Irri baten truke

Mugarik Gabeko Pailazo Elkarteari esker Myanmar Batasunean antzerki ematen aritu dira Lasako Le Petit Theatre de Pain konpainiako Fafiole Palassio eta Ximun Fuchs.

NORA ARBELBIDE LASA
2007ko apirilaren 12a
00:00
Entzun
Bidaia baten egiteko hamaika era daude. Fafiole Palassio eta Ximun Fuchs Lasako (Baxenabarre) Le Petit Theatre de Pain konpainiako kideak Mugarik Gabeko Pailazo Elkartearekin bidaiatzeko aukera izan dute Myanmar Batasunean (lehen, Birmania) gaindi urtarrilean.

Erakunde humanitarioak aipatzerakoan, mediku, gosearen aurkako elkarte edo gisa bereko larrialdi egoerez arduratzen direnak heltzen dira gogora. Pailazoa, ordea, ezhainbeste. Goseturik dagoenari sudur gorri bat emateak zer balio du? «Ez gara mundua salbatzera joan», argitzen du Fuchsek. Ez dira inuzenteak. «Baina hain begi-bistakoa da, naturala, nahiz eta zaila izan», gaineratzen du Palassio. Beren bidaiaren helburua, eta oro har pailazoen elkartearena soila da: «Une pribilegiatu bat eskaintzea. Antzerkira joateko parada ematea usaian horren egiteko ahalik ez dutenei. Beren eguneroko arazoak gainditzen laguntzea, antzerkiak irauten duen bitartean bakarrik bada ere. Airea hartzeko hitzordu bat eman, eta ahalazirriarazi».

Zehazki, bi aktore, bi musikari eta bi gidatzaile-teknikoen artean ikusgarri bat muntatu eta, bidaiaren lehen egunetan, horren ematen aritu dira ondotik urtarrilean egin bidaia horretan. Umezurtz-etxe, haur erien zentro, haur presondegi, bazterretako auzo eta beste gune berezietako herritarrak izan dituzte ikusle. Leku gogorretara joan dira eta, behin baino gehiagotan, helduen begiradak zituzten haurrekin topo egin dute. Presondegietan eta, egoera negargarrian atzeman dituzte anitz. Baina zer egin zezaketen egiten dakitena baizik ez bada, ikusgarria ahal bezain ongi ematea: «Antzerkiaren oinarrietara itzuli gara. Istorio bat kontatuz sortzen duzun oinarrizko harremanera», azaldu du Palassiok.

Ideia ez da izan ikusgarri egina, prest bat, inportatzea. Zuriak zein argiak diren erakustea. Hangoekin aritu dira lanean. Soe Myat Thu eta Than Zingekin, besteak beste. Bata frantses irakaslea da eta bestea antzerkilari, ezteietan eta erlijioari lotu bestetan, lekuko antzerki tradizionalak eginez irabazten du bizia. Haien jakintza beharrezkoa izan zaie ikusgarria pentsatzerakoan. Lekuko mitologiatik hartu pertsonaiak erabili baitituzte istorioa osatzeko: «Deus gabe iritsi gara hara, eta ikusgarriko apainketa hango eguneroko trasteekin egin dugu. Horri esker, sinpleki baina irudimenarekin , gauza anitz egiten ahal zela ohartu da ikusle bat baino gehiago. Haurretaz arduratzen diren serora edo beste zaindari batzuei ideiak eman dizkie horrek», zehaztu du Fuchsek. Helburua ondoko urteetan proiektu horren jarraipen bat egitea da. Eta zergatik ez, hangoek berek berengain hartzea. Baina alde horretatik bideak biziki hertsiak dira. Antzerkia ezin dute lehentasun izan: «Kontrol guneak denetan daude. Beti auto-zentsuran dira herritarrak. Familia biziarazteko lanean aritzea dute lehentasuna. Banaz beste 30 eurokoak dituzte hilabete sariak. Egoera absurdoa da. Botere guztia gutxi batzuen esku dago. Dena hauen interesen arabera antolatua da».

