Ezohiko eskalatzailea da Silvia Vidal. Txileko Patagoniatik itzuli berritan erantzun ditu galderak.
Zerk eramaten zaitu horma handietan bakarrik eskalatzera?
Indar handikoak dira halako sentipenak.
Txileko Patagonia izan duzu oraingoan jolas eremu. Zergatik aukeratu zenuen?
Adiskide batek, Pere Vilarasauk, eman zidan Martin Molina Fideo eskalatzailearen kontaktua. Inguru hura ongien ezagutzen duenetako bat da Fideo, hainbatetan izan delako bertan. Horma horretan irekitako Araucania bidea hark ireki zuen, Luis Molina eta Mariana Gallegorekin batera. Fideo-k bidali zizkidan argazkiak eta informazioa.
Abenturaren kontaketa egin duzun oharrean idatzi duzu: «... gutxienekoa eskalada izan da». Zerk gogobete zaitu?
Bakartuta emandako bi hilabeteotan bizi izandako guzti-guztiak. Une eta egoera asko eta asko izan dira; sentipen ugari batera, eta banan-banan gertatu izan balitzaizkit baino gehiago bete naute.
32 egun egin dituzu hormatik jaitsi gabe, eta haietako erdietan ez zara hamakatik irten, euria tarteko. Zer egiten duzu halako egunetan?
Lotarako zakua eta arropa ahalik eta lehorren mantentzen saiatzen naiz, eta gauza gutxi gehiago egin dezaket. Pazientziarekin egiten zaio aurre halako egunei eta, batez ere, han egoteko gogo eta irrikarekin.
Komunikabideetan askotan aipatzen dugu abentura hitza espedizioez ari garenean, nahiz eta teknologia berrien bidez uneoro haien berri izateko eta haiekin harremanetan jartzeko modua eduki. Ez da zure kasua. Zer iritzi duzu horren inguruan?
Komunikabideek ez dute gauzak nola egiten diren galdetzen; zer egiten den nabarmentzen dute, egindako hori nola egin den aztertu beharrean. Eskalada baten graduari, metroei, eta zenbakiei erreparatzen diete. Argazkiei eta irudiei jarduerari berari baino garrantzi handiago ematen zaiela ere iruditzen zait. Eta mendiko albisteen behin-behinekotasunak, nire ustez, galarazi egiten du behar beste denbora hartzea egindako balentriaz nahi adina gozatzeko eta behar bezala norberenganatzeko.
Gutxi zarete horma handietan bakarrik eskalatzen duzuenak. Zergatik dela uste duzu?
Halako jarduera bat osatzeko asteak eta hilabeteak behar dira, eta iraupen eta denbora tarte luze hori baldintza gaindiezina da batzuentzat. Nork bere buruarekin bakarrik egoten jakin behar du, sufritzeko gaitasun handia eta benetako motibazioa eduki behar ditu, zalantzen aurrean erabakiak hartu, baldintza txarrei aurre egin... Baina, batez ere, horiek guztiak aste luzez mantentzen jakin behar da.
Nola antolatzen duzu halako espedizio bat? Zer eramaten duzu?
Eskaladarako material asko eta denetarikoa; janaria, berriz, gutxi, liofilizatuak eta mueslia batez ere. Antolaketa hormari eta inguruari buruz bildutako informazioaren arabera egiten dut, eta halako abenturetan duzun esperientziak eta eskarmentuak ere garrantzitsuak dira. Beharrezkoa zer den bereizten ikasten duzu.
Silvia Vidal. Eskalatzailea
«Indar handiko sentipenak izan ditut»
Izaera indartsua du. Haren begirada sarkorrak indarra eta bizitzeko grina adierazten du. Txileko Patagonian neurri bereko sentipenak izan ditu Silvia Vidalek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu