Irlandako psikodelia berria

1960ko hamarkada ez zela inoiz amaitu erakutsiko du The Urges boskoteak gaur Gasteizko Goran

Erredakzioa
2010eko urriaren 28a
00:00
Entzun
Dublingoak dira, eta garage heze batean elkartzen ziren asperraldiari ihes egiteko. Izan ere, badirudi mendez nahastu zirela jaiotzean. Sekulako kritika onak jaso ditu The Urges boskote irlandarraren zuzenekoak. Psikodeliaren alderik basatiena hartzen dute, 13th Floor Elevators, The Seeds, Nuggets edo The Byrdsen haragiztatze berria balira.

Kontuz, ordea. The Urges ez da azkenaldian perretxikoak bezala sortu diren omenaldi talde horietako bat, eta horretan datza horien indarra. Euren kantak sortu eta euren kantak jo, freskotasunez eta gaztetasunez, mozorrotu gabe. Ez dute 1960ko minik, ez dute keinu ironiko-postmodernorik egiten. Erabat sinesten dute euren soinua eta estetika, ziurrenik euren gurasoak ez zirelako hippyak izan, baizik eta punk-rock zaleak.

Estraineko singlearekin-(Around &) Around Again- Irlandako zerrendetan buru jarri ziren 2005eko udan. Paul Wellerrekin, Ocean Colour Scenerekin, The Buzzcocksekin, Babyshamblesekin eta Kula Shakerrekin jo dute, besteak beste.

Kontzertu gordin eta bortitzak ematen dituzte, nahasterik ez duen soinu propio horrekin. Fuzz efektutik pasaturiko gitarrak eta organu psikodelikoak, kalparrak eta alkandora koloretsuak, entzuleek denboran bidaia egin dezaten, orainaldira.

THE URGES

Noiz. Gaur, 20:00etan.

Non. Gora tabernan, Frantzisko Xabier kantoia, Gasteiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.