Bi artistek argi dute bi urgentzia mota daudela bizitzan. Garrantzitsuena, ogia, osagarria eta higienea segurtatzea bada, emozio eta irria ere ez dira ahantzi behar: «Horiek baitute bizia bizi egiten». Han ezagutu mediku batek erran zien bezala: «Irriak medikuak urruntzen ditu». Hori bai, lekuan berean ari diren mugaz gaindiko erakundeekin elkarlanean ari dira pailazo hauek. Baina egia da ere, batzuetan, erakundeak joaten ahal ez diren lekuetara iristeko aukera ukan dutela. Erregimen totalitarioak herritarren egunerokoa giltzapetzen badu, pailazoen ikusgarria aisialdi soil bat baizik ez baita agintarientzat. Eta beraz, nahiz eta atzerritarrak izan taldean, humanitarioaz arduratzen diren erakundeetan baino lanjer gutxiago ikusi dute hor. Hainbat hobe pailazoentzat, nahiz eta paradoxa bat iduri.



DEBEKUEN GAINETIK. 17 aldiz eman dute ikusgarria, 10.000tik gora ikusle hunkiz. Eta hori, berez, ekintza politiko bat dela konbentzituak baitira Fuchs eta Palassio: «Normalki, debekatua dute hamar pertsona baino gehiago leku berean biltzea. Ikusgarriarekin, batzuetan, 2.000 ikusle elkartzen genituen une eta gune berean. Horrek, nahi ala ez, eragina badu». Anitz ikasi dute bi artistek.

Hasiz lekuko kulturaz. Arras desberdina baita. Beti malestruka sentitzen ziren hangoen artean. Adibidez, han ez dute behin ere «ez» erraten. Beti irri batekin erantzuten dute. Baina irri batzuek «ez» erran nahi dute. Ez dira behin ere kexatzen. Oihuka hasten denak, arrazoia galtzen du. Antzerkiak anitz lagundu ditu ezberdintasun horiek gainditzen. Ikusgarrian ere malestrukeriak baziren, baina irria eragiten zuten. Gaizki eginak gaizki eginak baziren ere, beti errespetua presente zen...

Hori eta gehiago badukete kontatzeko bi artistek. Beste hamaika mila anekdotekin itzuli dira handik. Berriz joateko prest? Zergatik ez. Bien bitartean, pailazoen elkarteak segitzen du lanean Europa ekialdea, Ekialde hurbila, Afrika, Asia, Hego Amerikan gaindi. Katalunian sortu zen elkartea 1993an Tortell Poltrona pailazoak bultzatuta. Geroztik 66 proiektu gauzatuak ditu.



Diktadura bortitzenetako bat

Myanmar izena, komunzki, Birmania deitzen denaren izen ofiziala da;. 50,5 milioi biztanle ditu. Birmania hitza Ingelesen kolonizazio garaitik heldu dena da. Ez bada hainbeste aipatzen ere, hango herritarrek bizi egoera bortitza Ipar Koreakoari konparatzen dute han egon diren bi artistek. 2001eko zifren arabera, gizonen bizi itxaropena 56 urtekoa da, emazteena 63koa. 1.000 herritarretatik 7k daukate telefonoa. Internet, bakarrik Estatua eta enpresentzat baimendua dute agintariek. Erregimen totalitarioa da, 1988ko estatu kolpetik diktadura militar baten esku dago batasuna. Derrigorrezko lana ohikoa da. Askatasun publikoei dagokienez, ikasle txarrenen artean jartzen dute nazioarteko hainbat erakundeek. Ez ditu errespetatzen, ez gizon, ez emazte, ez eta prentsaren askatasuna. Botere judiziala exekutiboaren menpe dago eta oposizioko alderdiak ez dituzte onartzen. Than Shwe da lehendakaria eta armadako buru. Armadak hurbiletik parte hartzen du herritarren aurkako errepresioan. Daramaten politikak zenbait gutxiengo ihes egitera behartzen ditu, Karen deitzen direnak, adibidez. Kultura eta hizkuntza gutxituak ez dituzte onartzen. Herria gerla zibiletik hurbil dago beti, buruen arteko barneko tentsio azkarrak direla-eta, herriaren gidaritza bakoitzak bereganatu nahian dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.