Ikasle Abertzaleak taldeak gaur Amurrion (Araba) antolaturiko Ikasle Egunean, musikaz gozatzeko aukera egongo da. Doctor Deseo, Habeas Corpus, La Pulqueria, Ze Esatek! eta Gose arituko dira, 21:00etatik aurrera, estalpe erraldoian. Ekitaldiak, berriz, arratsaldean hasiko dira, 17:30ean, hezkuntza sistema nazionala eskatzeko manifestazioarekin.
Doctor Deseoko bilbotarrak hogei urte baino gehiago daramatzate musika munduan. Hamabi disko kaleratu ditu guztira; aurten azkenekoa: Deseo cartografía imposible. Habeas Corpus taldekoak ere beteranoak dira. Metala, hip hopa, punka eta hardcorea nahasten dituzte. Iaz, Sex Pistols, El Corazon del Sapo, Motorhead eta U2ren kanten bertsioz beteriko diskoa argitaratu zuten. Valentziako La Pulqueria taldeak rocka eta Mexikoko herri musika nahasten ditu, ikusleak dantzan jartzeko helburuarekin. Ze Esatek! taldeak bi abeslari eta zortzi musikari jartzen ditu agertokian parrandarako musika egiten. Izen bereko diskoa argitaratu dute aurten. 2009an ezagunak egin ziren Maite zaitut Miren Azkarate kantuarekin. Gose taldeak Kurdistaneraino ere eraman du trikitiaren eta elektronikaren nahasketa interesgarria. Euskal Herriko taldeetan aktiboenetako bat da Ines Osinagaren hirukotea.
IKASLE EGUNA 2010
Kontzertua. Gaur, 21:00etan, Amurrion, estalpe erraldoian.
Ikasleen musika jaia Amurrion
Doctor Deseo, Habeas Corpus, La Pulqueria, Ze Esatek! eta Gose taldeak arituko dira Ikasle Egunaren harira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu