–Egun on. Igerilekura sartu nahi nuke, mesedez.
–Egun on, bai; ekarri al duzu bazkide-txartela?
–Bai, hementxe dut.
–Ederki, baina... oker ez banabil, joan den astean ez zenuen ekarri. Are gehiago, txartelik gabe saiatu zinen sartzen.
–Bai, baina gaur ekarri dut, gogoeta sakona egin ondoren.
–Ez dakit, bada, nik halako jarraipena sumatzen dut txartelik gabe sartzen saiatu zen haren eta zure artean.
–Ez duzu ikusmen txarra, pertsona bera bainaiz.
–Bueno, tira, txartela ekarri duzu, baina iduritzen zait ez dakarzula bihotz garbia.
–Kontxo, igerilekuko barne-arauetan ez da deus ere aipatzen bihotz garbiaren gainean. Bazkide-txartela beharrezkoa dela, bertzerik ez, eta nik hementxe dakart. Hau guztia ez da sobera demokratikoa.
–Kontu teknikoak aipatuz ez duzu atea zabaltzea lortuko. Gainera, gure barne-arauak arras demokratikoak dira. Guk egin ditugu eta.
–Nola guk? Nork?
–Bada, guk, demokratok. Eta demokratok egiten duguna demokratikoa da. Ez dakit arrazoibidea ulertzen didazun.
–Nik uste nuen alderantziz zela; gauza demokratikoak eginez bihurtzen zarela demokrata, alegia.
–Maltzurkeriak erranez ere ez didazu atea irekiaraziko. Bertzalde, zu nudista zinen, ezta? Igerilekuan nudistendako belardi autonomo bat ezarri nahi zuten horietarik eta...
–Autonomoa ez, independentea, belardi independentea nahi nuen.
–Ikusten nola ez dakarzun bihotz garbia?
–Baina txartela badakart.
–Baietz, baietz, txartela badakarzu, baina, nik halako jarraipena sumatzen dut.
–Bada, begira, egia erran, nik ere aldatu gabeko jarrera batzuk ere sumatzen ditut.
–Banengoen, bada, ulertuko zenidala.
–Jexux!
Maratila
Igerilekuan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu