EZARIAN

Irtenbidearen bide azkarra

Krisiaren eragina familia askotara iritsi da. Uda amaitu eta nora ezean ibili baino lehen, gero eta gehiagok aukeratzen dute etxean dituzten objektuen truke dirua lortzeko bidea

Maite Alustiza.
Donostia
2010eko irailaren 21a
00:00
Entzun
Ez da beharra bezalako morroirik. Krisi garaiak gora eta behera, poltsikoa estutzeko beharra iritsi zaie askori. Diru zorro umil asko hutsik; diruzaleak, berriz, gehiagoren bila. Estualditik irteteko irtenbide bila, zenbaitek euren objektuak saltzea edo uztea erabakitzen dute. Txikitako jostailu kutunak edo oparitutako altxor preziatuak. Beharrak behar diren heinean, bizirik jarraitzeak sentimenduak eta oroitzapenak alde batera uztera behartzen ditu asko. Bahi-dendak eta urrearen salerosketan lan egiten duten saltokiak dira, krisiaren eraginez, bezeroek aukeratzen dituzten bide nagusiak. Batzuek, bitxiak bahian ematen dituzte; besteek, erabiliko ez duten edozein objektu saltzea erabakitzen dute.

Objekturen bat berme gisa erabiliz dirua lortu nahi izanez gero, bi bidetara jo daiteke: aurrezki kutxen bahitetxeak eta salerosketan aritzen diren saltoki partikularrak dira zerbitzu hori eskaintzen dutenak. Baina zertan datza bahitura? Objektu baliotsuen bitartez bat-bateko irabaziak lortzen dira, baina objektuari ematen zaion prezioa balio errealaren %60-75 da, eta interes altuak ordaindu behar dira ondasuna berreskuratzeko (%10 eta %25 artekoa). Maileguak dira, norberak utzitako objektua bermetzat hartuta ematen dituzten maileguak. Arazo ekonomikoen irtenbidea izateaz gain, erabiltzen ez diren objektuei errentagarritasuna ateratzea ahalbidetzen dute bahi-dendek.

Askotariko objektuekin

Horietako batean mailegua lortu nahi izanez gero, ondasunak dendara eraman behar dira, tasatzaileak ondarea balora dezan. Han, merkatuko balioak kontuan hartuko dituzte, objektuari prezio bat edo beste jartzeko. Bi dira bahi-denda batean salmenta egiteko bete beharreko baldintzak: adin nagusikoa izatea eta kontratu bat sinatzea. Azken horretan, ondasunaren onuraduna izatea eta epe baten buruan utzitako objektua berreskuratzeko konpromisoa egiten duela ziurtatu behar du bezeroak. Hitzartutako epean zorra kitatzen ez bada, epe hori luzatzeko aukera eskaintzen dute. Bestela, bahi-dendak ondasuna hartu eta bere komenentziara saldu ahal izango du.

Bahi-denda ezagunenen artean daude Eurosya, Superfectivo eta Cash Converters. Azken horrek, bahitura zerbitzua ez ezik, bigarren eskuko produktuen salerosketa ere egiten du. Donostiako Cash Converters saltokiko kudeatzailearen ustetan, «krisiak eragina du, baina jendearen birziklapen kontzientziak ere badu zerikusirik zerbitzu honek duen arrakastan».Cash Converters-eko «salmenta berreskuragarria» zerbitzuak ondasuna 30 egun baino lehen berreskuratzeko modua ematen du. Hori bai, utzitako objektuak saltzen dituenarenak izan behar dute, eta egoera onean egon behar dute. Askotariko produktuen bitartez lor daiteke mailegua denda horietan: bitxiak, informatika, bideo jokoak, argazkigintza, etxetresna elektrikoak... Saltokiko kudeatzaileak azaldu duenez, gauza bitxiak ere saldu dituzte: «Kanarietan itsaspeko bat saldu genuen, eta Madrilen, arropak onartzen ez baditugu ere, emaztegai baten jantzia».

Bada objektuen bidez maileguak lortzeko beste biderik ere: aurrezki kutxek dituzten bahitetxeak dira. «Merkatuan dagoen mailegurik azkarrena da, bezero asko bost minutuan eragiketa eginda joaten dira», dio Ruben Santos Kutxa Bitxi Zerbitzuko zuzendariak. Aurrezki kutxek eskaintzen duten zerbitzu horretan, bermea bitxiak dira. Garai batean, etxeko gauzak ere onartzen zituzten, baina gaur egun bitxien truke ematen dute mailegua. Bezeroak ordaintzen ez badu, eta bitxiak berreskuratu ezinik geratzen bada, aurrezki kutxak bitxiak enkantean jartzeko eskubidea izango du.

Zerbitzu hori aukeratzen dutenek ez dute soslai jakinik. Bezero ohikoenen artean daude etorkinak, pentsiodunak, autonomoak, azokalariak eta etxekoandreak. Santosek azaldu duenez, euren zerbitzua aukeratzen duenak bitxiak kontserbatu nahi dituelako egiten du, ondare baliotsuak diren bitxiak.

Urrearen salerosketa

Urrea erosten duten saltokietan ez bezala, aurrezki kutxetako zerbitzuari esker bitxiak berreskuratu ahal dira. Santosen ustez, urrearen salmentan aritzen diren saltokiak behin-behineko aukera bat besterik ez dira: «Krisiak elikatzen dituen saltokiak dira; hemendik urte batzuetara desagertu egingo dira, orain agertu diren moduan».

Urrea azken hamar urteetako inbertsio errentagarrienetako bat da. Bere prezioa hirukoiztu egin da 2000. urtetik: %228ko igoera izan du. Gero eta gehiago dira «urrea erosten dut» iragartzen duten saltokiak. Gero eta gehiago horietara jotzen duten bezeroak. Urrea erosten duten dendek bahi-dendek daukaten funtzio berberarekin hasten dute prozesua: ondasunak pisatu eta balioa eman ondoren, dirua ematen zaio bezeroari. Urrea burtsan kotizatzen da, eta, egunaren arabera, gramo bakoitzeko emandako diru kantitatea ezberdina da. Tolosako (Gipuzkoa) Compro Oro saltokiko Celeste Ramirezen hitzetan, «harriak ez dira onartzen, urre purua bakarrik, lortutako urrea galdaketarako erabiltzen baita». Bizpahiru hilabete daramatza zabalik dendak, eta orain arte zerbitzua aukeratu dutenen artean adin guztietako pertsonak daude. Gazteak zein nagusiak, denak fio dira. « Polizia kontrol bat dago astero, dena ondo doan ikusteko. Bezeroaren datuak epe batez erregistratu egiten dira, bitxiak bereak diren egiaztatu ahal izateko», dio Ramirezek. Horrela, bitxiak lapurtutakoak badira eta norbaitek salaketa ezartzen badu, iruzurra identifikatzeko modua dago.

Urrea erosten duten saltokien kopurua gorantz doa; horiek denak kontrolatzeko erraztasun maila, berriz, gutxitzen. Jon Ariño Euskadiko Kontsumitzaileen Elkarteko presidenteak azaldu du gaiaren inguruko informazio askorik ez dutela baina aztertzea merezi duen gaia dela: «Legez kanpoko irregulartasunen inguruko berriren bat badugu, baina baieztatu gabeko kasuak dira; aztertu beharreko gaia da». Bestalde, bahi-denden gaineko araudia erregulatuta dagoela dio Ariñok, baina ez dago oso ados ezarritako baldintzekin: «Ondasunak berreskuratzeko komisio eta interesak oso altuak direla pentsatzen dugu; neurriz kanpoko interesetatik gertu daude». Dena den, adierazi du Espainiako Bankuak onartu dituen kopuruak direla, izan ere, balorazioa egiten duena bankuko tasatzailea baita .



Hastapenak, gizarteko klase ertain eta apalei laguntzeko

XV. mendea, Italia. Frantziskotarrek herriko jende txiroenari zergak ordaintzen laguntzeko modua aurki zuten: bahitura. Nekazariak, eskulangileak, merkatari txikiak eta lan finkorik ez zutenak izan ziren lehenengo bezeroak.

Hasieran, Monte Pio edo errukiaren kutxa deitzen zitzaien. Metalezko kaxak ziren, eta mailegua bermatzen zuten diru zein objektuak zeuden kaxetan. Erruki hitza bi arrazoigatik erabiltzen zuten: txiroenei laguntzeko ekintza errukior bat zelako, eta monjeen kutxetatik bereizteko balio zuelako.

Horrela, bahi-dendek gizarteko klase ertain eta apalen beharrak asetzen zituzten. Baina, denbora gutxira, jarduerari eusteko baliabideak ez ziren nahikoak izan. Hortaz, interesak kobratzera behartua ikusi zuten frantziskotarrek euren burua. XVIII. mendetik aurrera, Monte Pio delakoak ekimen pribatuen babespean hasi ziren egiten; hau da, nobleziak eta errege-erreginak ziren bahi-denden arduradunak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.