Ikonoklastia saritzen da

Madrilen jokatzen den Mulafest lehiaketako lehenengo saria irabazi du Jose Luis Sanchez moto egile sestaoarrak, ibilgailu japoniar eta estatubatuarren osagaiak nahastuz.

Jose Luis Sanchez, berak egindako moto sarituarekin. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Barakaldo
2012ko abuztuaren 1a
00:00
Entzun
Motozaleen mundua japoniar motoen jarraitzaileen eta Harley zaleen artean banatzen da. Bakoitzak bere ibilgailu maiteen ezaugarriak sutsuki defendatu ohi ditu, eta makinen osagaiak nahastea heresiatzat hartuko luke batek baino gehiagok. Bada, horixe eginda lortu du Jose Luis Sanchez moto egile sestaoarrak Madrileko Ifema azoka gunean (Espainia) egindako Mulafest lehiaketako lehen saria irabaztea. Txapelketara aurkeztutako makinak duen Suzuki motorrari Harley Davidson auto abiadura ontzia eta kanpotik joaten den bat-bateko lozagia erantsi dizkio. «Nik egin dudana bi taldeak izorratzea da. Horregatik, motoak Heresia du izena», adierazi du Sanchezek. «Bilbotarkeria bat da, oso-osorik».

Lehiaketa mota horietara aurkezten diren motoak eredu esklusiboak dira: ez dira seriean egindako makinen eraldaketak, muntatze hutsetik hasten da, eta piezak sortzaile bakoitzak diseinatu eta eraikitzen ditu. Izan ere, Sanchezek motoak fabrikatzeko baimena 2002an lortu zuen; gaur egun, No Stock Bikes marka erabilita saltzen ditu Balmasedako tailerrean sortzen dituen ibilgailuak. Heresia motoa erakusketan lehiatzeko espresuki sortu zuen, eta berez ezingo luke errepidetik harekin ibili. «Industrialde batean probatu dut, eta ondo funtzionatzen du, baina etorkizunean ezingo da ezer praktikorako erabili».

Sanchezek azaldu duenez, «aspalditik» zuen motoa egiteko asmoa, kutsu autobiografikoa baitu haren diseinuak. «Buruan nuen diseinura gehien gerturatzen zena BMX bizikleta bat zen, eta ni urte askotan ibili naiz diziplina horretan lehiatzen. Beraz, mundu horri omenaldi bat egiteko parada ona zela otu zitzaidan».

Euskal Herrian makina-tresnarekin lotutako industria oso garatuta dago, eta horrek piezak egiteko aukera ematen du, Sanchezek dioenez. Hala ere, aitortu du sarritan moto egileek katalogoetako piezak erabili «beste erremediorik» ez dutela. «Pieza bakarreko seriea egiteko fresatzailea erabiltzea oso garestia da». Dena den, bere kabuz «ahalik eta pieza gehien» egiten saiatzen da. «Asmatuta dagoena iraultzea edo,behintzat, pixka bat harago joatea nahi dugu, teknika eta estetikaren alditik».

Ministerioarekin suminduta

Alta, araudiak mugatzen du egileen sormena. «Espainiak oso neurri murriztaileak ditu. Industria Ministerioak Europa osoan dauden araurik zorrotzenak ipini ditu». Ministerioaren jardunbidearekin zeharo suminduta dago Sanchez: «2011n Ibilgailuen Garrantzizko Erreformen legea aldatu zuen, eta lanpostu asko pikutara joan dira horrekin, orain askoz zailagoa delako ibilgailuetan egindako eraldaketak legeztatzea».

Bezeroei dagokionez, Sanchezek argi dauka «kontzesionarioan ez dagoen zerbait» eskatzen diotela, baina hori ere ez da batere erraza. «Film batean ikusi duten moto bat idealizaturik daukate askotan, Easy Rider-eko Chopper ereduarekin gertatu ohi den legez. Hori ez da merkatuan existitzen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.