«Interneti esker, bidaiatzea ez da orain hamar urte zena»

Familia eta lagunak agurtzen, denbora gutxi du Etxebarrietak egunotan; Venezuelatik iritsi berria, Gasteizko abenturari ekin behar dio hemendik aurrera.

Anakoz Amenabar.
2008ko ekainaren 17a
00:00
Entzun
Hiru urte eta lau hilabeteren ostean, bidaiaren abentura albo batera utzi eta Gasteizen bizi berri bati ekingo diote Eneko Etxebarrietak eta Miyuki Okabek. Bizikleta gaineko bigarren abentura handia izan da Etxebarrietarentzat; hamaika argazki, hamaika pasadizo eta hamaika lagun egin ditu bidean.

Amaitu da bidaiaren lehendabiziko etapa. Penaz etorri zarete?

Bai, gustatzen zaizun egitasmoa bertan behera utzi behar izatea gogorra da. Azken batean, inertziaz ari zara bidaia egiten, ohitzen joaten zara, gustura zaude eta aldaketa horiek ez dira errazak. Baina, zorigaitza izan ez denez, guk erabakitakoa denez, oso pozik gaude. Itzultzera behartuko gintuen motibazio bakarra zen haurra izatea.

Noiz arte pentsatuta zeneukaten bidaiarekin jarraitzea?

2005ean atera eta 2010era bitartekoa zen egitasmoa. Lehendabiziko bidaiarekin alderatuta egin genuen bigarrenerako aurreikuspena. Lau hilabeterako atera eta lau urtez egon nintzen orduan. Abentura bila atera nintzen, baina prebisio handirik gabe. Istanbulera iristea zen helburua. Hasiera hainbeste gustatu zitzaidan, non gehiago egitea pentsatu nuen. Turkia, Iran, Pakistan eta beste hainbat herrialdetan ibili nintzen. Horregatik erabaki nuen bidaia hau hainbeste luzatzea. Eta, egia esanda, motz egin zaigu leku askotan.

Bidaia egitea eta, era berean, kontatzea izan da helburua, ezta?

Bai, leku bakoitza sakonki ezagutu nahi izan dugu, eta, horretarako, uste baino denbora gehiago behar izan dugu. Txoko bakoitza arakatzen jarrita, amaigabea izan daiteke. Azken batean disfrutatzea izan da asmoa. Bidaian lasai joan eta dokumentazio lana ondo egin nahi izan dugu. Interneten gure elkarrizketa eta abentura guztiak jaso ditugu.

Ez al da gogorra hainbeste denbora etxekoak ikusi gabe egotea?

Gogorra da, bai. Gabonetan, adibidez, urrun sentitzen zara, eta bertan egon nahi zenuke. Dena den, harremanetan gaude ia egunero. Interneti esker, dena den, bidaiatzea ez da orain hamar urte zena. Lehen, gutuna bidaltzen zizuten eta auskalo noiz jasotzen zenuen. Orain zuzeneko solasaldiak izan ditzakezu familia eta lagunekin, maiz.

Zertan aldatu zara bidaiaren ondoren?

Halako bidaia egiten duena ez da berdin bueltatzen. Bikote moduan proba handia izan da, eta oso pozik gaude. Bidaian banatuta egon garen denbora bi edo hiru ordu izan dira, gehienez. Hainbeste denbora elkarrekin egotea uste dut ez dagoela bikoterik probatu duenik. Gero, arlo sozialean, esperientzia handia izan da. Konturatzea zenbat errealitate dauden eta zenbat arazo, era berean.

Burbuila batean bizi al gara?

Bai. Hemen ezer egin ezin dugula uste dugu, eta ez da egia. Lehenengo pausoa arazoaz jabetzea da, kontzientzia izatea, eta zerbait egin behar dela argi izatea. Lege aldetik, oso polita da dena, giza eskubideak ondo jasota daude paperean, baina bidegabekeria ikaragarriak daude arlo askotan. Hego Amerikan ahotsik gabeko sektore handiak daude, eta normaltzat jotzen dute. Arrazismoa, esaterako, oraindik basatia da leku askotan. Rioko txaboletara joatea baino ez dago arazoaz jabetzeko, hiriko ghettoak dira.

Bertan sartzeko aukera izan duzue?

Bai, Unicefen kontaktu batzuekin sartu ginen, berez ezin baita sartu. Neurriak hartuta sartu beharra dago, tiroketak ia egunero egoten direlako. Bertako herritarren harrera izugarria izan da. Elkartasuna, laguntza, babesa. Guk dagoeneko galdu ditugun balioak dituzte. Nire ustez, gu baino gizatiarragoak dira, beharbada zailtasun artean bizitzeagatik. Gu askoz ere indibidualistagoak gara; denetarik dugunez eta galdu nahi ez dugunez, etxea ixten dugu, inor sar ez dadin.

Hainbat proiektu ezagutu dituzue.

Bai, hainbat GKEren laguntzari esker, abian jartzen ari diren kultura egitasmo ugari ezagutu ditugu. Faveletan, esaterako, kultur etxea ari dira osatzen. Eta halako argi txikiekin liluratuta geratzen ginen. Hainbeste miseria artean, drogaren taldeek boterea duten lekuetan, politikariek beste alde batera begiratzen duten bitartean, poztekoa da halakoak ikustea. Gero, kostaldetik joan eta konturatzen zara batzuk gaizki bizitzeko beste batzuk oso ondo bizi direla, etxe izugarriak eta segurtasunez inguratuta. Izugarria da aldea.

Arazorik izan al duzue?

Ez dugu izan, eta jende askok harrituta begiratzen zigun bizikletarekin bizirik heltzean. Venezuelan, esaterako, orain psikosi handia dago lapurreta eta erasoekin, eta egon badaude, noski, baina guk zorte ona izan dugu. Zorte ona eta esperientzia apur bat ere badugu, gerta dakiguke, baina ez dugu arreta galtzen. Batek bestea zaintzen du.

Egitaraua eginda eramaten zenuten?

Eginda eraman bai, baina beti pentsatzen genuena baino gehiago geratzen ginen. Bi egunerako joan eta azkenean astea ematen genuen.

Non hartu duzue ostatu?

Kanpin dendan, ostatuetan eta lagunen etxeetan. Lagun kate handi bat izan da, egia esanda. Bat ezagutu eta bestearen familiarekin egon, hark beste lagun bat aurkeztu...

Paisaiaren bat aukeratu behar bazenu?

Leku ikaragarri bat, paisaiari dagokionez, Brasilgo Lencois Maranhenseak dira. Itsaso ondoko desertua da. Hondartza izugarriak eta ur gardena. Zaila da aukeratzen, halere. Patagonia ere ederra da, baina oso gogorra. Lekuak berak baino gehiago niri bertan bizi diren lagunek harritu ninduten. Askok 80 kilometrora dituzte auzokideak. Bertan galduta daude.

Eta, orain, errutinara buelta?

Ezetz espero dut. Orain momentu berezia da. Familia berriz ikusi, lagunak, eta semea jaioko da laster. Bestetik, argazkiak antolatu, erreportajeak prestatu eta proiekzioren bat ere prestatu behar dugu. Ez dut uste aspertuko garenik.

Bulego batean, zortzi orduz, lanean ikusten duzu zeure burua?

Errutinazko zerbait egiten, ez. Niretzat ezinbestekoa da ikasteko zerbait izatea, errepikatzen ez dena eta sormenezkoa izatea. Baldintza ezinbestekoa da etengabeko ikasketa izatea. Orain umea ikasgai handia izango da.

Tandemari aulkitxoa jarri beharko diozue gero.

Bai, hirurak joango garela pentsatzen dut. Bidaia motzekin hasi eta gero gerokoak. Bizi filosofia da bizikleta guretzat, eta ez dut uste sekula baztertuko dugunik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.