Irristan, maldan behera

Lur jausiak ohikoak dira Euskal Herriko eremu aldapatsuetan. Euriteek eta giza aktibitateak eraginda gertatzen dira batez ere. Geologoen esanetan, luizi bat gertatzen den tokian litekeena da berriz ere gertatzea.

Ondarroa. 2016an Ondarroan Kamiñalde eremuko mendian gertatutako luizia. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Uxue Gutierrez Lorenzo.
2021eko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
Definizioz, grabitate indarraren eraginez maldan behera erortzen den lurrazal zati bat da luizia. Askatzen den material motaren eta erortzean duen bilakaeraren arabera, hainbat luizi mota daude; esaterako, lur jausiak, iraulketak eta labainketak. Lur jausiak, hau da, mendi hegalean behera jausten diren materialen prozesuak, oso ohikoak dira Euskal Herriko hainbat zonatan, bereziki ingurune oso malkartsuetan.

Hiru osagairen arteko baturak eragiten ditu lur jausiak: inguruaren berezko orografia ezegonkorra, giza aktibitatea eta eguraldia. Horiek kontuan hartuta, uler daiteke non eta noiz gertatzen diren lur jausiak. Tokiari dagokionez, inguru aldapatsuetan gertatzen dira, halakoetan berezkoa baita materialen ezegonkortasuna. Eremu horietan, baina, ez dira edonoiz gertatzen lur jausiak: eurite luzeak egoten diren garaietan jazo ohi dira.«Euri jasak luzatzen diren garaietan, lurzoruan ur gehiegi pilatzen da, gainezka egiteraino; gainazalak jasan dezakeen baino ur gehiago egoten da». Fernando Aizpuru geologoaren hitzak dira horiek. Euriteek ez ezik, Aizpuruk ohartarazi du elurrak ere ondorio latzak eragiten dituela gainazal ezegonkorretan: «Elurra apurka hondoratzen da lurrazalean, eta, ondorioz, askoz sakonago blaitzen du lurra».

Faktore meteorologikoa dela eta, azkenaldian zenbait kasu gertatu dira: esaterako, Gaztelugatxeko Doniane ermitarako sarbidea ixtea erabaki zuen Bizkaiko Foru Aldundiak urtarrilaren 7an, Urizarretako eta Ermuko sarbideen bidegurutzean lur jausi handi bat izan zelako. Ingurumen zuzendaritzako teknikariak bertan izan ziren, eta ermitarako bidean hogei metro inguruko eremua estali zuen lur jausiak. Beste bat gerta daitekeela ere iragarri zuten teknikariek, eta lurra egonkortu artean itxita jarraituko du sarrerak. Bada, Aizpuruk ohartarazi du oso ohikoa izaten dela lur jausi bat gertatu den tokian beste bat gertatzea: «Ingurunearen berezko baldintzengatik —lurzoruaren ezaugarriak, hegalaren malda eta harri mota—, inguru batzuetan lur jausiak gertatzeko joera handia dago; inguru horiek zehaztuta daude, eta badakigu tarteka lur jausiak izango direla horietan; Gaztelugatxe da inguru horietako bat».

Zumaia eta Getaria (Gipuzkoa) lotzen dituen errepidea eta Hendaiako kostako bidea (Lapurdi) dira maiz lur jausiak izaten dituzten beste zenbait ingurune. Kostaldeko eremu horietako arrokaren berezitasunek, flysch esaten zaion fenomenoak, arriskua areagotzen du. EHUko Hidro-Ingurumeneko Prozesuak ikerketa taldeko kide Ane Zabaleta eta Iñaki Antiguedad geologoek eta Eñaut Izagirre eta Txomin Bornaetxea geografoek aspaldi dituzte luiziak ikergai, nor bere esparru eta ikuspuntutik. Zabaletak azaldu du flsychen egitura nolakoa den:«Material gogor eta iragazkorrak —hareharriak edo kareharriak— beste material bigunago eta iragazgaitzekin —tupa edo buztinak— txandakatzen dira, hain ezagunak diren flysch motako txandakapen horiek». Egitura horrek arazoak dakartzala gaineratu du Bornaetxeak: «Horri, itsas mailaraino iristen diren malden kasuan, mareen joan-etorria eta itsas denboraleetako olatu talkak gehituta, biziki aktiboa den kostalde lerro horren atzeratze dinamika bat gertatzen da».

IEZI Itsasbazterra Ingurumenerako Ekimen Zentro Iraunkorreko ingurumen misio kargudun Lauren Elizetxek azaldu du ezen Lapurdiko kostaldean, flyschez josita egonik, oso ohikoak direla luiziak: «Irudi du gogorra dela arroka, baina ez da horrela. Badira parte ezberdinak: parte gogor batzuk eta parte motel batzuk; beraz, euriagatik, ekaitzagatik, haizeagatik eta mareagatik, kosta lerroa pixkanaka barnerantz gibelatzen ari da». IEZI itsasbazterra elkarteak arrisku natural horien inguruko sentsibilizazio kanpainak egiten ditu, herritarrek kontzientzia har dezaten.

Izan ere, Lapurdiko kostaldean hiru lur jausi «handi» izan dira azken hilabeteetan: iazko urriaren 23an bat, Hendaia eta Ziburuarteko Erlaitzako Bidean; beste bat Bidarten, azaroan; eta beste bat abenduan Hendaian, Abadiako itsaslabarrean.

Ez soilik kostaldean

Bornaetxeak zehaztu du egia dela kostaldean luizi asko gertatzen direla, baina ez inguru horietan bakarrik: «Euskal Herria ingurune menditsua da, eta fronteek ekarritako prezipitazioek edozein motatako luiziak gertatzeko baldintza ezin hobeak sortzen ditu lurralde osoan». Baldintza horietan, lur jausi gehienak «malda ertaineko» inguruetan izaten direla ohartarazi du Zabaletak: «Hamar eta 30 gradu arteko maldetan, oso ohikoak dira azaleko labainketa txikiak eta ertainak».

Luiziak gertatzeko aurrebaldintza batzuk zehaztuta daude, baina posible al da horiek aurreikusi eta saihestea? Aizpuruk ohartarazi duenez, zaila da lur jausiak aurreikustea: «Bat-bateko hondamendi bat da, prozesu espontaneo bat». Horregatik, bestelako zantzu batzuk hartu behar dira kontuan. Esaterako, esperientzia: «Lur jausi bat gertatu den toki batean litekeena da berriro gertatzea; inguru hori berez da ezegonkorra, eta joera edukiko du behin eta berriz askatzeko». Elizetxek baieztatu du higadura berezko fenomeno naturala dela, saihetsezina: «Fenomeno naturala dira lur jausiak; beraz, ez dago deus egitekorik; eta urbanizazioak presioa areagotzen du».

Halako inguruak kontrolatuta edukitzea komeni da, eta prebentzio eta segurtasun neurriak ezartzea. Lapurdiko kostaldean, esaterako, Euskal Hirigune Elkargoak kudeatzen ditu itsasoko arriskuak, eta luiziak gertatu direnean gunea hesitu eta alerta pizten dela azaldu du Elizetxek.

Kontrolerako zenbait tresnaposible zerrendatu ditu Izagirrek: «Gaur egun, tokian tokiko ekipamenduen bitartez —piezometroak, inklinometroak, GPSak...— eta urruneko jarraipenerako teknikak erabiliz —irudi optiko eta radar irudiak, drone bidezko azalera modeloak...—, oso gertutik jarraitu daiteke malda baten bilakaera, eta horren arabera mugimenduen inguruko aurreikuspen fidagarriak egin». Horrek ez du esan nahi, ordea, gertakaria eragotz daitekeenik. Lur jausiek sortzen dituzten arazoei erreparatzerakoan, bereizketa egin du Zabaletak: «Mehatxua gertaera bat kaltegarri izateko probabilitatea da. Arriskuak, ostera, gertaera gertatzekotan sortuko duen kaltea hartzen du kontuan. Beraz, luizi mehatxua dagoen leku batean ez badugu arriskua nahi, ez dezagun jarduera kaltegarririk egin».

Luiziak bere horretan gutxitan ikertzen direla salatu dute Hidro Ingurumeneko Prozesuak ikerketa taldeko kideek, baina bada salbuespen bat. Iazko apirilean Aizkorrin gertaturiko luizi konplexu bat monitorizatu eta sakon ikertzen ari da taldea, Gipuzkoako Foru Aldundiaren enkarguz. Bide horretan sakontzeko beharra azpimarratu du Zabaletak: «Bada garaia lurzorua ez dadin gehiago izan lurraldearen elementuen artean gehien ahazten dena. Ezagutza funtsezkoa da, ikerketa, bai eta prozesuen monitorizazioa ere».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.