Itzulguneak geroz eta tinkoago doaz. Haltzara, lehen lepora iritsi gara. Hasi dira gauzak argitzen. Lehen izeiak hor daude. Mendibe eta bere inguruak han daude, behean. Bidea segi eta Xalbador kapera dago, ezkerrean. Lehen etxolak, sasoiko azken ardiak. Inoiz baino itzulgune tinkoek korapilatu dute bidea. Duela bi urteko Touraren aztarnak daude bidean, Mayoren izena, ikurriña. Burdinkurutxetako lepora iritsi gara. Lekuak merezi du. Hatsa hartzeko bederen. Eta begien goxatzeko. Lehen mendiak, Iraukottutturru eskuin, Okabe ezker. Beste tontor batzuk, mendi zorrotzek zerua urratzen dute. Ibarrak ilun-ilunak dira, zolarik gabekoak. Donibane Garazi, urrun, txuri-txuria, eta bere auzoko herriak. Lehen pagoak aitzinean zabaldu dira.
Barnago sartuko gara. Adarren artetik, tanta urdin batzu, Irati-Garaziko aintzira da. Leku baketsua, erreka basatia, xoriak, pagoek haizea mozten. Naturaren harrabotsa. Bide-seinale bat. Ezterenzubira edo Larrainera. Iratiko oihana zaintzen dituzten bi herriak, Mendiberekin. Oraindik barnago goaz. Oihanaren erdian. Irati gainera iritsi garela dio seinale batek. Autoa hor aparkatu dugu. Pedro txaleta hor dago. Orain, hainbat aukera daude egunaz goxatzeko, naturaz asetzeko.
Iratiko oihana, lehenik. Pago baso erraldoia, 17.195 hektarakoa. 1.050 hektarea Baxenabarren, 1.250 Zuberoan, gaineratekoa Nafarroan. Basajaunaren bizitokia dio mitologiak. Baxenabarre eta Zuberoaren arteko mugan, Iratiko basoak gauza anitz salatzen du. Oihanaren erdian, ikaztegi plazak, aldaparen erdian zelaitxoak, gizakiaren presentziaren lekuko, XVIII. mendeko aztarnak. CNRS erakundeak landutako ikerketa batean, K.a. 5500. urtean sartu omen ziren hemen lehen gizakiak. Geroago, K.a. 1800-1400 bitartean, artzainak emendatu omen ziren, eta oihana murriztu, eta aldatu. Ordu arte haritzak zeudengehienik Iratin, eta pagoa nagusitu zen poliki-poliki, izeiekin batera. Azkenean, Basajaunaren oihana baino gehiago, gizakiaren obra zuzena da Iratiko oihana, batez ere ipar partean.
HARRESPILAK, ARTZAINAK. Okabeko alderdian ikusten dira garai urrun horien aztarnak. Irati gainetik hurbil, Oraateko lepoa dago. Autoa bertan aparkatu, eta bidexka batek Okabeko eskualdera eramaten du. Gune zabalak daude han, eta han eta hemen, haritza batzuk daude, bakarrik, mendiaren erdian. Gizakiek haritza oihana murriztu zutelako seinale. Haratago, beste zelai batean, Neolito garaiko harrespilak daude. 26 daude orotara. Denak miatuak izan dira, eta gizaki hezurrak izan ezik, garaiko tresnak ere aurkitu dituzte, bai eta erreak izanak diren partikulak. Okabe kaskora heldu baino lehen, harri meta potolo bat. Hau ere gizakiaren aztarna. Urrunago, Ezterenzubiko aldera joanez, Arxilondoko mendi mazelak. Anitzek Irlandarekin konparatzen duten lekua, batez ere lainoek ferekazen dituztenean zelai berdeak. Okabeko harriekin kontrastea. 2.000 ardi egoten dira bertan, urtero, maiatzetik urria arte. Eta artzainak haien jezten, gasnak etxolan ekoizteko. 15.000 ardi daude Irati iparraldean orotara, Baxenabarren eta Zuberoan, eta 100 bat gizon-emakumek zaindurik.
Zuberoako aldera joatea deliberatu dugu. Larraineko bidean, txalet andana bat daude, basoaren erdian. 40 daude orotara, eta oihanean galtzeko aukera eskaintzen dute. Neguko elurretan, zurezko etxetxo horietan egoten ahal da, denetarik urrun, naturaren esku. Hortik hurbil, iraupen eskia guneak daude, bai eta erraketa ibilaldiak ere.
Baina ez dugu oraindik neguaz oroitu nahi. Urrian, autoa txaleten bazterrean utzi eta Organbidexkako lepoa ez da saihesten ahal. Urrundik heldu diren usoak hortik pasatzen dira, urtero. Gustu guzietakoak daude bertan. Ehiztariak, edo txorien migrazioaren aztertzen ari diren jendeak, Organbidexka Col Libre elkarteko kideak. Usoen ikusgarri eleganteari begira egun osoa pasatzen ahal da. Hortik aurrera jarraituz, Ori mendira joateko parada dago. Baina ibilaldi dorpea da, eta mendizale kirolariei gomendatua. Organbidexkatik 4 ordu behar dira joan-etorriaren egiteko.
Ori baino goxoago, Bagargiko lepoa. Bertako ostatuaz aparte, Pirinioak ikusteko leku paregabea. Eskuin, Ori mendiko mazelak, behor eta ardiekin. Urrunago Anie mendiaren kasko zuria, eta haren gibelean, Pic du Midi d'Ossau ospetsua.
Bidea segituta, Iratiko ibilaldia amaitzeko agintzen du Larraineko herriak. Naturaz ase. Ardiak urrian bezala, menditik jaitsiko gara neguari aurre egiteko. Iratiko oihaneko zatirik handiena ikusteko dago oraindik. Nafarroako aldera joan behar da. Baina hori beste istorio bat da.
JaKInGarrIaK
Nola iritsi: Donibane Garazitik Donazaharreko herrira joan, D18 bideari segi. Bertan, Iratiko bidea hartu eskuin, eta Ahatsa, Lekunberri eta Mendibe herriak zeharkatu. Haltzako lepotik, Xalbador kapera bazterretik eta Burdinkurutxetako lepotik pasatu behar da ondoren. Irati-Garaziko aintzirara heltzen da horrela. Hortik, hiru aukera daude: Ezterenzubiko aldera joan, Larraineko, eta Bagargiko lepoko bidea hartu, edo autoa urrunxeago utzi, txaletetan; aparkalekuak daude bertan. Hortik oinezkako bide franko ateratzen da: Okabe, Organbidexka eta Orira.
Non jan: Restaurant d'Iraty, Bagargiko Lepoan, Larrainen. Oihanaren erdian den ostatua, Pirinioko mendiak ikus daitezke bertatik. Tximiniaren bazterrean jaten da neguan, kanpoan eguraldi goxoagoarekin. Telefonoa: 00 33 (0)5 59 28 55 86.
Pedro txaleta, Iratiko oihanean, Mendiben. Oihanaren erdian, leku xumea bezain beroa. Dena zurez egina da, eta mahaiak haritzez eginak dira. Amuarrainak, aingirak eta txuletak eskaintzen dituzte, besteak beste. Lo egiteko aukera ere badago. Telefonoa: 00 33 (0)5 59 28 55 98.
Non lo egin: Iratiko txaletak: 40 txaleta daude oihanaren erdian, Larrainen. Prezioa: 360 euro astea, 6 lagunentzat. Hainbat aukera daude, txalet batzuk herrixka baten ondoan baitira, besteak, aldiz, oihan zokoan nahiko aldenduak. Telefonoa: 00 33 (0)5 59 28 51 29.
Iraupen eskia, erraketekin ibilaldiak: Txaleten ondoan, 45 kilometroko pistak daude, bai eta 30 kilometroko ibilbideen aukera ere. Eskiak eta erraketak alokatzen dituzte bertan, nahi bada. Telefonoa: 00 33 (0)5 59 28 51 29.
Argibide gehiago: Donibane Garaziko Turismo Bulegoa 00 33 (0)5 59 37 03 57. Larraineko Herriko Etxea 00 33 (0)5 59 28 62 80.
Oihan industriala izana
X.A.
Mendibe
Iratiko oihana ez da gaur ezagutzen den leku goxoa izana beti. XIX. mendean, basoko pagoei interesatzen hasi ziren industria zenbait: Larraineko eta Mendibeko burdinolak egur beharrez geratu ziren. Iratiko pagoen mozten hasi ziren 1847an. Baina enborren garraioan oztopo handi bat agertu zen, biderik ez baitzen iristen oihanaraino. Horregatik, egur mozteak gelditu ziren1866an, eta bide proiektu bat abiarazi zuten instituzio publikoek.
Hogei urte berantago, Iratiko oihanean mozturik geratua zen 89.000 m3 enbor kopurua saldu zioten enpresari bati. Baina bidearen proiektua ez zelakoz aitzinatzen, egurrak esku batzuetatik besteetara pasatu ziren, eta 1927an, hamaikagarren jabeek, Landetako Pedelucq anaiek Mendiben zerrategi bat eraikitzea deliberatu zuten. Iratiko enborren garraioa airetik egiteko asmoa zuten.
Denboran, Italiako Moretti anaiek arkitekto bikainen fama zuten, eta Iratira ekarrarazi zituzten garraioaren oztopoa gainditzeko asmoarekin. Bi egunez lortu omen zuten aterabidea. Bi urte berantago, eraikuntza-lan erraldoia hasi. 1931. urtean, 13 kilometroko burdinezko haria, Europako luzeena, martxan jarri zuten. Mendibetik abiatu, Haltzako lepoan barna, Xalbador kaperaren ondotik, Burdinkurutxetako lepoa zeharkaturik, Irati gainera heltzen zen kablea.
1930eko hamarkadan, oihana industrialaren itxura guziak hartu zituen Iratik, Baxenabarren. Zerrategiaren harrabotsak lagundurik, enborrak lerroka ikusten ziren airean, oihanetik ateratzen. Eskalapoi fabrika erraldoi bat ere eraikia zen artean. 60 bat langile ziren orduan, lekuko gizon gazteak, nafarrak, eta italiarrak ere bai.
Baina urteak joanez bezala, basoak geroz eta gehiago sufritzen zuen martxa industriala horrekin. 1953an, zutik gelditzen ziren pago guziak moztu nahi izan zituen zerrategiko jabeak, gero oihana berriz landatzeko. Enpresa erraldoia ixtera zihoala erran nahi zuen horrek. Baina proiektu horren aurka abiatu ziren lekuko biztanleak, hautetsiek lagundurik. Zerrategia 1956an itxi zen, hori bai, baina Iratiko oihana salbatu zuten. Geroztik, zerrategiaren lekuan Mendibeko eskola dago gaur egun, eta artzainen eta mendizaleen esku dago Irati.