Zibergela

Internet estatistikak

Interneten hedapena, zerbitzuen erabilera ezberdinak eta nabigatzean erabiltzaileek dituzten ohiturak ikus daitezke, besteak beste, estatistiken bidez. Webgune askok eskaintzen dituzte.

2012ko otsailaren 22a
00:00
Entzun
Bitarlan informatika eta Web Zerbitzuak

Oso ohikoa da Interneten estatistikak egitea, Internet erabiltzaileen kopuruaren inguruan edo gehien erabiltzen den nabigatzailearen inguruan, adibidez. Estatistikak eskaintzen dituzten webgune asko aurki daitezke amaraunean. Estatistika horiek, estatistikatzat jota, hori besterik ez delako, baliagarriak izan daitezke Interneten hedapena noraino heltzen den edo benetan arrail digitala nolakoa den jakiteko. Horrez gain, beste datu guztiak ezagut daitezke: zein neurritan erabiltzen den Internet zerbitzu bakoitza eta nola nabigatzen diren Internet erabiltzaileak.

Internet erabiltzaileak

Estatistiken arabera, 6.930 milioi biztanle zeuden mundu osoan 2011ko martxoan. Baina 2.095 biztanle bakarrik zeuden Internetera konektaturik, %30 alegia. Beraz, kontuan hartuz gero 2000. urteko abenduan 361 milioi erabiltzaile zeudela, Internet erabiltzaileen kopurua %480 igo da 11 urtean. Oso datu baikorra izango litzateke, ez bazaio txanponaren beste aldeari erreparatzen. Izan ere, oraindik munduko biztanleen %70ek Internet sarbiderik gabe jarraitzen dute. Hala, arrail digitala deritzona txit handia da mundu osoko estatistikei jaramonik eginez gero.

Erabiltzaile guztiei dagokienez, %44,8 Asiako erabiltzaileak dira, europarrak %22,1, eta Internet erabiltzaile guztien %12 besterik ez da Ipar Amerikakoak. Hego Amerikakoak, ordea, %10,1 dira, eta Afrikakoak, %6,2. Ranking horren amaieran Ekialde Hurbila eta Ozeania daude; erabiltzaileen %3,4 dauzka Ekialde Hurbilak, eta %1,1 Ozeaniak.

Alabaina, herrialdez herrialde datuak aztertuz gero, asko aldatzen dira gauzak. Izan ere, Ipar Amerikako biztanleen artean %78,6k daukate Interneterako sarbidea, eta Ozeanian, %67,5ek. Europarren kasuan, %61,3k dute Internet konexioa. Hego Amerikan, ordea, zenbakiak jaisten dira modu nabarmenean: %39,5ek baino ez dutelako Internet konexioa, Ekialde Hurbilaren antzera; azken horretan biztanleen %35,6 dira Internet erabiltzaile. Kasu horretan, ranking-aren azken postuetan Asia eta Afrika daude: %26,2 Asian, eta %13,5 Afrikan.

Grafikoak eta datu gehiago ikusteko, webgune honetara jo daiteke: http://www.internetworldstats.com/stats.htm

Webguneak

Nork ez dio bere buruari galdetu inoiz munduan guztira zenbat webgune dauden; ba datu hori Netcraftek ematen du, eta, webgune horren arabera, gutxi gorabehera 600 milioi webgune daude mundu osoan, helbide honetan (http://news.netcraft.com/) ikus daitekeen bezala. Web zerbitzariei dagokienez, Apache erabiltzen da gehien; Interneteko zerbitzarien %65ek Apache zerbitzari librea dute. Microsoft zerbitzaria, ordea, %14 baino ez da erabiltzen.

Domeinuen aldetik, .com domeinuak dira oraindik Interneteko jaun eta jabe. Hain zuzen ere, domeinu guztien %74 baino gehiago .com domeinuak dira. Ondoren, .net domeinuak daude, ia %11rekin. Elkarteentzako domeinuak, .org, eta komunikabideetarakoak, .info, atzetik datoz; .org-ren kuota %7koa da, eta .info-rena ez da %6ra heltzen. Bi domeinuak batera %1,65 baino ez dira.

Informazio gehiago eskuratzeko, webgune honetara joan daiteke: http://www.webhosting.info/ registries/

Microbloggingeta sare sozialak

Gehien erabiltzen den sare soziala Facebook da, jakina den bezala; 800 milioi erabiltzaile dauzka erregistratuta, eta horietatik 350 milioi erabiltzaile sakelako telefonoetatik eta tablet gailuetatik konektatzen dira. Twitter microblogging zerbitzua kokatuko litzateke bigarren postuan, 250 milioi erabiltzailerekin. Baina erabiltzaile aktiboak 100 milioi inguru dira, eta haien artean 250 milioi tweet egiten dituzte eguneko.

Bideoak 'on line'

Interneteko bideoen arloan ere izugarrizko hazkundea izaten ari da azken garai honetan; YouTube webgunean, adibidez, bilioi bat bideo baino gehiago ikusi dira jadanik, eta, batez beste, minutu bakoitzeko 48 bideo ordu kargatzen dira webgune horretara. Vimeoren kasuan, 200 milioi bideo inguru ikusi dira jadanik.

Erabilera datuak

Estatistika datu gehiago ezagutzeko http://marketshare.hitslink.com/ webgunera joan daiteke. Webgune horretan ere datu interesgarriak atera ahal dira; adibidez, ikusten da nabigazioaren aldetik %90 baino gehiagotan ordenagailuaren bidez egiten jarraitzen dela eta tablet zein sakelako telefonoen bidezko nabigazioa ez dela %10era iristen. Internet Explorer da oraindik gehien erabiltzen den nabigatzailea ordenagailuetatik nabigatzerakoan, %53rekin; bigarrena Firefox izango litzateke, %21eko kuotarekin; eta oso gertu Chrome dago, %19rekin; Safari ez da heltzen %5era ere.

Safari, ordea, nagusi da tablet eta sakelako telefonoetan, %55 batekin; ondoren, Opera Mini eta Android nabigatzailea egongo lirateke; eta oso erabilera eskasarekin, Symbian nabigatzailea.

Bilatzaileei dagokienez, antzekoak dira estatistikak ordenagailuetan zein sakelako telefonoetan: Google da nagusi. Ordenagailuetan %83ko kuota du, eta %91 baino gehiagokoa sakelako telefonoetan. Yahoo bigarren aukera izango litzateke internautentzat, ia %6rekin. Bing ez da hedatu Microsoftek espero zuen bezainbeste; izan ere, %1 eta %4ko kuoten artean mugitzen da.

Sistema eragilearen aldetik, erabiltzaile gehienek MS Windows erabiltzen dute. Bisiten %92 sistema eragile horrekin egiten dira; ondoren, Mac OS X dago; eta, azkenik, GNU/Linux, ordenagailuen kasuan. Sakelako telefonoetan, iOS da gehien erabiltzen dena, %54rekin. Android atzean dator, eta urrunago Symbian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.