Muskizen (Bizkaia) dago Muñatones gaztelua, XVI. mendeko eraikin dotorea. Bizkaiko arkitektura ondarearen harribitxietako bat da, eta, kanpoko aldean dituen harresien sistemagatik, gaztelutzat jo daitekeen Bizkaiko dorretxe bakarra. Kanpoko aldea ez ezik, gazteluaren barrunbeak ere ezagutzeko modua dago orain. Bisita gidatuak antolatu dituzte udan, eta igandean egingo dute lehenengoa. Haren ondoren igandero egingo dituzte bisitak, irailaren 9a arte. Euskarazko bisitaldiak 11:30ean hasiko dira, eta gaztelaniazkoak, berriz, 12:30ean. Sarrera 3 eurotan jarri dute, eta 2 euroan 10 lagunetik gorako taldeentzat, 25 urtetik beherakoentzat, eta erretiratu, langabe edo ezinduentzat. Argibide gehiago nahi duenak El Pobaleko burdinolara deitu dezake, 629-27 15 16 telefono zenbakira.
Izan ere, lotura estua dute Muñatones gazteluak eta El Pobaleko burdinolak, eta bi monumentuak batera bisitatu daitezke. Bizkaiko iraganaren alderdi desberdin baina osagarriak irudika daitezke gazteluaren eta burdinolaren bidez. Biek egiten dute antzinako garaiak gogoratzeko bide, eta bisiten bidez jakin daiteke Erdi Aroko noble landatarrek zein aberastasun iturri zituzten.
Gaztelua, Salazartarren jauregia eta desagertutako San Martin Muñatones ermita 1944. urtean izendatu zituzten monumentu historiko artistiko. Bizkaiko Foru Aldundiak erosi zuen 1999an, eta tarteka antolatu dituzte gaztelua ezagutarazteko bisitaldiak. Irailaren 9a bitartean dago orain aukera.
Iraganerako bidaia
Bisita gidatuak antolatu dituzte udan Muskizko Muñatones gaztelura; igandeetan izango dira irailaren 9a bitarte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu