Ingurumenaren aldeko kalea

Karbono dioxidoa xurgatzen duten lauzak jarri dituzte Bilboko Lutxana kalean, eta orain arte errepide zena oinezkoentzat utzi dute; hala, ingurumena zaindu eta kaleari bizitasuna eman diote.

Bilboko Lutxana kalea oinezkoentzat da orain. Jarlekuak ere jarri dituzte, eta tabenariek terraza jartzeko aukera dute. JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2011ko abuztuaren 5a
00:00
Entzun
Bilboko Lutxana kaleak beste itxura bat hartu du azken egunetan. Izan ere, karrikari bizia eman dioten hainbat aldaketa egin ditu udalak, eta, bide batez, ingurumenari mesede egin dio. Orain gutxi arte, autoen joan-etorri handia zuen kale hori oinezkoentzat utzi dute. Gainera, lurrean jarri dituzten baldosek karbono dioxidoa xurgatzen dute eta eremu horretako kutsadura murrizten. Bilboko Udalak 477.000 euro inbertitu ditu zoladura berrian.

Ikusi orduko, aldaketa nabarmena igarri da Lutxana kalean. Lehen autoak eta motorrak zeuden tokian, orain jarlekuak eta landareak daude. Batik bat, bizitasuna irabazi du. Jende asko ikus daiteke pasieran edota jarlekuetan eserita. Zorura begiratuz gero, ordea, ez da ezberdintasunik nabaritzen Bilboko gainontzeko baldosekin konparatuz, hiriburuko lauza famatuen formatu bera erabili baitute Lutxana kalean ere, baina oraingoek arestian aipatutako berezitasuna dute: CO2a xurgatzen du lauza berriak.

Francisco Viñez Bilboko Udaleko Obra eta Zerbitzuetako arduradunaren arabera, lauza berrien funtzionamendua «kimika hutsa da». Geosilex izeneko material batekin egiten dira baldosa ekologikoak, eta material horri esker xurgatzen du karbono dioxidoa. Kalean ezarri orduko, airearekin erreakzionatzen du eta CO2a xurgatzen hasten da. Denbora pasatu ahala, ordea, karbono dioxidoa pilatzeko gaitasuna galtzen du. «Esponja baten antzeko da», dio Viñezek.

Ikusi batera aldaketarik igartzen ez den arren, lauza, karbono dioxidoarekin kontaktuan egotean, gogortu egiten da, eta pisu handiagoa hartzen du; bolumena, ordea, ez da aldatzen. Lauza ekologikoaren metro karratuko, 5.000 metro kubo aire garbitzen dira; hain zuzen ere, ur biltegi batek duen edukieraren erdia. Baldosa arrunten antzera, hamabi eta hamabost urte bitarteko erabilgarritasuna daukate.

Kalea biziberrituz

Egunero Lutxana kalea igarotzen dutenez gain, inguruko dendari eta tabernariek ere sumatu dute aldaketa, baita eskertu ere. Izan ere, kalean baldosa ekologikoak ezartzeaz gain, lehen errepidea zena orain oinezkoentzat utzi dute.

Hala, tabernariek terraza jartzeko aukera dute orain, eta inguruko beste taberna batzuek zuten abantaila gainditu dute. Orain arte eguraldiak askorik lagundu ez duen arren, aldaketa onerako izango dela espero dute. Taberna batzuk, adibidez, bazkariak ematen hasiko dira, kanpoan mahaiak jartzeak ematen duen aukera baliatzeko. Terraza izateak ez duela zertan bezero gehiago erakarri uste dutenek ere aitortu dute aukera gehiago ematen dituela.

Bilbo da ingurumenaren iraunkortasunerako mesedegarria den sistema hau erabili duen lehen hiria, eta aurrera begira hiriburuko beste kale batzuetan ezartzeko asmoa du udalak, baldin eta Lutxana kaleko esperientzia baikorra baldin bada.

Azken hiru urteetan zenbait barrutitan egin dituzte probak, eta antzeko baldosak jarri dituzte; adibidez, Iralan. Viñezek azaldu duenez, hurrengo hilabeteetan hirigunea ikertzea da asmoa, oinezkoentzako guneak non sor daitezkeen erabakitzeko.

«Bilbon, pixkanaka, oinezkoentzako eremuak ezartzen ari gara, eta, era berean, geroz eta eremu berde gehiago jartzen saiatzen gara. Baina berrikuntza hori aurrera eramateko, eta oinezkoentzako kalitatezko guneak bultzatzeko, produktu berriak eta ekologikoak bilatzea erabaki dugu», adierazi du Viñezek. Oraingoz, lauza berdearekin saiatuko dira Bilboko ingurumena hobetzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.