Indar erakustaldia Areatzan

Andre eta gizon probak egin dituzte Areatzan. Astigarraga eta Oiartzuneko emakumeen taldea eta Zeanurikoa elkarren aurka aritu dira, 650 kiloko harriarekin. Aste Nagusian orain bi urte arte egiten zen bezala, kinielak jokatu dira, talde bakoitzak zenbat iltze egingo zituen asmatzeko.

Areatzan egin zuten herri-kirol erakustaldian, erritmo handiarekin hasi zen Astigarraga eta Oiartzungo taldea. ARITZ LOIOLA / ARGAZKI PRESS.
Asier Arrate Iruskieta.
Bilbo
2015eko abuztuaren 29a
00:00
Entzun
Harria izan zen atzo protagonista Areatzan. Herenegun aizkolarien desafioa egin ostean, atzo andre eta gizon probak antolatu zituen Leioako Euskal Kirol Zale elkarteak. Emakumeen bi taldeak 650 kiloko harriarekin lehiatu ziren, eta gizonezkoen talde bakarra 1.520 kiloko harriarekin aritu zen. Eguraldi ona eta atzo Bilbon jaieguna zela aprobetxatuz, ehunka ikusle bildu ziren San Nikolas elizaren aurrean, harriarekin zenbat iltze egiteko gai ziren ikusteko.

Goizeko hamabietan hasi zen herri kirolen erakustaldia, baina goizetik zegoen jendea zain. Leku asko dago Areatzako parkearen atzealdean ikuskizuna lasai asko ikusteko, baina inork ez zuen aukera galdu nahi erakustaldia eserita ikusteko, eta aulkiak lehen lerroetan baino ez zeuden. Hala ere, eserita egoteko nahiaz gain, erraz igar zitekeen lehen lerrokoen eta gainontzekoen arteko aldea. Zutik zeuden asko handik pasatzen ari ziren, edo, beste barik, herri kirolak zeudela jakin eta bertan geratzea erabaki zuten. Lehen lerroetan, ostera, herri kirolak espresuki ikustera joandakoak zeuden. Gehienak, Bizkaiko herrietatik joandakoak, eta ia-ia guztiak adinekoak. Saioa hasi aurretik, Leioako Euskal Kirol Zale elkarteak Laurentz De la Llama argazkilaria omendu zuen.

Talde guztiek beroketa saioa bukatuta, 12:00etan hasi zen proba. Lehenik, emakumeen Astigarraga-Oiartzuneko taldea eta Zeanurikoa lehiatu ziren. Haien eginbeharrekoa 20 minutuan 650 kiloko harriarekin ahalik eta iltze gehien egitea zen. Iaz, Zeanuriko taldeak irabazi zuen desafioa, 40 iltzerekin.

Zortzi emakumez osatutako Astigarraga eta Oiartzungo taldea hasi zen lehena harriarekin, atzo. Indartsu hasi ziren gipuzkoarrak. Bost minutu pasatuta, 12 iltze eginak zituzten. Hala eta guztiz ere, antolatzaileek gogoratu zuten erritmoak behera egiten duela bukaera partean. Eta hala izan zen, hamar minutu pasatuta 50 iltzeko batez bestekoa 47 iltzetara erori baitzen.

Iazko marka apurtzen

Astigarraga eta Oiartzungo taldea ekinean zebilen bitartean, ikusleak isilik zeuden, adi-adi, gipuzkoarren mugimendu guztiei behatzen. Tartean, aurkezleak probaren eta herri kirolen inguruko azalpenak ematen zituen: iltzearen eta plazaren arteko desberdintasuna, lurzoru motaren garrantzia... Hogei minutuko mugara hurbiltzen ari zirela, giroa berotuz joan zen. 40 iltze eginak zituzten, eta posible zuten iazko marka gainditzea. Ikusleak, hortaz jabeturik, txaloka hasi ziren probalariei adorea emateko asmoz. Azkenean, denbora bukatu aurretik, 45 iltze egitea lortu zuten.

Gipuzkoarrek bukatuta, bizkaitarren txanda izan zen. Zeanuriztarrak ere indartsu hasi ziren. Horiek ere hamabi iltze eginak zituzten 5 minutu pasatuta. Bizkaitarrei gehiago kostatzen zitzaien harriari buelta ematea, baina biran galtzen zutena tiraka irabazten zuten. Nabaritzen zen etxetik hurbil zeudela ere; txalo ugari jaso zituzten saio guztian. Azkenean, ez zuten lortu gipuzkoarren marka gainditzea: 44 iltze egin zituzten. Eneritz Gartzia Astigarraga-Oiartzun taldeko kidea «pozik» azaldu zen lortutako garaipenarekin: «Plaza berria izanik, eta bustita zegoela ikusita, pixka bat arduratuta geunden, baina azkenean ongi atera da».

Ikusleak gustura zeuden ikusitakoarekin, erakustaldi aparta eskaintzeaz gain iazko marka gainditzea lortu baitzuten bi taldeek. Fidel Madariagaren aburuz, Zeanuriko taldea hobeto ikusi zuen iazko saioarekin konparatuz, nahiz eta galdu egin zuten: «Lehenago joan direnek lurra garbi eduki dute, eta horrek beti laguntzen du». Izaskun Muñozentzat, ostera, lehen aldia zen andre eta gizon probak ikusten zituena: «Aste Nagusian idi probak ikusi izan ditut, baina holakorik inoiz ez».

Emakumeen ostean, gizonen txanda izan zen. Horiek, beste talde baten aurka lehiatu beharrean, erronka bat zuten aurrean. Gorka eta Aitor De la Concepcion anaiek, Javier Valencianok eta Aitor Aurrekoetxeak osatzen zuten laukotea. Emakumeen talde irabazleak egindako iltze bakoitzeko, bi metro eta erdi egin behar zituen taldeak 1.520 kiloko harriarekin. Guztira, lau iltze eta 450 metroko ibilbidea osatu behar zuten 20 minutuan. Erronka ez zen samurra, eta aurkezleak aurrean zuten lanaren zailtasuna azpimarratu zuen. Hasi bezain pronto ikusi zen hori; emakumeek iltzeak gelditu barik egiten zituzten; gizonezkoek, berriz, bultzada bakoitzaren ostean gelditu beharra zuten, atseden hartzeko. Azkenean, ezin izan zuten; hiru iltze eta laurden egin zituzten.

Saioak luzeak baziren ere, ikusleek izan zuten zerekin arreta galdu. Izan ere, idi probak antolatzeari utzi ziotenetik, ez ziren kiniela gehiago egin Bilboko Aste Nagusiko herri kiroletan. Atzo, aldiz, ohitura berreskuratu zuten. Euro baten truk, parte hartzaileek talde bakoitzaren iltze kopurua asmatu behar zuten. Hiru desafioen artean, berrehundik gora kiniela egin ziren. Hiruk asmatu zuten Astigarraga eta Oiartzungo taldearen iltze kopurua, eta bakarrak gizonen desafioan. Sariak ez ziren handiak, baina «trago eta pintxo pare bat» hartzeko balioko zien.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.