Gaindegia Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategiak Iparraldearen eta Hegoaldearen arteko lankidetzaren inguruan hausnartzeko mahai inguru bat egingo du gaur arratsaldean. Baionako Unibertsitatean izango da eztabaida, 17:00etatik 19:00etara, eta euskara hutsean eskainiko dute.<br /><br />Mahai inguruak bi eremuen harreman ekonomiko eta sozialak aztertuko ditu, eta abiapuntua <i>Zer behar du Iparraldek Hegoalderekin?</i> galdera izango da. Mahai inguruan ekonomia eta gizarte alorreko adituak arituko dira eztabaidan: Jean Michel Larrasquet ESTIA Garatutako Teknologia Industrialen Goi Eskolako kidea, Peio Oihagarai Baionako Merkataritza Ganbarako kidea, Mixel Berhokoirigoin EHLG Euskal Herriko Laborantza Ganbarako kidea, LAB sindikatuko Amaia Fontan, Mitchel Etxebeste Mauleko Auzapeza eta Jose Luis Aizpuru Euskal Irratiak federazioko ordezkaria. EHUko irakasle Eguzti Urteaga izango da mahai inguruaren moderatzailea.<br /><br />Euskal Herriko aldaketa sozio- ekonomikoaren gaineko jarraipena egiten du Gaindegia erakundeak, eta, besteak beste, euskal demografia eta ugalkortasuna eta egoera ekonomikoaren aldaketak aztertu ditu.
2011ko uztailaren 5a
00:00