Kalabaza krema otarrainskekin

Iker Markinez.
2010eko abenduaren 4a
00:00
Entzun
OSAGAIAK

4 pertsonarentzako osagaiak:

Kg 1 kalabaza

8 otarrainska handi

Basokada bat esnegain

2 gaztatxo

Oliba olio txorrotada bat

Gatza

Kalabaza krema otarrainskekin

Lehen pausoan, otarrainskak zuritu eta burua kenduko diegu. Azal eta buruekin salda bat egingo dugu. Horretarako, lapiko bat urez bete, berotzen jarri, eta bertan otarrainsken azal eta buruak bost minutuz egosiko ditugu. Ondoren, irazi eta gorde.

Kalabazari azala eta haziak ondo kendu eta pusketa handitan zatituko dugu. Lapiko batean jarri. Bertara aurrez prestaturiko salda gehitu, baita esnegain basokada bat eta beste basokada bat ur ere. Gatz pittin bat bota, eta su bizian 25 bat minutuz irakingo dugu. Sutatik kendu eta oliba olio txorrotada bat eta bi gaztatxoak gehituko ditugu lapikora. Irabiagailuaren laguntzaz krema lortu arte ondo irabiatu. Kremaren lodieraren arabera beharrezkoa ikusten badugu, ur pixka bat gehiago bota.

Ondoren, otarrainskak prestatuko ditugu. Horiek erditik moztu, baina ez erabat. Isats aldean moztu gabeko pusketatxo bat utzi. Jarraian zartagin batean oliba olio pixka bat bota eta berotzen jarri. Bertan eta su bizian denbora gutxiz frijitu otarrainskak.

Mahaira zerbitzatzeko orduan, 4 kopatxotan banatu krema eta gainaldean otarrainskak ipini, ukitu landu bat emanez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.