Iraken komedia bat egiteko, diru bila

Urte asko dira Iraken ez dela komediarik egiten, eta horri buelta emateko, proiektu bat osatu du Lander Camarero zinemagile bilbotarrak. Nizar Rami irakiarrarekin batera, film labur bat egitea du xede, eta filmak gatazkari lagunduko liokeela uste du.

Lander Camarero zinemagile bilbotarrak Nizar Rawi irakiarrarekin egingo du proiektua. BERRIA.
Iruñea
2013ko irailaren 22a
00:00
Entzun
Iraken komedia labur bat grabatzeko, diru bila ari dira Pressure Filmak ekoiztetxe eta Lander Camarero zinema zuzendari bilbotarra. Ekialde Hurbileko herrialde horretan aspaldian ez da komediarik egin izan, eta generoa berreskuratzen lagundu nahi du Camarerok, Nizar Rawi zinemagile irakiarrarekin batera. Hain zuzen ere, A serious comedy (Komedia serio bat) film laburra egin nahi du Iraken Camarerok. Filma egiteko Irak herrialdea, eta, genero gisa, umorea aukeratu izana ez dira kasualitatea izan. Gatazkan murgildurik, umoretik urrun baitaude aspaldian irakiarrak, eta horri buelta ematea da Camareroren helburua. Aurreikuspenen arabera, filmatzea bi zatitan eginen da: bata dokumentala izango da, eta, bestea, fikzioa.

Lehenengo zatia Bagdaden hasiko dira filmatzen urriaren 21eko astean. Bigarrena, berriz, 2014ko otsailean eginen dute. Okerrik ezean, lana heldu den urteko urrian estreinatuko dute, Irakeko hiriburuan bertan. A serious comedy 25 minutu iraunen duen film labur baten proiektua da. Fikzioa eta dokumentala nahasten ditu, eta zinemagile irakiarraren helburua berriro komedia egiten hastea da. «Komedia bat grabatzea erabakitzen duten irakiar talde baten istorioa da», azaldu du Camarerok. «Irakeko zinemaldi batean film serioak jasotzeaz aspertuta, komedia bat egitea erabakitzen dutenekoa».

Elkarlana eta adiskidetasuna

Camareroren eta Rawi irakiarraren adiskidetasunaren ondorio da proiektua. Rawi Irak Short Film Festival zinemaldiko zuzendaria da. Camarerok duela bi urte ezagutu zuen Italiako Palermo hirian. Joan den udan berriro elkartu ziren Granadan (Espainia). Han izandako solasaldiaren ondoren sortu zen ideia. Artean, Rawi kexu zen Iraken ez zelako komediarik egiten; haren arabera, denak ziren tragediak eta herrialdeak duen gatazkaren ingurukoak. Ez zegoen irribarrerako zirrikiturik. Egoera hori iraultzen lagundu nahi du Camarerok.

Proiektua errealitate bihurtzeko, 13.800 euro behar dituzte. Horretarako, dirua biltzeko kanpaina bat abiatu dute sarean. Oraingoz, 470 euro lortu dituzte. Behin lehen 3.000 euroak lortuta, lanean hasiko direla dio bilbotarrak. Asteotan proiektua aurrera ateratzeko lanean ari da buru-belarri. Lagundu nahi duenak ondoko webgunera jo behar du: http://www.indiegogo.com/projects/a-serious-comedy/x/4683391.

Aurtengo Kimuak katalogoa osatzen duten filmetako bat egina du Camarerok: A political Story (Historia politiko bat) dokumentala, eta Donostiako Zinemaldian emanen dute. Beraz, badu dokumentalak grabatzen eskarmentua. Kulturarako dirua lortzea erraza ez dela badakien arren, baikor da. «30 urte dira Iraken ez dela komediarik egiten. Hori ez da gatazkaren bat duen beste inon gertatzen».

Irakeko zinemara irribarrea eta umorea itzultzeak herrialdearen egoera gatazkatsua moldatzen ere lagundu dezakeela uste du. «Komedia beharrezkoa da halako egoeretan. Ikus-entzuleak behar du bizipoza». Baina hori bakarrik ez, komedia salaketa eta kritikarako baliagarria izan daitekeela azpimarratu du bilbotarrak. «Umorea ongi dago errealitatetik ihes egiteko, baina baita salaketa egiteko ere. Kritika bat irribarre batekin eginda, maiz, bestelako salaketak baino eraginkorragoa izan daiteke». Ilusiorik eta gogorik, behintzat, ez zaie falta, eta diru pixka bat lortu orduko, lanean hasteko prest dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.