Jai giroan murgildua da Lakuntza, eta, gaur, festen bigarren eguna ospatuko dute. Atzo hasi ziren Lakuntzako festak. Txupinazoa 12:00etan izan zen, eta harekin batean lehertu zen festa; ekitaldiz betetako beste bost egun geratzen dira oraindik.
Gaur, gaiteroen diana izango da eguneko lehenengo ekitaldia, 11:30ean. Ondoren, meza egingo dute, 12:30ean, eta, horren ostean, hamaiketakoa dastatu ahal izango dute lakuntzarrek Pertza elkartearen eskutik.
Hamaiketakoarekin batera, Demode Quartet taldeak musika ikuskizun alaia emango du, 13:00etan.
Arratsaldean, berriz, La Farola kale ikuskizuna izango da, 19:00etan. Ordubete geroago, tripa betetzeko aukera izango dute lakuntzarrek auzatearekin, eta, aldi berean, buruhandiak ibiliko dira Lakuntzako kaleetan. 20:00etan, kontzentrazioa egingo dute.
Atzo bezala, gaur ere plazako dantzaldia bi saiotan banatuko da: 20:00etatik 22:00etara bitartean egingo dute lehenengoa, eta 00:00etatik aurrera, bigarrena. Gaurkoan, ordea, Gaubela taldea arduratuko da lakuntzarrakdantzan jartzeaz. Atzo bezala, gaur ere, zezensuzkoa ibiliko da gora eta behera korrikalarien atzetik.
Egitarau ofizialetik kanpora ere bada ekimen gehiago Lakuntzako festetan.
Gazteak ere martxan
Izan ere, herriko gazteek ere parte hartzen dute festak antolatzen. Festen azken egunean, ostegunean, gazte eguna ospatuko dute lakuntzarrek, eta horren antolaketa 20 urteko adinkideen ardura izaten da. Egun horretan gazteen eguna izanik, Biltoki gaztetxekoek prestatu beharko dute auzatea.
Biltoki gaztetxekoek festetarako egitarau berezirik prestatzen ez badute ere, egun bat aukeratu eta ekimen alternatiboak antolatzen dituzte beren kabuz.
Aurten astelehena aukeratu dute: bihar izango da, beraz, haurren egunarekin batera. Biltokin bost urte inguru daramatzan Garazi Garinek azaldu duenez, egun hori ez da azaltzen festen egitarau ofizialean, baina egitarau berezia osatzen dute gaztetxean: «Bazkaria, gurdirock eta kontzertuak antolatu ohi ditugu».
Gaztetxean antolatzen dituzten ekimenez gain, azken urteetan udaletxearekin lan egin dute festak antolatzen. Izan ere, duela pare bat urte arte, jende gutxi zegoen gaztetxean, eta horrek «mugatu» egiten zituen. Nolanahi ere, orain jende berria sartu da: «40-50 gazte inguru gabiltza gaur egun, eta beste ilusio batekin bizi ditugu festak». Garinen ustez, herriko jaietan «ezer berezirik» egon ez arren, gogotsu hartu dituzte festak gaztetxeko kideek.
Belaunaldiz belaunaldi, herriko gazteak bildu izan ditu, hain zuzen ere, gaztetxeak. Aitortu du, halaber, lehen «ekimen alternatibo gehiago» antolatzen zituztelaeta orain bakarra antolatzen dutela. Hala eta guztiz ere,festetan ezezik, urtean osoan ere hainbat ekimen antolatzensaiatzen dira: «Gaztetxearen eguna egiten dugu udan, Olentzero eguna ere prestatzen dugu, eta Pertza egunean ere guri tokatzen zaigu San Migelen dantzatzea».
Jaiak. Lakuntza
Ikuskizunak nonahi
Festen bigarren eguna ospatuko dute gaur Lakuntzan: meza, kale ikuskizuna eta Gaubelak eskainitako dantzaldia izango diraOstegunera arte iraungo dute festek, eta guztientzako egitaraua prestatu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu