Komunikazioa. Ekografiak

(In)Justizia eta koiuntura

Jokin Labaien.
2011ko uztailaren 27a
00:00
Entzun
Erabaki judizialek, baterako ala besterako izan, harritu egiten naute askotan. Haien berri jakitean ohartzen naiz, kasuan kasuko koiunturak zein garrantzia duen: epailearen izaera, protagonisten izena eta estatusa, gaiak hedabideetan izan duen garrantzia, emaitzak izan dezakeen sona eta eragina...

Berriki irakurri dut, justiziak —edo injustiziak— Gran Wyoming errugabe jo duela Hermann Tertsch delako kazetariak hura eta haren saioa auzitara eraman eta gero. Haren ohore eskubide urratu izana egozten zien, betiere, era duingabean eta hartarako baimenik gabe. Erasoa egiteko, 2009ko gertakari baten gaineko bideo muntaia baliatu zuen La Sexta kateko saioak.

Epaiak dioenez, Gran Wyomingen saioa, unean uneko gaietan oinarritu arren, ez da informatiboa eta, beraz, onargarriak dira bertan egiten diren adierazpenak. Unean uneko gaietan oinarritzen diren albisteak satira bihurtzen ditu, nabarmenkeriaren eta erridikuluaren muturrera eramanaz. Hori dela eta, ikus-entzuleek badakite saioa nolakoa den, umorea bilatzen dute eta jakitun dira bideo horiek muntaiak direla. Ez dituzte errealitatearekin nahastean. Gainera, Tertsch pertsonaia publikoa dela eta kritikak jasotzeko prest egon behar duela eransten du.

Zail da subjektiboa objektibo bihurtzen. Tertschek Telemadrid katean uzten ditu irrigarri haren aurkari ideologikoak; Gran Wyomingek, La Sextan; beste guztiek, dagokien katean. Muturrak muturrekoagotzen ari dira neurririk gabe. Tartekoek ez dute balio, ez ikus-entzule datuetan, ez (in)justiziaren begietan. Epaileak erabaki egin baitu, saio jakin batek zein izaera duen, zer egin dezakeen, zein den haren ikus-entzulearen aditu profila, zein salatzailearen estatusa eta izan behar duen zaurgarritasun maila. Legeak ez omen dira zurrunak; interpretatu egin behar dira, kasuan kasuan. Telebistaren legea —oihanekoaren antz ikaragarria hartzen ari dena-—togaz eta mailuz ezar daiteke. Baita ikus-entzuleen irizpidez eta mandoz ere.

Hurrena, ordea, agian, epaia ez da hain onargarria izango. Gran Wyoming eta Tertsch izan ordez, izango dira Juan Carlos Borboikoa eta dena delakoa, adibidez. Eta umorea ez da hain onargarria izango, ikus-entzuleak hain azkarrak, muntaia hain dibertigarria eta salatzailea hain publikoa eta kritikagarria...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.