Ikus-entzule datuei eustea kostatzen ari zaio azkeneko hilabeteetan ETBri

2007. urtean %3,7ko betaz besteko audientzia kuota izan du ETB1ek, eta %14,8koa ETB2k

urtzi urkizu
2008ko urtarrilaren 3a
00:00
Entzun
ETBko bi kateen ikus-entzule datuak txikiagoak izan dira 2007. urtean, aurreko urteetan baino. Horren arrazoietako bat kate berrien sorreran eta pixkanaka gertatzen ari den audientzien fragmentazioan dago. Dena den, ETBri ikus-entzule datuei eustea dezente kostatzen ari zaiola nabari da.

Euskarazko kateak %3,7ko batez besteko audientzia kuota izan du 2007. urtean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta 2004. urtean %5,3ko batez bestekoa zuen. 2005ean %5era jaitsi zen datua, eta 2006an %4,4ra. Iazko urtea ETB1ek %3,6ko kuotarekin hasi zuen urtarrilean. Eta gorabehera batzuen ostean, udako hilabeteak izan zituen onenak (%4tik gora). Hilabeterik txarrena urria izan zuen (%3,1), eta ordutik apur bat gora egin du: abenduan %3,7. Aipatu beharra dago 2007/2008 denboraldian Espainiako Ligako Lehen Mailako partiden eskubideak galdu dituela ETBk.

ETB2k %14,8ko batez besteko audientzia izan du pasa den urtean, 2005ean baino hiru puntu eta sei hamarreko gutxiago. Azkeneko urtean jaitsiera puntu batekoa izan da. 2007ko bilakaerari dagokionez, %15etik gorako kuotarekin ibili zen lehen hiruhilekoan, baina ondoren hortik behera ibili da (abuztuan salbu, %15,8).

Bestetik, Gabon zaharrean Noaoa! saioko aktoreek ETB1en egindako Hodeiketa 2008 programak %9,1eko share-a izan zuen (aurreko urtean %10,1). Vaya semanita-ko aktoreek egindako Gabon zaharreko programak, aldiz, %20,7koa (iaz %17). Urteberri egunean ETB2 izan zen katerik ikusiena (%19,3) eta ETB1ek %5,4ko batez bestekoa izan zuen.



TELE5 JAUN ETA JABE, ALDE HANDIAREKIN. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan Tele5 izan da alde handiarekin telebista katerik ikusiena 2007. urtean (%24,5). Bigarren tokian Antena3 (%15,5) gelditu da. Hirugarrenean ETB2, eta laugarrenean TVE1 (%14,2). Bederatzi urte dira Tele5 liderra dela Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Espainian ere Tele5 izan da liderra, laugarren urtez jarraian (%20,3), Antena3en (%17,4) eta TVE1en (%17,2) aurretik. Horren erakusgarri, 2007an kiroletik aparteko hamar emanaldi ikusienetatik bederatzi Tele5renak izan direla: CSI, Aida, Operación Triunfo, Los Serrano, Escenas de matrimonio, Hospital Central, Cámera Café... Zerrenda horretan TVE1eko Cuéntame telesaila agertzen da zazpigarren tokian, Tele5koa ez den saio bakarra. Nabarmentzekoa da, era berean, prime-time ordutegian (20:30etik gauerdira) Tele5k lau puntu ateratzen dizkiela Antena3 eta TVE1 kateei. Target komertziala delakoan (13-59 urte bitarteko ikusleak,erdiko eta goiko klaseetakoak, 10.000 biztanletik gorako herrietan) Tele5k %22,5eko batez besteko audientzia du egun osoan, eta %23,5ekoa prime-time ordutegian.

2007. urtean ikus-entzule gehien izan zuen emanaldia Txapeldunen Ligako Liverpool-Bartzelona partida izan zen, Antena3en: 8.627.000 ikus-entzule (%45,7ko share-a). 1 Formulako Brasilgo Sari Nagusia 8.438.000 ikus-entzulek jarraitu zuten (%57).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.