Aste honetan urtea bete da Tunisian matxinadak hasi zirenetik. Magrebeko herrialde hura izan zen lehena udaberri arabiarraren matxinaden artean. Alabaina, protestak nonahi izan dira munduan 2011n, Europan nahiz AEBetan. Time aldizkariak ere manifestaria hautatu du urteko pertsonaia gisa, eta bere azalera ekarri.
Tunisian 2010eko abenduan abiatu ziren protestak agintarien aurka. Hedabideek ez zieten arreta handirik eskaini hastapenean. Inor gutxi ohartu zen matxinada orokor baten hasiera zela hura. Iraultzaileek Tunisian jarritako hazia Egiptora zabaldu zen, Libiara, Siriara, Yemenera... Udaberri arabiarra esan dioten iraultzak askotariko emaitzak izan ditu, desberdinak herrialde bakoitzean. Zenbaitetan agintariak boteretik kendu eta sistema berriak ezartzea lortu dute manifestariek —Libiaren kasuan gerra baten ondoren—, bestetan ez. Guztietan, edonola ere, hildako kopurua handia izan da, eta eroritakoen zerrendak handituz doaz oraindik ere, Sirian, adibidez.
Haatik, urte askoan boterean egondako agintarien errepresioa ez da herrialde arabiarren kontua bakarrik izan. Matxinadaren espiritua Europan zehar barreiatu da 2011. urtean. Krisi ekonomikoaren zurrunbiloan haserretuen protestak iritsi ziren Espainiara, baita Euskal Herrira ere; nola ez, Greziara ere bai. Atenas sutan jarri zuten —hala jarraitzen du—euren bizi-kalitatea erabat zapuztu dutela ikusi duten hiritarrek. Europa osoan zabaldu zen hautsitako sistema ekonomikoaren aurkako matxinada: Ingalaterran, Frantzian, Italian…
Israelen ere altxatu ziren hiritarrak Benjamin Nentanyahuren kontra. Oraindik ere espiritu matxino horrek bizirik dirau hiri askotan. Errusian berri-berriak dira protestak Putinen aurka, hauteskundeen garbitasunaren gorabeherak tarteko. Halaber, botere ekonomikoaren Mekan, Wall Streeten, gertutik entzun behar izan dituzte kapitalismoak txirotu dituen milaka hiritarren oihuak. Occupy Wall Street mugimenduak berriki egin ditu bere azken ekintzak.
Aldaketa politikoak eta ekonomikoak eskatu dituzte manifestariek munduan zehar, norberak bere herrialdearen ezaugarriei loturik, baina leku guztietan ez dute arrakasta bera izan. Horregatik hautatu du Time aldizkariak manifestaria urteko pertsonaia gisa.
Ezarian
Iraultzaren urtea
Aldaketak galdegiteko, matxinada ugari gertatu dira munduan 2011. urtean, baina leku guztietan ez dute arrakasta bera izan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu