Donostiako Aste Nagusia

Inklusioa, koska bat gorago

Aurtengo Aste Nagusia inoizko «inklusiboena» da, Donostiako Udalaren arabera. Besteak beste, ordu isilak antolatu dituzte barraketan, autismoa duten haurrentzat. Erabiltzaileen arabera, eskertzen dira neurriak, baina, oraindik ere, jaietan parte hartzea ez da erraza haientzat.

Donostiako Pasealeku Berriko barrakak, herenegun arratsaldean. JON URBE / FOKU.
ane insausti barandiaran
Donostia
2023ko abuztuaren 18a
00:00
Entzun
Haur batek gurasoaren eskua askatu du, eta bakarrik abiatu da ohe elastikorantz. Oharkabean igo du lurra plataformatik aldentzen duen koska, eta baita ohe elastikora arteko eskailera ere. Salto eta salto aritu da, txandak iraun bitartean. Bozgorailuak isilik daude, ez da musikarik entzuten. Txirrinak hautsi du isiltasuna, txanda amaitu dela jakinarazteko: haurra gustura itzuli da gurasoen altzora.

Badira bide hori bakarrik egin ezin duten haurrak, ordea: elbarritasunen bat dutenak, kasurako. Baita musika ozenak eta giroko burrunbak aztoratzen dituztenak ere: autismoa dutenak, adibidez. Horiei guztiei festez gozatzeko aukera emateko, inoizko festarik «inklusiboenak» antolatu dituela esan zuen Donostiako Udalak jaien atarian: antolatutako 312 jardueretatik 102 desgaitasunen bat dutenek parte hartzeko egokituak zirelako. Zaratarik gabeko lau egun ere ezarri ditu barraketan: abuztuaren 11n, 16an, gaur eta 21ean musikarik ez jartzea erabaki dute, 16:30etik 18:30era, autismoa dutenak bertaratu ahal izateko.

Arratsaldeko bostak dira, eta mugimendu gutxi dago oraindik Pasealeku Berrian. Barraka asko itxita daude, geldirik, eserlekuakestalita. Jendea hurbiltzen hasi ahala jarri dituzte martxan, baina ohi baino isilagoa da giroa: barrakek funtzionatzeko ateratzen duten hotsa eta txanda amaierako sirenak soilik entzuten dira, adrenalinazko oihuekin tartekatuta. Udalak ezarritako ordu isilak errespetatzen ari dira gehien-gehienak; barraka batzuetan, nolanahi ere, ozen entzuten da musika.

Ilara luzea sortzen ari da El Coco barrakaren alboan; haurrek gustura hartzen dute sartzeko txartela, gero jira eta bira ibiltzeko. Hartako langileak dira Laura Barragan eta Hugo Alves. Begi onez ikusten dute udalak hartutako neurria. «Oso ondo iruditzen zaigu. Hotsak kalte egiten die zenbait haurri, eta guri neurriak ez digu inolako eragozpenik sortzen. Denen beharretara eta gustuetara egokitu beharra dago, eta zailtasunak dituzten haurrentzat egokia da», esan du Alvesek.

Behar bereziak dituztenak ez dira neurri hori eskertzen duten bakarrak, ordea. Langileen belarriek ere eskertzen dute atseden pixka bat, Barraganek aitortu duenez: «Guri ere ondo etortzen zaigu, pixka batean atseden hartzeko». Gainera, bi orduko kontua denez, ez da tarte handia, Alvesen irudiko: «Ez da hainbesterainoko esfortzua. Gero, egun osoa daukate musikarekin egoteko, goizeko laurak arte eduki dezakegu-eta barraka irekita».

Geroz eta zabalduago dago neurria, barrakako langileek azaldu dutenez. Izan ere, Gipuzkoako beste festa batzuetan egon dira udan —Astigarragan eta Oiartzunen, esate baterako—, eta horietan ere antolatu dituzte ordu isilak. «Egin beharreko zerbait da, behar duten horiek ere festezgoza dezaten», gaineratu du Barraganek.

Iritzi berekoa da Isabel Contreras, Alcatraz barrakako langilea. Kaiola berdeetan giltzapetuta dauzkate bezeroak, eta bueltak eman eta eman ibiltzen dira. «Haurrek esaten dute: 'Eta musika?' Baina esaten diet ezin dela, eta ez dira gehiago kexatzen. Azaltzen diegu udalak eskatu digula behar bereziak dituzten haurrentzat musika kentzeko, eta ulertzen dute», azaldu du Contrerasek.

Oztopoak oraindik

Pasealeku Berriko eta Koldo Mitxelena liburutegiaren ondoko barraka guneak «desgaitasunen bat dutenentzat egokitutako guneak» dira, udalaren programaren arabera. Barraka guneetan, ordea, nekez ikusten da gurpil aulkian dagoen haurrik, barraketara igotzen behintzat. Izan ere, ingurua ibiltzeko prestatuta egon arren, ez da erraza gero horietara igotzea.

Rosa Iglesias Aspaceko lehendakariaren arabera, elkarteko erabiltzaileak ez dira askorik joaten barraketara. Izan ere, «ez da batere erraza» horietan sartzea: «Aulkiak ezin dira inolako aparatutan sartu, eta oinez ibili daitezkeenek mugitzeko zailtasunak izaten dituzte normalean; beraz, igotzeko arazo handiak dituzte».

Barrakek egiten dituzten mugimenduek ere ez diete askorik laguntzen, Iglesiasen hitzetan. «Barraken bat-bateko mugimenduak kontrolatzea ez da erraza guretzat. Batez ere txikienei, ustekabeko estimulazio sentsorialek (mugimenduak, argiak, zaratak...) ez diete mesederik egiten, eta gozatzeko baino gehiago, aztoratzeko bide izaten dira».

Hortaz, garun paralisia dutenak, normalean, ez dira barraka guneetara joaten, Iglesiasek azaldu duenez. Kasurik onenean, txikienak Igeldoko eta Alderdi Ederreko zaldiko-maldikoetara joaten dira, auto txikietan jar daitezkeelako eta mugimendu nahiko motelak dituztelako. Helduagoak, berriz, zozketetan eta tonboletan egon ohi dira, asko jota.

Iglesiasen arabera, eskertzen dute musika eteteko neurria, baina hori baino gehiago behar dutela gehitu du Aspaceko lehendakariak: «Egia da, zaratari dagokionez, eskertzen dela udalak bolumena jaisteko eskatu izana. Hala eta guztiz ere, nahikoa zalaparta sortzen da, eta horrek ere ez digu mesederik egiten». Koska bat gorago dago oraindik inklusioa, beraz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.