Nafarroako gazteluak izan dira Iñaki Sagredo (Iruñea, 1967) historialariren ikerketaren alor nagusia. Hainbat liburu kaleratu ditu haiei buruz. Iruñeko harresiak ere aztertuak ditu, eta kritikoa da Nafarroako Gobernuak eta Iruñeko Udalak egin duten lanarekin. Ikuspegi historikoa da faltan botatzen duena.
Zer moduzkoa iruditzen zaizu harresien berreskurapena?
Teknikoki ongi egina dago. Ondarea zaintzea eta berreskuratzea oso ongi dago, baina lehenago ere egin zitekeen. Inbertsio handirik egin gabe lehenago ere garbi zezaketen harresiak kaltetzen dituen begetazioa, adibidez. Baina larriena ez da hori, baizik eta zer zaindu eta zer ez erabakitzerakoan izan diren irizpideak. Badago utzikeria bat Erdi Aroko hondakinekiko. XVI., XVII, eta XIX. mendeko harresien inguruan, aldiz, hitzaldiak antolatzen dituzte, mimoz jokatzen dute, bisitak antolatzen dira... Nafarroaren konkistaren ondorengoekin hori da jarrera. Konkistaren aurreko hondakinekin bestela gertatzen da, ordea. Ez dago XIII., XIV. eta XV. mendeetako harresien hondarrak hartzen dituen gune bat ere. Ezer ere ez.
Eta badago erakusteko besteko hondakinik?
Hondakinak badaude. Hori ez litzateke arazo. Nafarroako Gobernuak ondarearen kasuan ikuspegi turistikoa da, batez ere, zaintzen duena, eta ez hainbeste historikoa. Hari buruzko errespeturik ez dago. Oso ongi daude egunotan antolatu dituzten hitzaldiak, jendeak jakin dezan harresiak nondik datozen, baina non zeuden egun harresien alde ageri diren agintari horiek, Gazteluko Plazan aparkalekua egitean, harresi zaharraren hondakinak botatzen zirenean? Orduan ez zegoen haren aurkako ahotsik instituzio eta unibertsitateetan. Hori botatzen dut faltan.
Zer egin behar litzateke, beraz, Iruñean, zure ustez?
Arkitektoak lan ona egiten ari direla uste dut. Inbertsio orok behar du atzean mantenu programa bat ere, ordea. Zer pasatuko da hemendik 15 urtera? Zer egingo da berriz ere agertuko diren belar eta grafittiekin? Garrantzitsua ez da akzio handiak egitea prentsan agertzeko, baizik eta denborak aurrera egin ahala ere ondarea mantentzea.
Hiritarren eta harresien arteko harremana da kongresu horietan lantzen ari diren beste gaietariko bat.
XVI. mendeko dokumentuak oso argigarriak dira. Konkistaren ondoren, erregeordeak iruindarren mesfidati ziren. Ziudadelaren aurretik egin zuten Santiagoko gaztelua, esaterako, gehiago eraiki zuten bertakoez babesteko kanpokoez babesteko baino. Oso garrantzitsua da horrelakoak jakitea. Europan konkistarena nahikoa aitzakia izango litzateke horri buruzko museo eta ikerketak egiteko. Hemen, ordea, erabatekoa da utzikeria. Isildu egin nahi dute 1512an gertatu zena. Haren urteurrena bada nahikoa motibo Nafarroako Erresumaren defentsan erabili ziren Erdi Aroko harresiei buruzko arreta pizteko.
Iñaki Sagredo. Historialaria
«Ikuspegi turistikoa da Gobernuak zaindu duena, ez historikoa»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu