Irrien irakurketa saioak

Haurrei euskaraz irakurtzera bultzatzeko irakurketa tailerrak egingo ditu Irrien Lagunak klubak. Elkar saltokietako aretoetan izango dira saioak, eta bihar da lehendabizikoa.

Irrien Lagunak klubeko hainbat kidek irakurketa tailerrak zuzenduko dituzte Elkar saltokietako aretoetan. IRRIEN LAGUNAK KLUBA.
Ilargi Agirre.
2012ko martxoaren 16a
00:00
Entzun
Irriak irakur daitezke. Irrien Lagunak klubak irakurketa tailerrak egingo ditu bihartik aurrera Elkar aretoetan, hileko hirugarren larunbatean. Elkarrek aretoak dituen hiriburu guztietan izango dira saioak. Egitasmoaren helburua haurrei euskaraz irakurtzeko zaletasuna bultzatzea da. Familia osoarentzat da, eta Irrien Lagunak kluba osatzen duten hainbat pertsonaiak parte hartuko dute.

Elkar taldearen saltokietan daude Elkar aretoak, eta hainbat ekitaldi antolatzen dira bertan urte osoan. Larunbatetan, haurrentzako tailerrak eta ipuin kontaketak izaten dira, eta, egitasmo honen bidez, hilabetean behin Irrien Lagunak klubeko kideek zuzenduko dute saioa. Tiritatxo, Marikalanbre, Amona Txinparta, Largabista eta Martin Bertsoren eskutik ezusteko ugari jaso, eta ongi pasatzeko aukera izango dute Elkar aretoetara biltzen direnek. Ez baita irakurketa saio hutsa izango. Esperimentuak, jolasak, osasunarekin eta elikadurarekin lotutako hainbat aholku eta tailer izango dira, besteak beste.

Areto bakoitzean pertsonaia baten bisita jasoko dute. Pupu eta Loreren heziketan zeregin jakin bat du pertsonaia bakoitzak, eta funtzio bera izango dute saioetan. Tailerraren zutoina Irria aldizkaria irakurtzea izango da —Irrien Lagunak klubak argitaratzen du—. Parte hartzea bultzatzeko asmoarekin, gurasoek eta haurrek lagunduko diete pertsonaiei irakurtzen. Hilean behin kaleratzen da Irria aldizkaria, eta askotariko gaiak jorratzen ditu.

Irakurraldiaren ondoren, pertsonaia bakoitzak bere arloarekin zerikusia duten jolasak proposatuko ditu. Bihar, adibidez, Marikalanbrek Donostian eta Amona Txinpartak Gasteizen haurrak zientziara gerturatuko dituzte, zenbait esperimenturen bidez. Hitz eta errimekin jolastuz, bertsoak osatu beharko dituzte Martin Bertsorekin, Iruñean, eta, animalien soinuak imitatuz, ederki pasatuko dute Largabistarekin, Baionan. Azkenik, Tiritatxorekin osasuntsu egoteko ongi jatea garrantzitsua dela entzungo dute, Bilbon. Horretarako, elikaduraren piramidearen inguruko azalpenak entzungo dituzte. Zer ikasi duten erakusteko, marraztuz amaituko dute saioa.

Opariak eta zozketak

Parte hartzen dutenak ez dira esku hutsik irtengo. Guztiek eramango dute oroigarriren bat etxera. Irria aldizkariaren zero zenbakia emateaz gain, Irrien Lagunak klubeko eskumuturrekoak oparituko dizkiete. Gainera, produktu gehiago banatzeko, bi zozketa egingo dira. Irria aldizkariko harpidedunentzat bata, eta harpidedun ez direnentzat bestea. Beraz, harpidedunei txartela eraman behar dutela gogorarazi diete antolatzaileek.

Biharko saioaz gain, beste hiru tailer antolatu dituzte. Hileko hirugarren larunbatean izango dira guztiak uda bitartean: apirilaren 21ean, maiatzaren 19an eta ekainaren 16an. Ordubete iraungo dute tailerrek. Baionan, 11:00etan hasiko dira, eta, gainontzeko hiriburu guztietan, ordubete geroago, 12:00etan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.