Mailukadak, txinpartak eta pintura usaina dira nagusi Tolosako Ferialekuan (Gipuzkoa) egun hauetan. Inauterien atarian karrozak prestatzen ematen dituzte orduak kuadrillek. Jaietako igandean eta asteartean aterako dira kalera, eta irudimena askatuta ingurukoak baino originalagoa izatea dute jomugan.
«Hor goian ikusten dituzun hizki horiek ezingo nituzke egin. Brotxa lodiko margolaria naiz ni», esan du Mari Jose Otxotorenak. Itzalpeko txalupa idatzita dago hizki larriz eta dotorez karrozaren aurrealdean. Pintura urdina hartuta, itsasontziaren beheko aldea margotzen ari da bera. Kuadrillako bakoitzari zer lan egokitu zaion oso ongi dakitela dio; antolaketa beharrezkoa baita inauterietarako karroza prest izateko. «Batzuk arotzak dira; guk margotu egiten dugu, eta dantza eta musikaz arduratzen dira gainontzekoak».
Kuadrilla handia osatzen dute, eta seme-alabekin batera irtengo dira karrozan. Otxotorenarentzat koreografia ikastea da zailena: «Gazteek malgutasun handiagoa dute gure aldean. Jauziak egin nahi izaten dituzte, eta kosta egiten zait».
Karroza handienak Tolosako Usabal industrialdean daude. Ferialekuan, aldiz, tamaina txiki eta ertainekoak begizta daitezke, askotarikoak: Michael Jacksonen omenezko hilerria, Angry Birds jokoa, taberna itxurakoak... Oinarria bakarrik dutenak, nahiz azken zertzeladaren zain daudenak. Afrikako tribu kanibal bat antzeztuko dute Lander Gurrutxa eta bere lagunek. Karrozaren erdian dute lapikoa prest: « Esploratzailea eskopetarekin iritsiko da inozo, eta eltzean sartuko dugu», azaldu du Gurrutxagak.
Askok iazko karrozaren oinarriak baliatu dituzte aurten, materialak birziklatu eta dirua aurrezte aldera. Gurrutxagaren kuadrillaren kasua ere horixe da. «Denbora asko pasatzen dugu karrozak eraikitzen; lanetik irten, eta hona etortzen gara, baina merezi du. Festak barrutik ezagutzeko aukera ematen du karrozak». Dantza ikasteko geratuta daude iluntzean, eta ederki pasatzen dutela berretsi du. Inauteriak egun bereziak dira, inondik inora: «Mozorroak askatasuna ematen du».
Gurrutxagarekin bat egiten du Leire Riosek. Tolosarra da bera ere, eta inauteriak «izugarriak» direla pentsatzen du. Oinarria muntatzen ari dira jo eta ke. Lehenengo urtea izanik, gogotsu daude. «Kontuz, kontuz», esan du bat-batean. Soldatzen ari dira, eta txinpartak erortzen dira albora. «Orain dela bost egun hasi ginen; denbora badugu».
Ideiak, edonon
Desfilean irteten diren karrozarik eta konpartsarik ikusgarrienak saritu egiten dituzte, eta inspirazio bila ibiltzen dira parte hartzaileak. «Port Aventuran Halloweeneko desfile dotorea ikusi genuen, eta hortik bururatu zitzaigun ideia», aipatu du Joxean Arregik. Bi kalabaza handi, burezurrak eta beleak jarriko dituzte Halloweeneko karrozan. Mozorroa bakoitzak bere kasa egingo du. «Ez dakigu lagunak nola doazen jantzita. Ezustekoa izango da». Mokadutxoa egiteko zerbait eraman, eta giro onean aritzen direla lanean dio. Lagun talde polita batzen dira, gainera. «Ez gara guztiak tolosarrak; emaztearen ahizpa, adibidez, Asturiastik etortzen da propio. Inauteriak ez dira galduko. Gero eta jende gehiagok hartzen du parte, tartean gazteak».
Inauterien atarian
Astebete baino gutxiago falta da Tolosan inauteriak hasteko, eta prestaketa lanak hasi dira dagoeneko. Karrozei azken ukituak ematen ari dira kuadrilla ugari Ferialekuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu