Ezarian. World Press Photo sariak

Irudi erreibindikatiboa

Jodi Bieberrek irabazi du World Press Photo prestigiotsuaren lehen saria, Bibi Aisha 18 urteko emakume afganistandarrari ateratako potretarekin. Sudurrik gabe ageri da gaztea; talibanek ezarritako zigorra da senarraren esanak ez betetzeagatik.

xabier martin
2011ko otsailaren 12a
00:00
Entzun
Time aldizkariak iazko abuztuan azalera eramandako argazki bat gailendu da World Press Photo fotokazetaritzaren sari prestigiotsuan, 54. deialdian. Irudi erreibindikatiboa inondik ere. Bibi Aisha gazte afganistandarra azaltzen da. Kooperante batzuek AEBetara eraman zuten, haren egoera tamalgarria ikusita. Aishak ez zituen senarraren esanak bete, antza. Hark maiz jipoitzen zuen, eta emakume gazteari ihes egitea otu zitzaion. Saio antzua. Talibanek atxilotu eta zigorra ezarri zioten: sudurra eta belarriak moztuko zizkioten. Senarrak berak bete zuen kastigu ankerra. Jodi Bieber Hegoafrikako argazkilariak gaztearen sufrikarioa islatzen du potreta esanguratsuan. 108.059 hautagairen artean aukeratu du WPPko epaimahaiak.

World Press Photo fundazioak erreibindikazio kutsuko argazkia lehenetsi du. Baina politika mailan ere egin daiteke azterketarik. AEBetako marineek aurki Afganistan utziko ote duten auzia pil-pilean den honetan, galderak egiten ditu argazkiak: zer gertatuko da Afganistan talibanen esku geratzen bada? Zer gertatuko da emakumeekin? Time aldizkariak berak egiten zuen galdera abuztuan. Izan ere, Bibi Aishari sudur ebakuntza egin diote, eta itxura ona berreskuratu du. «Zenbat Aisha ote dauden oraindik?» galdera airean uzten du argazkiak.

WPP sariketak sail eta azpisail ugari dauzka, eta haiek bezain ugariak dira aurtengo sarituak, kirol atalean, naturaren atalean, gaurkotasunaren atalean eta abar. Hegoafrikako munduko futbol txapelketak, esaterako, badu saria. Herbehereetako jokalari batek Xabi Alonsori egindako sarrera itsusiak irudi ikusgarria utzi zuen, baina txapelketa horretako beste sarrera itsusi batek irabazi du lehen saria kirol atalean, Mike Hutchingsena. Uruguaiko Martin Caceresek Demy de Zeeuw nederlandarrari izugarrizko ostikada ematen dio hortzetan.

World Press Photok aurten saritutako argazki bildumarekin erakusketa ibiltaria jarriko dute martxan apirilaren 23an. Amsterdamen abiaraziko dute, sariak eman dituzten hirian, eta hainbat hiritan izango da ostera, Gasteizen besteak beste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.