Xurdin eta haren lagunak Gabonetako kantuak abesteko gogoz datoz gaur Getariara (Gipuzkoa). 18:00etatik aurrera, dantzaz eta musikaz girotuko dute herriko plaza, haurrak zein gurasoak dantzan jartzeko prest. Argiztapen efektuek eta marrazki bizidunek lagunduko dute ikuskizuna erakargarriagoa izan dadin.
Dantza eta musika. Horiek uztartzen ditu Xurdinen euskarazko ikuskizunak. Abestien aurkezpenak pantaila erraldoi batean proiektatuko dituzte, eta pantaila horretan bertan Xurdin eta haren lagun marrazki bizidunen irudiak ikusi ahal izango dira.
Dantza egitera ere gonbidatuko ditu plazan biltzen direnak. Koreografia errazak eta dibertigarriak proposatuko dizkie Xurdin ipotx urdinak, diskoko abestiak kantatzearekin batera aldakak mugitzeko. Sointek produkzio etxeak ekoitzitako emanaldia da Xurdinen gabonetako kontzertua. Hasiera batean, hiru kidek osatu zuten ekoiztetxea: Sonia Ezkerrak, Jose Mari Gorostegik etaImanol Arabaolazak, hain zuzen. Xurdin kobazuloan galdurik antzerki musikatuarekin Euskal Herriko hainbat txoko bisitatu dituzte dagoeneko, eta, orain, Gabonetarako espreski prestatutako emanaldiarekin dabiltza lanean.
'XURDIN GABONETAKO KONTZERTUA'
Noiz. Gaur, 18:00etan.
Non. Getarian (Gipuzkoa), plazan.
Ipotxak ere Gabonetan kantari
'Xurdin Gabonetako Kontzertua' haurrentzako saioa eskainiko dute gaur Getarian, 18:00etan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu