Zibergela

Ikaskuntza elektronikoa eta plataforma libreak

Ikaskuntza elektronikoa indarra hartzen ari da denboraren poderioz. Abantaila asko eskaintzen ditu irakaskuntza mota horrek, eta 'e-learning' plataformak instalatzeko doako zenbait aukera libre daude.

2011ko ekainaren 1a
00:00
Entzun
Ikaskuntza elektronikoa edo, esan ohi zaion bezala,e-learning indarra hartzen ari da denbora pasatu ahala. Abantaila handiak ditu, formazioa eman eta jaso ahal da distantzia eta denbora mugarik gabe. Izan ere, aukera paregabea da, adibidez, hainbat egoitza dituzten entitateentzat. Bestalde, ikaskuntza elektronikoa gehienbat era asinkrono batean ematen da. Irakasleek teoria, ariketak, galdetegiak, foroak, dokumentazioa edo bestelako edukiak sartuz joaten dira plataformara, eta ikasleek gaiak eginez joaten dira, bakoitza bere erritmoan. Hain zuzen ere, formazioa egin nahi dutenek baina formazio hori eguneroko lanarekin, familiarekin eta aparteko ardurekin bateratu behar dutenek zaila izaten dute ordu finko batzuk gordetzea euren prestakuntzarako. Ikaskuntza elektronikorako plataformen bitartez, ordea, askoz malguagoa da. Epeak izan ahal dira guztiz libreak, nork bere formazioan ahal duen heinean aurreratzeko. Halaber, epeak zehaztu arren, teoria, ariketak edo blokeak amaitzeko norberak antolatu ahal du bere denbora eta ematen dituen orduak epe horietara heltzeko. Txaten bitartez saio sinkronoak ere antolatu ahal dira, ordua jar daiteke guztion artean esperientziak edo zalantzak partekatzeko. Denbora mugaz eta muga fisikoez gain, gastuen aurrezkia ere aintzat hartu behar da, garraioa edo prestakuntza emateko lekuaren gastu moduan. E-learning plataformak ere gastu batzuk ekartzen ditu, martxan jartzeko eta mantentzeko.

Era berean, badago alde txarrak aurkitzen dizkiona ikaskuntza elektronikoari. Formazio prozesua bera eta harremana hotzagoa izan daiteke irakaslearekin zein ikaskideekin. Gainera, ikasleek ardura handiagoa behar dute beren burua ikastera behartzeko, eta irakasleek aparteko trebetasunak ere eduki behar dituzte ikasleak motibatzeko, zailtasunak gainditzeko eta zalantzak argitzeko.

Zer behar da 'e-learning' plataforma bat abiarazteko

Ikaskuntza elektronikorako plataforma bat abiarazteko, ostatze zerbitzu bat ezinbestekoa da, zeren eta Interneten kokatu beharko litzateke ikaskuntza elektronikorako plataforma hori. Bestalde, domeinu bat har daiteke ikaskuntza plataformarako edo domeinuren bat edukiz gero, domeinu horren azpidomeinu bat erabil daiteke. Beharbada, enpresa edo entitate batzuk nahiago dute euren intranetean instalatzea e-learning plataforma, soilik barne prestakuntzarako erabili nahi dutelako. Kasu horretan, ez litzateke beharrezkoa izango ez ostatze zerbitzua ez domeinua, sare lokalaren azpiegitura erabil liteke.

Bestalde, ikastaroak on line emateko aplikazio bat beharrezkoa da. Aplikazio horrek ikastaro bakoitzeko teoria, ariketak, gaiak edo ebaluazioak kudeatzeko aukera izan behar du. Horretaz aparte, multimedia edukiak, dokumentazioa, wikia, foroak, txata eta antzeko baliabideak oso ondo etor daitezke irakaskuntza on line ahalik eta osatuena izateko.

Ikastaroak zerbitzatzea eta kudeatzea ahalbidetzen duen aplikazio hori neurrira garatu ahal da behar bereziak egonez gero, edo aukeratu daiteke horretarako garatutako aplikazio libre bat.

Moodle

Ikaskuntza elektronikorako plataformak garatzeko zenbait aplikazio libre daude, baina ezagunena Moodle da. Gehien erabiltzen dena izateaz gain, gehien lokalizatutakoa ere bada, hain zuzen ere, 85 hizkuntzatara baino gehiagotara dago itzulita; euskarara, besteak beste. Moodle software librea da, eta dohainik deskargatu daiteke. Aplikazioa instalatu ahal izateko web zerbitzari bat behar da, PHP interpretatzailearekin eta datu base kudeatzaile batekin; MySQL erabiltzen da gehienetan. Erraz instalatzen da eskaintzen duen web instalatzailearen bitartez. Hau da aplikazioa deskargatzeko eta informazio gehiagorako webgunea: http://moodle.org/. Moodlek aukera anitz eta malgutasun handia eskaintzen du, eta Interneten dokumentazio asko aurki daiteke erabiltzen ikasteko.

Claroline

Claroline ez da Moodle bezain ezaguna, eta ez da hain osatua, baina oso erabilerraza da, eta oso aukera interesgarria izan daiteke Moodle bezain plataforma konplexua behar ez dutenentzat. Ez dago hainbeste hizkuntzatan, euskaraz ere ez dago, baina software librea denez, ez da zaila euskaratzea. Web instalatzaile baten bitartez instalatzen da, eta erabili ahal izateko web zerbitzari bat behar da; PHP eta MySQL ezinbestekoak dira. Proiektuaren webgunea: http://www.claroline.net.

Dokeos

Aurreko aplikazioez gain, Dokeos ere (http://dokeos.com/) izan daiteke aztertzeko beste aukera bat ikaskuntza plataforma bat abiarazteko. Oso diseinu erakargarria du, eta, aurreko kasuetan bezala, software librea eta doakoa da. PHP eta MySQL teknologiak ere erabiltzen ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.