Ikastolen historiaren zatia

Interneten eskura dago 'Se prohibe la palabra, Errepublikako Lizarrako Ikastola' dokumentala. Bisita asko jasotzen ari da, eta egileak emanaldi asko egiten ari dira.

2010eko urriaren 26a
00:00
Entzun
Gaur egun milaka haur eta gazte joaten dira ikastolara, euskaraz ikasi eta euskal kulturaren oinarriak ezagutzera, besteak beste. Ezaguna da 1970eko hamarkadan ikastolen mugimenduak izan zuen indarra. Baina ordukoa ez zen lehenengo saioa izan. Espainiako Errepublikaren garaian ikastola batzuk sortzea lortu baitzen. Hain justu, Pello Etxaniz Lizarrako Ikastolako irakasleak eta Ricardo Galdeano Lizarrako Ikastolako ikasle ohiak 36ko gerra dela-eta itxi zuten ikastolaren inguruko dokumentala argitaratu zuten joan den urteko abenduan. Duela hilabete inguru, Interneten jartzeaerabaki zuten. Se prohibe la palabra, Errepublikako Lizarrako Ikastola izena du, eta arrakasta handia izaten ari da Lizarra inguruan, baita Euskal Herrian ere.

Lizarrako Golem zineman aurkeztu zuten, abenduaren 18an. Arrakasta handia izan zuen, izan ere, aretorik handiena lepo bete zen, Pello Etxanizen esanetan. Lizarra ingurukoentzat eta batez ere umetan ikastola hartan ibili ziren adineko jendearentzat «oso hunkigarria» izan zela dio. Oso gustura hartu zuten parte, eta beraientzat, hainbeste urtean isilik egon ondoren, aitormen bat izan dela ikusten du Etxanizek. Otsailean DVDa kaleratu zuten. Jende asko ari da sarearen bitartez dokumentala ikusten.

Oraingo helburua zabaltzea da

Ikastola sortzeko lehenengo saio hura bertan behera geratu zen. Bigarrengoa aurrera ateratzerakoan garrantzia izan zuen, ordea, Etxanizen esanetan. Bideoaren helburua, beraz, zenbaterainoko garrantzia izan zuen erakustea da. «Ingurukoentzat hurbileko zerbait da, baina Euskal Herri osoan antzeko istorioak izan zirenez, jendeak ulertzen du, eta gustatzen zaio». Hasierako helburuak bete dituztelakoan daude, eta orain zabaltzea nahi dute. Horretarako, «hara eta hona» ibiltzen dira, bideoa erakutsi eta azalpenak emateko. «Gustatu egiten zaigu, eta horregatik joaten gara». Datorren hilaren 12an Iruñera joango dira, eta 26an, berriz, Garesera (Nafarroa). Gehiago ere egingo dituzte, baina oraindik ez dago egunik zehaztuta.

Ricardo Galdeanok lehenagotik ere eginak ditu dokumental batzuk aurretik; Etxanizek, berriz, lehenengo aldia izan du. Ondo konpondu zirela-eta, beste zerbait egitekotan dira, baina ez dute erabaki zeren ingurukoa izango den. Iruñeko XI. Zinemaldian, balio bisuala eta Educatif sariak jaso zituen.

Gaur egungo ikastolen egoeraren inguruan, Pello Etxanizek garbi dauka errepublika garaian baino indar handiagoarekin daudela. 1930eko hamarkadan, hiru ikastola zeuden Nafarroan: Iruñean, Baztanen eta Lizarran. Gaur egun gehiago dira, eta Tuteraraino ere iritsi direla azpimarratu du. Bestalde, hasierakoek urte gutxi izan zituzten garatzeko, falangistek eragindako errepresioagatik. Hala ere, gaur egungo ikastolen egoera nahiko zintzilik dagoela dio Etxanizek. «Ez baitago normalizatua, eta egindako bidean atzera egitea nahiko erraza da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.