Maratila
Ipuin biltzailea
Corteko gaztelua han da kaskoan. Maldan diren karrika hertsiak Armen plazara doaz. Bi ikaragarrizko afixa begiz-begi: Napoleon Bonaparte batean. Bestean, Pasquale Paoli. Beste nonbait norbaitek L'amour hitza barratu du FLNC gorago gehitzeko. Eta Korsikako mapa triangularra Lotta Ghjuvent izkiriarekin. Eguzkia sartzen ari beherago karrika hotxetan. Goiz baita oraino. Laranjaz pintatuak diren etxeek, harria agerian dutenekin kontrastea egiten. Han gainean, gazteluaren dorre borobilen kaskoak. Eguzkiz urreztatuak. Gazteluaren behereko egoitzetan, Pasquale Paoli unibertsitatearen salak. Lurpeko presondegi zaharrak hemen dira ere. Gaur bulego bilakatuak. Don-Mathieu Santini ikertzailea oroitzen da ttipitan bere aitarenganik entzuten zituen ipuinez. Orduan zuela ulertu «irakurtzen den ipuina, ez dela 'ahozko ipuina'». Gogorarazten ditu Korsikan «hizkuntzaren zinezko politika» plantan hasten ari zituzten aro haiek. Desagertzeko irriskuan ziren elementu kultural gehienen biltzen nola hasiak ziren unibertsitatean, ikasle zelarik. Zaila zela korsikar ipuinen biltzea. Kontalariaren eta biltzailearen artean traba psikologikoak handiak zirela. Egia zela norbaitek zioena, «baxoa» (selektibitatea) baino bost urte apalago gelditua zela bere ikasketetan, gehienetan, kontalaria. Aldiz, ipuin biltzaileak baxoaren ondotik bost urte bederen bazituela pasatuak unibertsitatean. Beharrezkoa zela (dela) alta harreman hori arbasoen jakitatearen salbatzeko. Ez iraganaren museoetan altxatzeko, gordetzeko. Baizik eta etorkizunaren eraberritzeko. Oroitza zainduz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu