Zer da Nekazaritza ekologikoa? Zeintzuk dira jaki ekologikoen ezaugarriak? Nola bereizten dira?
Nekazaritza ekologiko, biologiko edo organi-koa lurraren emankortasuna eta ekosistemen zein gizakien osasuna mantendu eta indartzen duen elikagaiak ekoizteko eredua da. Prozesu ekologikoetan, biodibertsitatean eta lekuan lekuko zikloetan oinarritzen da, kutsadura eragingo luketen kanpo baliabideak baztertuz. Horregatik, nekazaritza ekologikoaren teknikak muzin egiten die ongarri kimiko, pestizida, genetikoki eraldaturiko organismo eta, oro har, naturalak ez diren bestelako gai sintetikoei.
Nekazaritza ekologikoak betiko ohiturak, berrikuntza eta zientzia uztartzen ditu. Guztiok partekatzen dugun ingurumena zaintzen du; bidezko harremanak bultzatzen ditu; bizi kalitatea zentzurik zabalenean hobetzeko lan egiten du.
Elikagai ekologikoak osasuntsuak eta elikagarriak dira. Elikagaiak ingurumen osasuntsu batean ekoizten direlako, landaketarentzat, abereentzat zein bertan bizi diren baserritarrentzat. Lurraren eskulangileek ekoizten dituzte, haien eskulan trebeaz eta lurraren emankortasunaz baliatuz eta inguruneko bizidunekin bat eginda. Nekazaritza ekologikoak aldaketa klimatikoa leuntzen laguntzen du, nekazaritza sistemen efizientzia energetikoa hobetuz, biodibertsitatea indartuz eta kutsagai pilaketa gutxituz. Nekazaritza ekologikoa ekoizpen eredu jakin bat da, duela 30 urte baino gehiago normalizatua. Europako Batasunaren kasuan, araudi bakarra dago partaide diren estatu guztientzat.
Soilik nekazaritza eredu ekologikotik lortutako elikagaiak merkaturatu daitezke Ekologiko, Eko, Biologiko, Bio eta Organiko aipamenekin.
Nekazaritza Ekologikoaren ezaugarriak Europa guztirako indarrean den 834/2007 (EB) araudian finkatuta daude, bai ekoizpenari zein etiketatuari dagokionez. Produktu ekologikoek araudi hori betetzen dutela bermatzen duen kontrol agintea Euskadin ENEEK da, Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseilua.
Elikagai horien etiketan, Europako Batasuneko logotipo ekologikoa —euro-hostoa— agertu behar da, eta, horrekin batera, produktuaren benetakotasuna ziurtatu duen entitatearen izena eta kodea. Euskadin ziurtatutako elikagaiek ENEEK erakundearen kodea daramate, ES-ECO-026-VAS. Logotipoaren presentziak produktu ontziratuetan, zein ekoizlearen inskripzioak eragile ekologikoen erregistroan, bermatzen dute produktua era ekologikoan landu (landaketak), hazi (animaliak) edo eraldatu (transformatuak) dela.
Nekazaritza ekologikoaz edozein zalantza edo galdera izanez gero:
Biolur-Gipuzkoa Nekazaritza Ekologikoaren Aldeko Gipuzkoako Elkartea.Tel.: 943-76 14 47
[email protected]
ENEEK - Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseilua.Tel.: 902-54 01 65
[email protected]