Bilboko Zazpikaleetako tabernari eta dendariek desfile bateratu bat egiteko eskatu diote udalari; izan ere, azken urteetan bi desfile egin izan dira Bilboko inauterietan: udalarena eta konpartsena. Zazpikaleetako tabernari eta dendarien ordezkari ugarik agerraldi bat egin dute, berriz ere elkarlanean ari daitezela eskatzeko.
Euren eskariak ekarriko lituzkeen onurak azaltzeko, erreferentzia egin diete iraganeko hainbat esperiantziari: «Urteetan, udalaren eta konpartsen arteko lan komunak gauza onak baino ez ditu ekarri gure hirira: jai eredu berezi bat, parte hartzailea eta dibertigarria». Hiriko lehen inauteriak —1979koak— «lehen Aste Nagusiaren ereduaren osteko esperientziari jarraituz» egin zirela azaltzeko, Bilboko jaien ezaugarritzat hartu duten eredu parte hartzaile horren hastapenetara jo dute.
«Pizgarri ekonomikoa»
Zazpikaleetako tabernari eta dendariek azpimarratu dute jai eredu parte hartzaileak haien negozioentzako «pizgarri ekonomiko» gisa eragiten duela. Halaber, adibide bat jarri dute hori irudiz hornitzeko: «Gogora dezagun zelan egoten zen Bilbo abuztuan, Aste Nagusia sortu baino lehen». Baina, merkatarien iritziz, eredu hori «kolokan» jartzen ari da azken urteetan, «bai Aste Nagusian, bai inauterietan».
Nabarmendu dutenez, udalaren eta konpartsen arteko elkarlanik gabeko egoera hori «gainditu beharra dago» krisialdi ekonomikoaren eragina lausotzeko. «Une berezi honetan, bada garaia berriz denok batera lan egiteko». Hala, desfile bateratu bat egiteko eskatu dute berriro, eta Kale Nagusitik egin beharko litzatekeela erantsi. «Ez da gure negozioentzat egokia delako bakarrik; Bilboko hiritarrok horrelako desfile bat merezi dugulako ere bada».
Azkenik, udalari dei egin diote konpartsekin batera «hasierako jai eredua berreskura dezan». 2012ko inauteriak bilbotarrentzat «garai berri baten inauteriak izateko» nahia plazaratu dute: «Guztiok disfrutatzeko inauteriak izan daitezen».
Inauteri desfile bakarra egiteko eskatu diote tabernariek Bilboko Udalari
Zazpikaleetako dendari eta tabernariek udalaren eta konpartsen elkarlana berreskuratu nahi dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu