Joseba Izaga (Berango, Bizkaia, 1956) Boltxe Kolektiboko kidea da, eta LABeko ordezkaria Eusko Jaurlaritzan. Marxismoaren gaurkotasuna: krisia, kapitalismoa eta inperialismoa ulertzeko beharrezko tresna hitzaldia emango du gaur, 10:00etan, Altsasuko (Nafarroa) Iortia kultur etxean, Askapenak antolaturiko I. Formazio Mintegian.
«Marxek ez du jada balio, baina kapitalak biltzen jarraitzen du», esaten zuten, ironiaz, Berlingo harresia erori eta gutxira.
Marxek eta Engelsek iragarri zuten superprodukzio krisi bat etorriko zela, burgesiak dena hankaz gora jarri eta merkatuak apurtuko zituela. Ikusten ari gara betetzen ari dela haiek esan zutena. Gaur, argi dago kapitalismoa, sistema gisa, bukatuta dagoela. Ez dakigu zer etorriko den gero, baina ziur oso bortitza izango dela.
Bortitza, zein zentzutan?
II. Mundu Gerra 1929ko krisiaren ondorioa izan zen. Europa osoa eta Asia erdia suntsituta gainditu zen krisia. Modu batean edo bestean, beste liskar handi baten bezperan gaude. Gerra bat izango da urte batzuen barruan.
Zeinen artean?
Potentzia handiek beti indar apaleko gerrak erabili dituzte hasieran: Afganistan okupatzea, Irak, Libia. Baina badago beste liskar handi bat Txinaren, Europaren eta AEBen artean. Txinak gero eta indar handiagoa du Afrikan eta Hego Amerikan. Europan ere, eskaini zuten Greziaren kanpoko zorra euren gain hartzea. Ikusi beharko da Alemaniak, AEBek edo Ingalaterrak nola hartuko duten halako esku hartze bat, euren etxe nagusian. Errusia ere hor dago, Txinarekin ariketa militarrak egiten. Eta Hezbollahek Errusiako teknologiarekin lortu zuen Israel Libanotik botatzea. Ohartarazpen bat izan zen hori.
Esan dutenez, Europako leku askotan egoera iraultzaileak badaude, baina subjektu iraultzailerik ez.
Trotskik esaten zuen zuzendaritza iraultzaile baten faltan faxismoa nagusitzeko arriskua zegoela. Nik ez dut ametsik egiten. Egoera iraultzaile bat barik, miseria gorria dago, eta hor iraultzara edo kontrairaultzara joan gaitezke. Hor daude Greziako azken bozak. Espero dezagun ezkerrak buruarekin jokatzea eta herria antolatzea. Hala ez bada, jendea eskuin muturrera joango litzateke, oraintxe bertan. Garai beldurgarriak dira.
Panorama beltza margotzen duzu.
Beltza, bai. Azken batean, faxismoaren kolorea da.
Espainia zulora joango da gero?
Zalantzarik gabe. Arrisku saria 400 puntu pasatuz gero herrialdean esku hartuko zutela esaten zuten duela gutxi. Dagoeneko, 500 puntuen bueltan dago. PPk eta PSOEk agian plantak egiten jarraituko dute, esanez Madrilek agintzen jarraitzen duela. Durao Barrosok duela lauzpabost urte esan zuen EBk ezingo zuela demokrazia batasun osoan bermatu Europako herri batzuetan ez baziren betetzen Nazioarteko Diru Funtsaren aginduak.
Krisia, faxismoa, mundu gerra... 1936ra itzuliko gara Euskal Herrian?
Aukera bat dago Europan: batasunak jarraitzea, baina soilik ahalmen ekonomikoa duten herrialdeekin. Guk ahalmen ekonomikoa badugu; arazoa da zein estaturekin bizi garen.
Esaten ari zara EBk erabaki dezakeela Espainia joatea baina hor hobeto dabilen herrialde horrek batasunean jarraituko duela?
Baliteke. Ez dago Europa politikorik, Europa ekonomiko bat baizik, eta ekonomiak ez du bihotzik: negozioa dagoen lekuetan inbertitzen du. Beste aukera bat ere badago: Euskal Herriaren gehiengoa mobilizatzea bere etorkizunaren alde. Lehengoan, espainiazale sutsu batek Pernando Barrenari esan zion gero eta zailagoa zaiela euren jarrerari eustea inork ez duelako jarraitu nahi gerorik ez duen estatu batean. Abertzale ez diren pragmatikoei hala esan behar diegu: zilegi iruditzen zaizue guk atzera egitea Gaztela-Mantxan eta Valentzian egin dituzten gehiegikeriengatik?
Horri Esloveniako bidea esaten zaio.
Bai. ETAk asko lagundu du su-eten honekin, utzi duelako gizarteko indar askok elkarrekin lan egin dezaten. Espero dezagun horien helburua izatea Euskal Herria nazio bihurtzea. Horretan, bai: baikor naiz.
Joseba Izaga. Boltxe Kolektiboko kidea
«II. Mundu Gerraren pareko beste liskar handi baten bezperan gaude»
Faxismoa eta gatazka latzak daude zerumugan, baina Euskal Herrian independentzia bide esloveniarra zabal daiteke, Joseba Izaga sindikalistaren arabera. Altsasun azalduko du, Askapenaren eskutik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu