Badatozela!». Horixe entzuten zen behin eta berriz atzo Bilboko Kale Nagusian haurren ahotan. Izan ere, haurrak Errege Magoekin bildu baitziren urtero bezala. Gazte asko bildu ziren bertan, eta gehienen aurpegian irribarrea eta batez ere urduritasuna antzeman zitekeen.
Umeeen txalo zaparrada artean eta 18:00 jo berritan iritsi ziren irteera puntura hiru erregeak. Ordurako, lau errege postari haurren gutunak jaso eta jaso zebiltzan. Gurasoek, berriz, egun gogoangarri hori gogoan izateko, argazkiak ateraz egin zieten ongietorria erregeei.
Aurtengo Bilboko desfileak klima aldaketa zuen ardatz, eta karrozen koloreetan erraz nabari zitekeen, baita inguran zituzten animalietan ere. Aurrenekoan, Meltxor zihoan, eta hura aipatzen zuten gehien haurrek. Haren soinekoa urdina zen. Erregearen inguru guztia, berriz, zuria zen, poloak irudikatzen baitzituen. Meltxorri laguntzen zioten abereak pinguinoa, hartza eta itsas zakurra ziren.
Bigarren karrozan, gorriz jantzita zihoan Gaspar. Hark basamortua irudikatzen zuen karrozan egin zuen ibilbidea, gameluz, palmondoz eta kaktusez inguratuta. Azken tokian, Baltasar ikus zitekeen. Hirugarren erregearen jantzia zuria zen. Baina apaingarri beltzak ere bazituen. Baltasar oihan baten gainean eserita zegoen. Aldamenean zituen animaliak tximinoa eta lehoia ziren.
Kale Nagusia eta Buenos Aireszeharkatu ondoren, ordu eta erdiren buruan udaletxe atarian zeuden. Ordurako, haur asko etxera bidean ziren. Aurrena afaldu eta ondoren zapata garbitu eta leihoan jarriz, esnatzean erregeek zer ekarri duten ikusteko desiratzen.
Donostian ere antzeko giroa izan zen, baina haize ufadei eta olatu handiei aurre egin behar izan zieten Errege Magoek Donostiara iristeko. Itsasotik sartu ziren hiriburura, portuko lehen kai muturretik, agindutako orduan, 14:50ean. Hogei minutu lehenagorako ingurua jendez gainezka zegoen, ordea, eguraldi desatseginak etxerako gonbita egiten zuen arren. Haurrek eta gurasoek urduri itxaron zuten, itsaso zakarrari begira. Halako batean, agertu ziren. Opariz betetako ontzi batean etorri ziren hiru erregeak, atzetik giroa berotzen txaranga zutela. Haizeak ere ez zuen esku hutsik geratu nahi, eta batetik bestera mugitzen zituen opari paketeak.
Portutik udaletxerako bidea haurrak agurtuz egin zuten hiru Errege Magoek. Zenbait guraso haurrak bezain hunkituta zeuden, ibilbidean argazkiak atera eta atera. Musuak, besarkadak, eta gozokiak nonahi. Lurrera begira, lotsati hartu zizkion gozokiak Meltxorri Aingeru Odriozolak. «Baserritar jantzia eskatu dut», esan zuen. Ume askok eskutitza eman zieten erregeei eskura, eta txupetea zorrora bota zuenik ere bada. Ikusleen artean, Bordeletik (Frantzia) Saint Gabriel eskolatik etorritako talde handi bat zegoen, frantseses jo eta su. «Mezu elektronikoak ere irakur itzazue!», esan zion Gasparri Eva Luisek. Birziklatu egin behar dela eta, aurten Iker Uzkiano semeak Internetez bidali du gutuna.
Udaletxearen atari ingurura iristerako hiru Errege Magoak izar bilakatu ziren. Zinemaldiko aktoreen pare, alfonbra gorritik joango balira bezala joan ziren, jende andanaren erditik, eta txarangaren doinu alaiek ez zituzten alde bateko eta besteko oihuak estaltzen. Zirrara eta ilusioa nabari zen haurren begietan.
Behin ibilbidea amaituta, eskutitza ematerik izan ez zutenek udaletxe barruan izan zuten bigarren aukera. Hiru erregeak gutunen zain egon ziren euren tronuetan eserita. Askotariko eskaerak egin zizkieten haurrek; ilaran oparien zerrenda behatzekin eta isilpean errepasatzen ari ziren zenbait, eta Olentzero gustukoago duen neskatila bat ere hurbildu zitzaien. «Gure laguna da Olentzero», erantzun zion Gasparrek.
«Lan polita eta txukuna egingo dugu gauean. Haurrek ez dute kezkatu behar», aitortu zuen Gasparrek. Etxeetatik pasatu aurretik, hala ere, desfile ikusgarri batean parte hartu zuten arratsaldean Donostian. Iruñea eta Gasteizko hirigunean egindakoek ere magia zabaldu zuten kalean, eta jendetza bildu zen.
Ezarian. Errege Magoak
Ilusioz betetako gau magikoa
Euskal Herriko txoko ugaritara iritsi dira Errege Magoak. Etxeetara iritsi aurretik, han eta hemen egin ziren desfileetan haur ugari bildu ziren, gutuna eman eta gozokiak jasotzeko aitzakiarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu