Ezarian. Zientzia. Argialdian

Intuizioa eta telepatia

Koldo Nuñez Betelu.
2011ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Lur da gure zakurraren izena. Eguna kanpoan eman ondoren, etxerako bidean nagoela, Lur urduri jartzen da justu minutu batzuk falta direnean ni bertara iristeko. Baina nola daki Lurrek ni iristear nagoela? Nire autoa entzun dezake kilometro askotara dagoenean? Ez, inolaz ere ez. Nire zakurrak bezala, zakur askok antzematen diote jabeak noiz dauden etxera iristear.

Nire amaginarreba Errusian jaio zen, bestalde, bertara gerra garaian umetan eramandako euskaldunen alaba. Euskal Herrira itzultzeko garaia hurbildu zenean ez zuten aurkitu zakurra norekin utzi, eta, lagun baten aholkuari jaramon eginda, urrunera zihoan merkantzia-tren batean animalia itxi, janarekin, urarekin eta gutun batekin, helmugara iristean norbaitek adoptatuko zuelakoan. Handik aste batzuetara zakurra etxean agertu zen, argal-argal, nekeak eta goseak jota, lehertuta baina pozik. Nola aurkitu zuen etxerako bidea erabat ezezaguna zitzaion ehunka kilometrotara zegoen nonbaitera bidali ondoren?

Rupert Sheldrake biokimikari eta landare-fisiologo ingelesak liburu bat du gaitasun honi buruz; hain zuzen ere, Nola dakite zakurrek jabeak etxerako bidean daudela? Izan ere, Sheldrake jauna aspaldi hasi zen gertaera hauek ikertzen era zientifiko batean. Dozenaka kasu aztertu zituen eta BBC katearen laguntzaz dokumentatu ere Ingalaterra osoan zehar. Zientzialari horren ustez, animaliek eremu morfikoak erabiltzen dituzte behar duten ezagutza jasotzeko. Eremu hauek ez omen dira fisikoak zentzu estu batean, eta, behin sortuta, denboran eta espazioan bidaiatzeko dira erabilgarri. Animaliek eta landareek zein beste edozein izakik erabil ditzake informazioa pasatzeko kontaktu fisikorik gabe eta beste informazio iturririk egon gabe. Hortaz, egiturak, ezagutza berriak… garatzen direnean edo taldearentzat interesgarri den informazioa sortzen denean bat-batean transmititu edo jaso daiteke. Horrela, animaliak migrazioetan, besteak beste, eremu morfiko hauetaz baliatuko lirateke, elkarren artean telepatikoki komunikatzeko eta bidea zein helmuga arazorik gabe aurkitzeko.

Sheldraken hipotesiak, hala ere, zailak dira frogatzen eta, ondorioz, askoren kritikak jaso dituzte. Dena den, hipotesi hauek zientziaren beste arlo batzuetan ere aplika omen daitezke, hala nola psikologian.

Aspaldi honetan indarra hartu du familia-konstelazioen tresna terapeutikoak, eta dagoeneko gure herri eta hiri askotan taldeka ari dira lantzen paziente askoren arazoen sustraiak. Arlo honen sortzaile nagusietako bat Bert Hellinger psikologo alemana da. Hegoafrikako zuluekin bizi izan zen. Psikoanalisia, Geltalt terapia eta gorputzean oinarritutako psikoterapia ikasi zituen Vienan eta AEBetan; hauek zein beste ezagutza batzuk konbinatuz, familien sistemekin hasi zen lanean. Hellinger psikologoaren ustetan, familien antolamendu eta historian daude geure arazo askoren sustraiak. Arazo hauek lantzeko, oso labur esanda, familiako bakoitzaren inkontzientearekin egin behar dugu lan, baita hilda badaude ere, bakoitzari bere lekua eta errekonozimendua emateko, sistemaren barruan agintzen duena maitasun itsua baita. Horrela itxiko ditugu doluak, sekretuak garbituko ditugu eta arazoak argitu, geure biziak osotasunean bizitzeko. Hau normalean taldetan lantzen da, boluntarioen bidez. Boluntarioek landu behar den arazoari buruz ez dute zertan aurretik ezer jakin. Soilik, burua zabalik izan eta datorrenari utzi etortzen, sentitzen. Nik neuk hamar bat urte daramat Bilboko lantalde batean konstelazioetan jarduten eta dozenaka konstelaziotan hartu dut parte. Bertan sentitu eta bizi izan ditut aurretik ezagutzen ez nituen beste pertsona askoren bizipenak eta ondoren senideek baieztatu didate behin eta berriro kanalizatu dudan pertsona bertan balego bezala izan dela. Baina nola egiten da hori? Hainbatek Sheldraken eremu morfikoak proposatu dituzte. Horrek azalduko luke nola bidaia dezakegu denboran eta espazioan eta nola bizi ditugun beste batzuen bizipenak inkontzienteak lantzeko, betiere pazientearen onerako lanean. Nahiz eta arlo honek kritikak oraindik jaso, nire bizipenak eramaten nau biziki gomendatzera. Familietan eta norberaren psikologian ez ezik, bizitzaren beste edozein arlotan ere erabil ditzakegu, ongi trebatuz gero.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.