Manuel Iradier Koralak herenegun egindako pregoi zirraragarriaren ostean, txupinazoa besterik ez zaie falta gasteiztarrei Zeledon San Migelgo balkoitik jaisten ikusteko. Txupinazoa besterik ez marea laranjak Andre Mari Zuriaren epizentrotik pixkanaka hiria jai giroan murgil dezan.
Hamaikagarren aldia izango du Gorka Ortiz de Urbinak Zeledon jantzita Andre Mari Zuriaren plaza jendez lepo dagoela punta batetik bestera zeharkatuko duena. Uholde laranjan murgildu beharko du berriz ere Zeledonek, aurten ere udalak Euskaltelekin akordio bat egin baitu; promozioaren truke egitarauko aurrekontuaren %10 finantzatzen du enpresak.
Betiere, arabar erara emango diete ongietorria jaiei: xanpain botila eta txokorrarekin. Hala ere, arazoak saiheste aldera, Zeledonen jaitsierara lata zein beirazko ontziak ez eramateko gomendioa egin du udalak. Zehazki, joan den urtean artatutako 60 pertsonatik 52 kristalarekin egindako zauriengatik izan ziren. Arazo horri irtenbidea emateko, gomendioaz gain udalak hamabi boluntarioren laguntza jarriko du. Txupinazoaren osteko kristal zatiak edukiontzietan botatzeaz arduratuko dira. Gainera, beira zatien eta, oro har, kaleko hondakinen garbiketa kudeatzeko, %12 igo dituzte garbiketa lanaldiak.
Hedabideak protagonista
Udal komunikabideez osaturiko talde batek botako du aurten txupinazoa. Horretarako, kamiseta bereziak jantziko dituzte, ezberdintzeko. Guztira, hamabost komunikabide izango dira Punto Radioko Maria Senderos kazetariari laguntzen. Izan ere, hura izango da txupinazoa botatzeko arduraduna, Javier Maroto alkateari elkarrizketa egin ostean, hark hitza ematean.
Eusko Jaurlaritzatik Isabel Zelaa Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburua izango dela iragarri dute jaitsierarako. Horrez gain, Bildu Gasteiz Udal Taldeak Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia eta Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateagonbidatu ditu txupinazora. Horiekin batera, koalizioak herri komunikabide alternatiboei egin die gonbidapena, hala nola Hala Bedi irratiari eta Geu Gasteiz aldizkariari.
Era berean, gogorarazi dute presoen senideak ere bertan egongo direla. Ordezkaritza politikoa EAko idazkari nagusi Peio Urizarrek, ezker abertzaleko Iñaki Olaldek eta Alternatibako bozeramaile Oskar Matutek osatuko dute.
Gogoz saiatu beharko dute udal komunikabide horiek; izan ere, muga oso goian jarri du Manuel Iradier Koralak. 350 pertsonak baino gehiagok parte hartu dute Plaza Berrian argi-zuziekin gaueko hamarretan egindako emanaldian.
Jaiak. Gasteizko Andre Mari Zuriaren jaiak
Iritsi da Zeledonen txanda
Jende andana bilduko da gaur Andre Mari Zuriaren plazan festei ohiko harrera ematera, xanpainarekin eta txokorrarekinPunto Radioko Maria Senderosek botako du txupinazoa, beste kazetari batzuez lagunduta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu