Iritsi da gau magikoa
Errege magon desfileak gaur arratsaldean izango dira Iruñean, Bilbon, Donostian eta Gasteizen.
Arratsaldeko lauretan hasiko dira ekitaldiak Iruñean. Magdalena zubian dute lehenengo hitzordua, hara iritsiko dira errege magoak, eta ondoren harresietara abiatuko dira. 16:15ean Zumalakarregi portalera iritsiko dira.
Frantziako portale berritutik sartuko dira Iruñera. Urteetan itxita egon den portalea errege magoentzat irekiko dute. Ekitaldi txiki bat egingo dute han. Zaldizkoaren, heraldoaren eta zaintzaileen arteko elkarrizketa antzeztuko dute. Elkarrizketaren ondoren zabalduko dituzte ateak zaintzaileek. Handik jarraituko dute ibilbidea errege magoek.
Arratsaldeko bostetan udaletxera iritsiko dira, eta 19:00etan hasiko dute hiri barruko desfilea. Hainbat karroza izango dira, eta haietara igotzeko aukera izango dute haurrek.
Besteak beste, jaiotzaren karroza, Heraldoarena, suaren magoena, eta jostailuen fabrikarena izango dira aurten ere.
Bi ordu inguru iraungo du desfileak, eta 3.500 kilo gozoki banatuko dituzte. Gazteluko plazan, La perla hotelean gune bat izango da ezinduentzat, handik desfilea jarrai dezaten.
Urteroko ibilbidea aldatu beharko dute aurten, Gasteizen, errege magoek. Goizean tren geltokira iritsi eta, ohi bezala, Bilbo plazan hasiko dute arratsaldean desfilea. Tranbiaren lanak direla eta, Luis Heintz kalean aldaketa egingo dute Gasteizko Etorbidera bidean.
Lehenik, Herbeheretako Close Act taldeak girotuko du ibilbidea perkusioa eta sua erabiliz. Gero, Teatro Imaginario antzerki taldearen Ur ametsa ikuskizuna izango da, 28 izaki magikoren laguntzaz, eta Gasteiz urez betetako unibertso bihurtuko da. Eta, azkenik, Ale Hop taldeko pailazoek alaituko dituzte txikienak. Ibilaldi amaieran helduko da gozoki banaketa. Aldaketen artean, zeliakoek ere glutenik gabekoak jasoko dituzte aurten.
Zirkoaren gaia izango du ardatz aurten Bilboko errege desfileak. Zazpi karrozek osatuko dute kabalgata, eta guztira 300 antzezle eta musikari izango dira. Arratsaldeko seietan abiatuko da desfilea, eta glutenik gabeko 4.000 kilo gozoki banatuko dituzte. Udaletxera iristean, errege magoek euren mezua zabaldu aurretik, ibilbidean lagun izan dituzten artistek zirko emanaldia eskainiko dute. Agurraren ondoren, haurrak errege magoekin egoteko aukera izango dute, Udaletxeko Arabiar aretoan.
Ezinduentzat, berriz, baliabideak ezarriko dituzte aretora iritsi ahal izateko, eta desfilea ikusteko lekua gordeko diete, Foru Jauregiaren ondoan. Erregeen mezua, gainera, keinu hizkuntzara itzuliko dute.
Trikitilariak, txarangak, dantza taldeak, suhiltzaileak... guztira500 lagunek parte hartuko dute Donostiako Erregeen desfilean. Animaliak ere ez dira faltako: astoak, ahuntzak, ardiak...
Eguraldi txarra egiten badu Meltxor, Gaspar eta Baltasar erregeak trenez iritsiko dira Donostiara, Euskotreneko Easoko geltokira, 14:41ean. Handik txu-txu trenean udaletxera joango dira. Eguraldi ona egiten badu, berriz, itsasontzian iritsiko dira errege magoak 14:50ean, portura.
Udaletxean haurrekin izateko aukera izango dute, 15:30etik 17:30era batzar aretoan egongo dira, eta haurrek euren gutunak eta mezuak helarazteko parada izango dute. 17:15ean erregeen bi laguntzaile udaletxeko atean izango dira, aretora sartu ez diren haurren gutunak jasotzeko. Ijentea kaletik sartu ahal izango dira ezinduak udaletxera.
Errege magoen desfilea 18:00etan hasiko da. Lau karrozek osatuko dute kabalgata: jaiotzaren karroza, eta ondoren errege bakoitzeko karroza bana. Meltxorren karrozak gamelu handi bat izango du; Gasparrenak Osiris jainkoa izango du ardatz; Baltasarrek izango du karrozarik handiena, apaingarriz betetako harmailadia izango du. Majestic enpresak egin ditu erregeentzako karrozak. Haien atzetik suhiltzaileak joango dira.
Guztira, 2.100 kilo gozoki banatuko dituzte gaur errege magoek eta gainera, zeliako eta diabetikoek ere dastatu ahal izango dituzte.
Desfilea bukatuta, 19:15ean, Matia Fundazioa eta Quavitae gizarte etxeetara joango dira errege magoak.
Ohi bezala, zirkulazioan aldaketak izango dira gaur, desfilea dela eta. Bestalde Euskotrenek zerbitzu berezia jarriko du Donostia eta Errenteria bitartean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu