Iñaki Gonzalez eta Arantza Lejarraga

"Ikasleak zoriontsu izatearen giltza konfiantzan dago"

Konfiantzaren pedagogia lantzen dute Arrasateko Arizmendi ikastetxean, eta hango irakasle Gonzalezek dio umeak oso gustura ikusten dituela, bakoitzak norbera izateko aukera duelako.

Arantza Lejarraga eta Iñaki Gonzalez, Arrasateko Arizmendi Ikastolako orientatzailea eta irakaslea. EHU
Olaia Iraola - 'Gipuzkoako Hitza'
2016ko uztailaren 11
16:49
Entzun

Konfiantzaren pedagogiaren inguruko hitzaldia eman dute Arrasateko Arizmendi ikastolako Haur Hezkuntzako irakasle Iñaki Gonzalezek eta Arantza Lejarraga orientatzaileak Donostian, Miramar jauregian. Eraldaketa pedagogikoaren inguruko jardunaldia izan zen, eta espazioaren eta denboraren kudeaketaren inguruan eta arazoak garaiz atzematearen inguruan aritu ziren hitz egiten, besteak beste.

Arizmendi ikastolako Erdu proiektuak konfiantzaren pedagogia du ardatz, eta bertan “ikastola osorako marko bat eratu” dutela azaldu du Gonzalezek.

Zer ez dago ondo pedagogia tradizionalean?

Historian, hezkuntzak bi ezaugarri nagusiri erantzun dio: matematikari eta linguistikari. Horietan bakarrik oinarritzen da pedagogia tradizionala. Gainera, pieza nagusia irakaslea da. Sistema tradizionalean, heldua da ulertzen duena, eta bestea ulertzen ez duena. Geletan banatzen da espazio fisikoa, eta hori ez da komenigarria. Izan ere, Haur Hezkuntzan dagoen haur batek mugimendua behar du, eta ezin da gela itxi batean mahaian eserita egon. Sistema tradizionalak ez du errespetatzen gizakia nolakoa den, ezta ikasle bakoitzaren erritmo biologikoa ere. Balio kognitiboak nahiz gaitasunak errespetatu behar ditu.

Zer falta da gaur egungo pedagogian?

Gure ibilbidean, gabeziak eduki genituen. Prozesua hasi genuenean, oztopoak identifikatuak genituen; adibidez: homogeneizazio modua. Irakasleek ekintza bat egin, eta besteek errepikatzen dute. Irakasleak behatzaile rola hartu behar du, eta gaitasunak identifikatu. Hala, bakoitzaren beharrak eta asetasunak atzeman eta horiei erantzuteko gai izango da.

Eta zer dago soberan?

Ezin dira pedagogia guztiak pakete batean sartu. Leku ezberdinetan esperientzia ezberdinak sortzen dira, eta, aldi berean, pedagogia aldatuz doa. Gizakiaren inguruko gauzak erakusten ari zaigu zientzia, eta horri erantzuten ez dionak arazo bat dauka pedagogian. Ez dio beharrei aurre ondo egiten, eta ez die erantzuten berak kudeatzen dituen pertsonen beharrei.

Zergatik konfiantza pedagogian?

Ikasleak zoriontsu izatearen giltza konfiantzan dago. Bakoitzak bere buruarengan konfiantza izateaz gain, besteengan izatea ezinbestekoa da, eta baita testuinguruan edukitzea ere. Hori lortzea da gure helburu nagusia eta oinarria. Beste guztia gero garatzen da.

Zein dira proposatzen duzuen eraldaketaren gakoak?

Batetik,uste dugu senak landu behar direla; hau da, bakoitzaren gaitasunak identifikatu eta horiek aintzat hartu behar dira. Bestetik, garrantzitsua da arazoak garaiz hautematea ere. Horrez gain, gurasoak bertan egotea ere positiboa da, bizipenak eurekin bizitzen baitituzte eta bertatik ikusten baitute euren seme alabak ondo daudela. Gizarteak ikastolara joan behar du, eta ikastolak gizartera. Guztien beharrak ez dira berdinak, baina ez dago zertan paretekin banatu.

Ikasleak orain gusturago ikusten al dituzu?

Ikastola gorputza mugimenduan jartzeko lekua da, pertsonekin egotekoa, bakarrik egotekoa edo lasai egotekoa. Nahi duena libre da bertan lagunekin jolasteko edo bakarrik egoteko. Oso gustura ikusten ditut nik; izan ere, bakoitzak norbera izateko aukera du. Ume bakoitza nolakoa den ikusten dugu, eta horri erantzuteko gaitasun handia daukagu. Esan beharra dago ikastolan eraldaketa martxan jarri genuenetik oldarkortasun maila jaitsi egin dela, eta azpimarragarria da hori.

Sormenak hezkuntzan nahiko leku baduela iruditzen al zaizu?

Ez. Lehengo modelo estetikoan homogeneotasuna dago, eta han sormenak ez dauka zentzurik. Guk alderantzizkoa planteatzen dugu; hau da, espazioa eta denbora kudeatuta bakoitzak bere sormena garatzea. Ezarri dugun eraldaketaren ondorioetako bat sormena eremu askotan eskaintzea da. Modelo tradizionalak alderantzizkoa egiten du. Sormena ezin da irakurketarekin, idazketarekin eta matematikarekin soilik landu; hortik haratago joan behar da.

Teknologia berriak hezkuntzan eragin handia ari dira izaten…

Teknologiak aukera ezberdinak eskaintzen ditu. Adin batzuetan, erraztasunak ematen ditu, eta besteetan, ez. Haur Hezkuntzaren kasuan, baliagarria da, eta gauza batzuk lantzeko balio du. Guk esperimentuari ematen diogu garrantzia, eta horrek pisu handiagoa eduki behar du teknologiak baino. Adinean aurrera joan ahala, teknologia baliagarriagoa da.

Nolako etorkizuna irudikatzen duzu pedagogian?

Uste dut duela hamabost urte baino hobeto gaudela. Errekurtso gutxiago edukitzeak, ordea, zaildu egiten du prozesua. Urteak aurrera joan ahala, pedagogikoki askoz ere gehiago jakingo dugu, baina prozesuan zer gertatuko den ez dakit; izan ere, zientziak datu berriak ekarriko ditu hemendik urte batzuetara. Ibilbidean pedagogikoki aktibo mantentzen eta eraldatzen jarraitzen badugu, pedagogiak hoberantz egingo du. Gure marko pedagogikoa lantzen badugu, ondo goaz, eta eredua egokia da. Egin egin behar dugu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.