Badira hamar urte Ttur-ttur Euskaltzaleon Bilgunea sortu zutela, Oiartzunen (Gipuzkoa). Denbora horretan elkarteko kideek euskararen alde eginiko lana gogoratu dute aurtengo xanistebanetan, eta leku nabarmena egin diote elkarteari. Nagore Zapirain eta Aitzol Perez de San Roman Ttur-ttur elkarteko kideek udaletxeko balkoitik bota dute festei hasiera ematen dien suziria. Aitzol Perez de San Roman (Oiartzun, 1983) orain dela zortzi urte hasi zen elkartean lanean. Poz handiz ordezkatu du jendaurrean elkartea.
Nola jaso zenuen txupinazoa botatzeko proposamena?
Ilusio handiarekin. Elkartea da omentzen dutena, eta guk elkartearen ordezkari gisa botako dugu suziria. Ilusio handia egin zigun jai batzordeak elkarteari omenaldia egin nahi izateak.
Zer etorri zaizu burura suziria botatzean?
Urduritasunagatik, lagunei begira nengoen. Polita izan da ondokoen aurpegiak ikustea suziria botatzean.
Zein duzu festetako ekitaldirik gustukoena?
Kontzertuez gain, eguneko giroa ere gustatzen zait. Gazte Egunean herri bazkaria egiten dugu, etajende ugari biltzen gara. Ekitaldi berezia da.
Zer lan egiten duzue Ttur-ttur elkartean?
Euskalgintzan lanean gabiltzan hainbat lagun elkartzen gara. Bi helburu nagusi ditugu. Batetik, gure arteko elkarlana handitzea eta informazioa banatzea. Bestetik, euskalgintzago bilgune gisa euskararen normalizazio planak aurrera ateratzea. Udalarekin elkarlanean, dendekin eta elkarteekin hitzarmen bat egin dugu. Horrez gain, Txerriaren Eguna eta liburu eta disko azoka antolatzen dugu. AEK, Euskal Herrian Euskaraz,Euskeran Itotiyak eta Oiartzungo Irratia gaude bilgunean.
Noiz hasi zinen Ttur-ttur elkartearentzat lan egiten?
Orain dela zortzi urte hasi nintzen. Euskal Herrian Euskaraz-en sartu nintzen, eta horren bidez bukatu nuen Ttur-ttur elkartean. Euskararen aldeko lana egiteko gogoa nuen, eta herrian horren beharra ikusten nuen. Ttur-ttur elkartean lana egitea oso aberasgarria da, gustura egiten den lana da. Euskalgintzan harreman ona izatea baliogarria da.
Ttur-ttur elkartearen hamar urte horien zein balantze egiten duzu?
Balantze baikorra oso. Elkarlan sinple batetik abiatu zen, eta hamar urte geroago, hainbat lantalde ditugu, dinamika indartsuak dituztenak.Egitasmo garrantzitsuak egiten ditugu herrian urte osoan.
Zeintzuk dira aurrera begirako erronka nagusiak?
Hamargarren urteurrena baliatu dugu hausnarketa prozesu bat egiteko. Diagnostiko bat egin berri dugu, eta irailean erabakiko dugu zeintzuk izango diren aurrera begirako lehentasunak. Ondoren, bai diagnostikoa, bai horren ondorioak azalduko dizkiogu herriari.
Zer esango zenieke oiartzuarrei eta herritik kanpoko jendeari festetan parte hartzeko?
Lasai etortzeko, giro ona izaten da eta. Herritarrok guretzat antolatzen ditugun festak dira. Giro euskalduna eta ona bermatuak egongo dira. Etor daitezela jaiak euskaraz bizitzera.
Aitzol Perez de San Roman. Ttur-ttur elkarteko kidea
«Ingurukoen aurpegia ikustea polita izan da»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu