eginda ezin delako antzerkiaz bizi»
'NIcK Maritxu NIcK Bartolo' lana estreinatuko du gaur antzerkilari bilbotarrak Bergaran. Antzerkia, musika eta dantza uztartzen dituen lan bihurria da, jolasa eta sexua bilatzen duten bi zibernauten ingurukoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu