EZARIAN. ESPEZIE INBADITZAILEAK

Inbasioari aurre egin nahian

Espezie asko daude hemen Euskal Herrikoak ez direnak; batzuk egokitu egin dira, eta bertakoentzako mehatxu larria ere badira; izan ere, ekosistema hankaz gora jar lezakete

Donostia
2010eko abenduaren 8a
00:00
Entzun
Kanpotik ekarritako espezie asko bertakoen tokia hartzen ari dira, eta, horren ondorioz, bertako asko desagertzeko arriskuan daude. Beharrezkoa da horretarako kanpotik etorri eta inbaditzaile bihurtu diren espezieak kontrolatzen saiatzea.

Kanpoko espezie asko daudela dio Jon Zulaika Gipuzkoako Foru Aldundiko Natur Inguruneko teknikariak, baina denak ez direla inbaditzaileak. «Espezie bat hona etorri eta bertan hazteko kapaz bada, naturalizatu egin dela diogu, baina behin bertako landare eta animalientzako kaltegarria baldin bada, inbaditzaile deitzen zaio». Espezie asko sartzen direnean erauzten saiatzen direla dio. Beste askotan, kontrolatu egiten dituzte gehiago heda ez daitezen. Baina, batzuetan, zereginik ez da izaten; besteak beste, Stenotaprhum secundatum espeziea aipatu du.

Mendian buelta asko ematen ditu Leire Oreja Aranzadiko botanika saileko zuzendariak, espezie inbaditzaileak Euskal Herriko zein menditan dauden zehazteko. «Diputazioek edo udalek deitutakoan, mapak hartu eta inguruko mendiak aztertzen ditugu. Landare inbaditzaileren bat ikusitakoan, markatu egiten ditugu». Hori guztia egindakoan, udalekin edo diputazioekin harremanetan jartzen dira. Belar-hiltzaile edo herbizidak behar baldin badira, enpresa espezializatuekin ere jartzen dira harremanetan, Orejak dioenez. Kasu horietan, koordinazio lanak egiten ditu Aranzadik, non eta noiz aplikatu eta bestelako gauzak zehazteko.

Jon Garin Aranzadiko Herpetologia Behatokiko kidea, berriz, toki jakinean dabil lanean azkenaldian. Gaztelugatxen eta Urgull mendian zabalduta dagoen Podarcis pityusensis Balearretako (Herrialde Katalanak) sugandila kontrolatzeko lanetan. Kasu oso partikularra da, eta diputazioekin ari dira harremanetan. Bestelako kasurik ere badela jakinarazi du: «Dortokena arazo globala dela esango genuke; beraz, beste era batera landu behar da».

Euskal Herriko ibaietan eta erreketan kanpoko espezie asko dago, Garinek dioenez. «Horrela jarraituz gero, etorkizunean bertakoak baino kanpoko espezie gehiago izango ditugu seguruenik». Putzu eta urtegietan kanpoko espezie batzuekin gertatzen dena ere oso kezkagarria da, haren esanetan. Batez ere, dortokak eta karpak aipatu ditu: «Horietako espezie bat urtegi batean sartzen bada, guztia asaldatzen du; askotan, azkenerako espezie hori bera bakarrik geratzen da. Erreketan zailagoa da hori gertatzea ezkutaleku gehiago daudelako, eta toki irekia delako».

Kanpoko inbasoreak erauzi ahal izateko, inbertsio handiak beharrezkoak direla dio Orejak. Haiek finantzabideen arabera egin behar izaten dute lana. Goierriko udalak nahiko kontzientziatuta daudela dio, eta inguru horietan lan asko egin dutela, bertatik deitu dietelako.

Hartu beharreko neurrien inguruan hitz egiteko orduan honela dio Orejak: «Askotan arazoak eskuetatik ihes egin duenean hasten dira horien kontrako lanak; batzuetan, beranduegi agian. Orain lanean hasiko bagina, zenbait espezie erauztea lortuko genuke». Bai Zulaikarentzat eta bai Orejarentzat, garrantzitsua da indarrak neurtu eta lehentasunak zehaztea. Behar gehien duten tokiak aukeratu behar dira, eta kalte handiena eragiten duten espezieak. Asko inbertitu behar da horretarako, eta, bestalde, «ondo koordinatu» behar dela dio Aranzadikoak. Adibidez, baliteke Donostiako Udala landare jakin bat bertatik desagertu nahian ibiltzea, baina alboko udalen batek ez baldin badu neurririk hartzen landare horren kontra, alferrikako lana hartuko luke Donostiak. Horregatik, «diputazioak udalekin lanean ibili beharko luke gai horrekin».

Euskal Herrian espezie inbaditzaile asko daude; hauek dira horietako batzuk:

1. 'Robinia pseudoacacia'

AEBetan dauka jatorria sasiakaziak. Euskal Herrian 1967an erregistratu zuten arren, Europara lehenengo aldiz Jean Rodinek ekarri zuen 1601ean bazterrak apaintzeko asmoarekin. Euskal Herri osoan dago zabalduta, baina gehienbat ipar isurialdean antzeman daiteke. Erreka inguruko harizti askotan hedatuta dago, eta, hainbatetan, haien tokia ere hartu du. Sustraiak oso erraz zabaltzen ditu, eta landare berriak ere azkar ernetzen dira. Orduan, zaharrenak erdian egoten dira normalean, eta kanpo aldean gazteagoak. Urteko metro eta hiru metro artean zabaltzen dira gutxi gorabehera. Itzalak kalte handia egiten dio, beraz, nahiko eraginkorra da bertako basoetako landareak landatzea, sortutako itzalarekin aurre egiteko.

2. 'Buddleja davidii'

Txina ingurutik ekarritako zuhaixka hori 60ko hamarkadan agertu zen Euskal Herriko bazterretan. Beste espezie inbaditzaile asko bezala, dekorazioarekin pentsatuta ekarri zituzten. Pinpilinpauxei esker polinizatzen zaizkio loreak; izan ere, lurrin leuna daukate, eta harekin erakartzen ditu. Gehienbat hazien bidez ugaltzen da landarea, infloreszentziako 40.000 hazi izan litzake, eta haizearekin erruz hedatzen dira. Obretan, errepide bazterretan eta lur asko mugitutako beste toki batzuetan hazi ohi da. Horregatik, autoek eragindako haizearekin, asko zabaltzen dira landare horien haziak errepide alboetan baldin badaude; horregatik dira hain ohikoak inguru horietan. Izotzaren eraginez lurrazaleko zatia hiltzen bada ere, berriro ernetzen da landarea, baita moztuta ere, beharrezkoa da errotik ateratzea berau desagerrarazi nahi baldin bada.

3. 'Mustela vison'

Larruagatik ekarri zuten bisoi amerikarra Europara duela zortzi hamarkada. Larruak garestiak izan ohi dira, baina bisoi europarrarentzat izan dira batez ere garestienak. Euskal Herrian oraindik ere badagoen arren, desagertuta dago bertako bisoia Suitzan, Alemanian, Finlandian eta beste hainbat herrialdetan. Amerikarra europarraren oso antzekoa da, baina handiagoa, eta ugaltzeko erraztasun gehiago dauka. Horregatik izugarrizko kalteak egiten ari da Europa osoan. Hazten dituzten tokietatik alde egitea lortzen dute askotan, eta behin ugaltzen hasten direnean oso zaila da lehengora bueltatzea. Zenbait jendek animalien eskubideen izenean askatu izan dituzte, eta izugarrizko kaltea eragin. Bestalde, Aleutiar Uharteetako gaixotasun bat daukala uste dute zenbait ikerlarik. Bera kapaz da hori jasateko, baina hemengo bisoia ez. Horrek ere kalte handia egiten dio bertako espezieari.

4. 'Podarcis pityusensis'

Balearretakoa (Herrialde Katalanak) da sugandila hori, eta Europan, babesturiko espeziea da; izan ere, uharte horietan bakarrik dago. Baina Euskal Herrian ere agertu da, eta bertako sugandila Podarcis muralis bere tokitik bidaltzen ari da, gainera. Bi tokitan aurkitu dute oraingoz: Gaztelugatxen (Bizkaia) eta Donostiako Urgull mendian (Gipuzkoa). Gaztelugatxen 1992 eta 1995 bitartean agertu zen, eta dagoeneko milaka daudela dio Jon Garin Aranzadiko kideak. Berentzako hartu dute txoko hori bertakoak kanpora bidali eta gero. Aranzadikoen egiteko nagusia da toki horretan gehiago ez zabaltzea; izan ere, gaur egun oso zaila da horiek guztiak desagerraraztea. Urgullen oraindik gutxi direnez, bertatik erauztea posible dela uste du Garinek. Hasiera batean hemen harrapatu eta Balearretara eramatea pentsatu zuten, baina gero konturatu ziren gaixotasunak eramateko arriskua zeukatela, eta orduan, hori ez egitea erabaki zuten.

5. 'Fallopia japonica'

Japoniatik, Koreatik eta Txinatik datorren landare bat da Fallopia japonica. Apaingarri moduan zabaldu zen hasieran landarea, baina gero hedatzen joan zen, eta egun inbaditzailetzat hartua dago. Sustraiek bi metroko sakonera har lezakete; beraz, ura eta beharrezkoak dituen elikagaiak hartzeko erraztasun handiak dauzka.

Landare nagusiak zazpi metroraino zabal litzake sustraiak; beraz, erraz zabaltzen da. Ibai bazterretan hazten da, eta uraren korronteekin erraz zabaltzen dira haren sustraien puskak. Behin toki jakin batean finkatutakoan oso azkar hazten da. Gainera, oso handiak dira, eta toki gutxian landare asko pilatzen direnez, ez dio uzten gainontzekoei bere inguruan hazten. Ingalaterran sartu zen lehendabizi XIX. mendean, eta handik Europa osora eta Ipar Amerikara hedatu zen.

6. 'Tracemys escripta'

Etxe askotan ikusten dira Floridako dortokak maskota gisa. Askotan, animaliarekin aspertuta edo oporretara joan behar eta animalia zaintzeko inor ez dagoenez, inguruko ibaietan eta putzuetan askatzen dituzte. Urteetan gertatu izan da hori, eta egun, espezie inbaditzaile bihurtu da dortoka famatu hori. Ornogabeentzako oso kaltegarriak dira; batez ere, zapaburuentzat. Aranzadik urte batzuk daramatza kontzientziazio kanpaina egiten. Besteak beste, animaliak Aieten dagoen putzu batean uzteko kanpaina jarri zuten abian, inguru itxia zelako, eta ekosistemari kalterik eragiten ez ziolako. Nahiko ongi funtzionatu zuen, baina duela bi urte hustu egin zen garbitzeko, eta 140 dortoka inguruk ospa egin zuten inguruko erreketara. Europako Batasunak debekatu egin zuen espezie hori inportatzea, baina Jon Garin Aranzadiko Herpetologia Behatokiko kideak dioenez, horrekin «bide bat itxi dute, baina beste bat ireki».

Izan ere, ez dute beste dortoka espezie batzuk ekartzerik debekatu, eta arazoak bere horretan dirau.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.