Ilusioa, sudurrez sudur

Euskal aktore eta antzerkizaleek bat egin dute BERRIAren 'Zure ziztada behar dugu' kanpainarekin. Bideo bat prestatu dute, eta Martin Ugalde kultur parkean grabatu dute.

Maiatzaren 19an grabatutako bideoan parte hartu zuten aktore eta BERRIAko langileek. BERRIA.
Maialen Unanue
2012ko urriaren 9a
00:00
Entzun
Euskal Aktoreen Batasunak eta Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteak bat egin dute BERRIAren Zure ziztada behar dugu kanpainarekin. Sudur gorriak jantzi, eta bideo bat prestatu dute horretarako, Andoaingo Katramila antzerki taldearekin batera.

BERRIAren Andoaingo erredakzioa (Gipuzkoa) behin-behineko agertoki bihurtu zen joan den maiatzaren 19an.Euskal aktoreek, euren atxikimendua erakusteko, egunero BERRIAko langileen jarduna antzeztu zuten. Sudur gorriak jantzi zituzten, eguneroko lanean bertako langileek jantzia duten gogoaren ikur: «Euskaraz bizitzeko ilusioa gara».

Hainbat lagunek kolaboratu dute bideoaren prestakuntzan. Mailu Arruti Katramila taldeko kideak egin du gidoia, Jon Maia bertsolariak ahotsa eman dio, eta Pixel Ikus-entzunezko Ekoizpenak enpresak grabatu eta editatu ditu jasotako irudiak, Juantxo Sardonen ardurapean. Bideoan, berriz, aktoreez gain, Pirritx, Porrotx eta Marimotots, eta BERRIA Taldeko hainbat lagunek parte hartu dute.

Aurretik, euskalgintzako hainbat eragilek eman dute euren ziztada: horien artean, bertsolari, artista, idazle eta musikariek. Bakoitzak bere alorrean, indibidualki nahiz kolektiboki, atxikimendua emateko bere modua landu du. Bertsolariek, adibidez, bertso bana sortu dute. Artistek eta musikariek euren artelan edo abestiren bat eskaini zuten. ePub formatuko ipuin sorta bat osatu zuten idazleek. Horiek guztiak Berria.info webgunean aurki daitezke.

Erlauntza handituz

Iazko azaroan abiatu zen Zure ziztada behar dugu kanpaina, BERRIAlagunen komunitatea osatzeko helburuarekin. Ordutik, 3.700 pertsona baino gehiagok eman dute euren ziztada. Helburua komunitate sendo bat osatzea da, BERRIA Taldearen proiektuak sostengatuko dituena; partaide guztien ekarpenak garrantzitsuak dira etorkizunera begira. Nork bere gaitasunen araberako ekarpena egin dezake. Ekarpen ekonomikoa ez ezik, egungo egoera zaila gainditzeko bidean eman daitezkeen pausoak definitzeko ideiak ere plantea ditzakete. Izan ere, BERRIAlagunek hedabide taldearen jarduera eta hartutako erabakien informazio osoa jasotzeko eskubidea dute, baita batzarretara joatekoa ere.

Egunkari bat osatzea ez baita kazetarien lana soilik, jende askoren lana etababesa behar du.

Bideoa ikusi nahi izanez gero, bisitatu Berriaren webgunea:

www.berria.info/berriatb
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.