Zer nolako eguraldi kaxkarra!» esaldiak ondo laburtzen du Gasteizek esnatzerako orduan atzo zuen pentsamendu zabalduena. Hodei ilunekin, hezetasunarekin, eta euriarekin agurtu zuen hiria goizak, Blusa eta Nesken egun handian. Baina zerumuga pattal ikusteak ez zuen festarako gogoa apaldu, eta lehen ordutik milaka lagunek gozatu zuten jaietako egitaraua osatzen zuten ekitalditan.
Eguneko protagonistak 23 koadriletako neskak eta blusak zirela argi geratu zen hasieratik. Hildako kideak omentzeko Santa Isabel hilerrian egindako ekitaldi xumearen ondotik, asto lasterketa tradizionalaren txanda iritsi zen, Andra Mari Zuriaren plazan. Ikusle asko bildu zituen lehiak, eta lehen aldiz, bi neska aritu ziren zaldizkoen artean, Txolintxo eta Bainas koadrilen ordezkari. Ohi bezala, epikoa eta polemikoa izan zen lasterketa. Azkenean, Belakiak koadrilako zaldikoak lortu zuen helmuga lehen tokian zeharkatzea, bidean astotik pare bat aldiz erorita ere. Iragarritako garaipena omen, aldez aurretik esana zuelako animalia «jenio handikoa» ikusten zuela.
Bitartean, bestelako animaliak ikusi nahi zutenen biltoki bihurtu zen unibertsitate campuseko ingurunea. Bi urtez ganaduzaleen eta aldundiaren arteko akordio faltak nekazaritza eta abeltzaintza azoka zapuztu zuen. Atzo, kokapen berri batekin, ongietorri beroa eman zioten herritarrek berriro azokari. Ikusgai, Arabako arraza nagusietako abelburuak. Herrialdeko txakolina eta beste produktu batzuk dastatzeko aukera aparta, gainera.
Blusekin eta neskekin batera, uztailaren 25eko bereizgarri nagusia berakatzak dira. Aterkia gonbidatu ezatsegina izan bazen ere, gasteiztarrek ez zioten hutsik egin aldapako merkatuari, euripean ere traturik onena bilatzeko asmoz. «Hurbildu hona, nireak merke-merkeak dira», errepikatzen zuten saltzaile ugarik, asko begiratu bai, baina erosteko gogo handirik erakusten ez zuten bezeroak limurtzeko.
Egia esan, nahi adinako eskaintza eskura zuen erosleak. Sei eurotan berakatz poltsa txikiak, eta ohiko txirikordak — 50 berakatz buru edo gehiago — hamabi eta hogei euro bitartean saldu ziren kasu gehienetan. Posible zen ere kiloka erostea. Ekoizpen ekologikoa zuen berakatza, esaterako, 4,5 eurotan saldu zen kilo bakoitzeko.
Krisiaren eraginez edo, salneurrian ez zen igoerarik jazo. Egindako negozioari buruz, ohi bezala, iritzi ezberdinak. Salmenta parekoa ikusten zuten batzuek, eta ezkorragoak ziren beste batzuk. Urte osoan janaria prestatu ahal izateko produktua bizkarrean eramatea erabaki zuten milaka lagunek, urteroko usadioak agintzen duen gisara.
Zezenetan, sarrera erdia
Tarteka eguzki izpiren bat ikusi izanak arratsalderako gogoa berpiztu zuen. Zezenetarako joan-etorriak milaka blusa eta neska elkartu zituen, txaranga eta txistuen musikak lagundutako desfile koloretsuan. Gasteizko Jaiak amaitu zirenetik ia urtebete igaro da, eta bazen garaia jantziei eta abarkei hautsa astintzeko.
Erabilera askotarako zezen plaza erdizka baino ez zen bete, zabaldu zenetik ia beti gertatu den gisara. Morante de la Puebla toreatzaile ezagunaren lehen zezena erretiratu zuen plazako presidenteak, txistu artean. Ikusle asko Hermoso de Mendoza burtzikari nafarra ikusteko gogoz hurbildu ziren zezenketara.
Ilundu arte festa eguna baliatu nahi izan zuen hiriak. Andra Mari Zuriaren jaietarako entrenamendu ezin hobea izan zen atzokoa neska, blusa eta gasteiztar ororentzat. Orain, hamar egunez itxaron behar Zeledon jaitsi eta parranda berriro hasteko.
Ilundu ezineko festa giroa
Eguraldi traketsarekin esnatzeak ez zuen gasteiztarren animoa apaldu, eta milaka lagunek gozatu zuten Blusen eta Nesken eguneko ekitaldiekin, Andra Mari Zuriaren jaietarako entsegu nagusia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu