Komunikazioa. Ekografiak

Idazleen Durango

Aritz Galarraga.
2011ko abenduaren 6a
00:00
Entzun
Bete-betean izango dugu gaur, hirugarren egunez, Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azoka. Ezagun da egun hauen inguruan, urtero legez, liburu, disko, egutegi eta orotariko fetitxezaleok pelegrinazioa dugula Bizkaiko herri horretara. Eta, bestela, hor dauzkagu albistegiak, zitaren berri fidelki ematen digutenak. Azokako irudiek ireki zuten igande eguerdiko Gaur egun —arratsekoa, aldiz, Errioxa eta Araba arteko gatazka osasuntsuak—.

Larunbatean, ordea, atariko gisa edo, Sautrela berezi bat eman zuen ETB1ek: Durangoko azoka, onurak eta malurak euskal letrentzat. Hasier Etxeberria gidari, sei izan ziren idazle gonbidatuak: Eider Rodriguez, Arantxa Urretabizkaia, Ur Apalategi, Harkaitz Cano, Unai Elorriaga eta Hedoi Etxarte. Eta, bai, badakit idazleak idazle direla, idaztera dedikatzen direla, sarri beren etxeko zoko apartatu batean dedikatu ere. Badakit idazleak ondo egin behar duena idaztea dela, nahiz eta nahi baino hedatuago egon idazlea intelektual, orojakilearekin derrigor lotzen duen ustea. Larunbatekoak, berriz, demostratu zuen baditugula idazleak, esaten zutena gorabehera, ondo baino hobeto moldatzen direnak solasean, are telebista kameren aurrean ere.

Platoa eta eszenografia ziren txukunak okasiorako —Hedoi Etxartek Frantziako telebistatik gurera ekarriko lituzkeen mahai buelta horiek gogorarazten zituzten—. Eta natural etorri zen gainontzekoa: galdera bat aurrena, erantzun parea hurrena, azokak sortzen dituen zalantza eta kezken gainean ibili zituen Etxeberriak sei idazleak. Harritu ninduen gauza batek: denak zihoazela, ñabardurak ñabardura, norabide bertsuan. Handia izan zen kontsentsua: erdarazko produktuen presentziak, azoka erromeria, trantsakzio ekonomikorako bilgune bihurtu izanak berebiziko arazorik ez zuen planteatzen. Apalategik esana: eskertzen duela azokaren existentzia, besterik ez bada kontra egiteko —Cano, Rodriguez, Etxarteren abildade dialektikoen berri bagenuen; Apalategi izan zen gaueko sorpresa atsegina—. Azken batean, azokaren esperientzia idazleen ahotik entzuteko aukera izan zen. Saio txukuna, oso. Aste batzuk geldirik egon ondoren bueltatu da Sautrela. Berezi batekin, egia da, datorren urtarriletik izango du egiazko segida. Ea larunbatekoa bezalako mahai inguruak errepikatzen diren tarteka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.