«Inoiz baino berdeago aurkituko duzue aurten Bioterra». Ander Sarratea Ficobako kudeatzaileak Bioterra azokaren aurkezpeneanegindako hitzak dira. Izan ere, urtetik urtera eskaintza zabalagoa dakar Bioterrak. Produktu ekologikoen, bioeraikuntzaren, energia berriztagarrien eta kontsumo arduratsuaren azoka da Bioterra. Bederatzigarrenez antolatu dute azoka Irungo Ficoba erakustazokan; ostiraletik igandera bitartean izango da.
Ander Sarrateak berak,Jose Antonio Santano Ficoba Fundazioko presidente eta Irungo alkateak, Koldo Lizarralde Nekazaritzako eta Landa Garapeneko zuzendari nagusiak, Mikel Insausti Kutxa Ekoguneko zuzendariak eta Monica Aldai Bioterrako zuzendariak aurkeztu dute IX. Bioterra azoka.
Ficoba erakustazokako hiru areto nagusiak beteko ditu aurten ere Bioterrak. 125 erakusketarik parte hartuko dute, eta, orotara, 117 erakusmahai egongo dira. Monica Aldaik azaldu duenez,eskaintza %7 igo da aurreko urteko azokarekin alderatuz. Hala ere, kantitatea baino, antolatzaileek nahiago dute kalitateazaintzea. «Espazioak mugatu egiten gaitu, eta kopuruan baino gehiago azokaren kalitatean eta aniztasunean jarri nahi dugu indarra», azpimarratu du Aldaik. Bederatzi urte dira Bioterra egiten dutena, eta urtez urte edukia aberastuz joan da, eta hainbat lekutatik etorritako erakusketariek eskainiko dituzten produktu eta zerbitzuak «askotarikoak» izango direla adierazi dute.
Hiru gune, hiru ardatz
Hiru gune nagusi izango ditu azokak, eta bakoitza pabiloi batean izango da. Geobat gunean, bioeraikuntza eta energia berriztagarriaren alorreko erakusketariek azken berrikuntzak eskaini, eta ingurumena errespetatzen duten eraikuntzak egiteko irtenbide profesionalak proposatuko dituzte. Halaber, energia naturala erabiltzen duten instalazioei buruz hitz egin ahal izango du bisitariak energia berdearen sektoreko langileekin.
Naturall gunean, berriz, osasunarekin eta ongizatearekin zerikusia duten sektoreak bilduko dituzte, betiere inguruarekiko ardurazko eta errespetuzko ikuspegia erakusten dituztenak.
Bioterra gunea da azokaren izaeraren adierazlerik nabarmenena. Nekazaritza ekologikoko elikagaiak, kosmetika eta ehungintza ekologikoa eta beste hainbat produktu eta zerbitzu ikusi eta erosi ahal izango ditu bisitariak. Bioterran parte hartzeko egon den eskaria dela eta, sustatzaileak Bioterra gunea bigarren pabiloitik hirugarrenera aldatu behar izan dute erakusmahai guztientzat lekua egon dadin.
Hiru gune horiekin, bisitariengan kontsumo arduratsuagoa eta inguruarekiko begirune handiagoa sustatzea nahi dute. Helburu hori sendotze aldera, ekitaldiz josiriko egitarau bat prestatu dute. Besteak beste, hitzaldiak, haurrentzako tailerrak, proiekzioak, mahai inguruak eta erakustaldiak egingo dituzte hiru egun horietan. Orotara, alde ludikoa eta dibulgatzailea uztartzen dituzten 50 proposamen baino gehiago daude.
Naturall gunean, doako shiatsu erakustaldiak eta tai txi eta txi kung tailerrak egingo dituzte azokako hiru egunetan. Tailerretan parte hartzeko beharrezkoa da izena aurretik ematea.
Bestalde, Geobat gunean EHUko arkitektura taldeak Ekihouse proiektua erakutsiko du. Halaber, eguzki plaka eta geobiologia erakustaldiak egongo dira hiru egunetan. Hitzaldi eta erakustaldien egitarau osoa http://bioterra.ficoba.org webgunean eskura daiteke.
Exhibitor's Corner gunea ere izango da aurten. Bisitariengana are gehiago gerturatu, eta euren zerbitzu eta produktuei buruz talde txikietan hitz egin ahal izango diete erakusketariek.
Iraunkortasunari buruzko haurrentzakotailerrak ere prestatu dituzte. Larunbatean eta igandean, goiz eta arratsaldez egingo dituzte tailerrok.
Sarrerak hiru eurotan eskura daitezke. Hamabi urte beherakoak doan sartu ahal izango dira. Bizimodu ekologikoaren oinarriak praktikara eramateko proposamena egin dute, eta, hala, erakustazokatik 50 metro ingurura Euskotren geltokia dagoela gogorazi dute antolatzaileek.
Inoiz baino eskaintza handiagoa izango du Bioterrak
Bioterra azokak 125 erakusketari bilduko ditu Irunen, Ficoban; ostiraletik igandera bitartean izango da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu