Goizero bezala, gosaldu eta hedabideetan zer berri zen begiratuz hasi nuen eguna. Krisia gora eta berriro gora (aterako al gara), Raxoik ez duela Amaiurrekin elkartzeko asmorik (aurpegia behar da gero), Sarrionaindiaren merezitako saria, Egipto, Grezia, Italia… eta bazter batean, erdi izkutuan, han non aurkitu dudan oraindik irakurtzera ohitu ez naizen berri kezkagarri eta beldurgarri horietako bat: gizon batek aizkora batez bikotekidea buruan larriki zaurituta utzi duela Salamancan. Kalean izan omen da erasoa. Eszenaren alde surrealista ikusirik, bat-batean Woody Allenen film zoragarri hura etorri zait burura.
Hartan, protagonista txikiaren osabak, burua erabat galduta, laban erraldoi bat hartu eta ero moduan korrika abiatzen zen kalean behera. Baina hura komedia bat zen, oso komedia dibertigarria. Atzo Salamancan gertatutakoak, berriz, ez du inondik umore usainik, izan ere, gertakaria bene-benetakoa baita, erreala, izugarria. Hain juxtu emakumeenganako indarkeriaren kontrako nazioarteko egunaren bezperan aizkora hartu behar... Baina hari bost axola noiz, non eta nola. Zergatia ere ez du jakingo akaso, anormal basatiak.
Berez 1960an Mirabal ahizpa dominikarren hilketa bortitza gogoratzen duen egun hau urtean behin ospatzen bada ere, tamalez, urte osoan, egunero-egunero bada emakumeren bat bikotekideak erailda, zauritua, bortxatua, tratu txarren biktima. Hain zuzen horren kontrako egunean nonahi burutuko diren ekitaldi bereziekin bat eginez, neuk ere erabateko ezetza esaten diot indarkeriari. Noiz arte jarraitu behar dugu horrela? Aski da, stop!
Maratila
Indarkeriari stop
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu