2001eko irailaren 11 (erauntsia pasa zela uste zenuten? Ez, lagunok, jarraituko du, mendeetako mendeetan, amen). Nola bizi izan nuen kontatuko dizuet (Juan Carlos, Milagros, Kirmen, Anne, Felixek posible badute, nik ere bai, ezta?): etxeko sofan, etzanda, telebista aurrean. Listo, bota dut, hustu naiz, hamar urteren buruan.
Sofan, etzanda, telebistarekin. Prosaikoa oso, bai, baina zuzenean momentu historikoa bizitzen ari nintzen kontsolamenduarekin. Edo ez, hori geroago esan digute, eta momentuan fikziozko zera bat ikusten ariko banintz bezala bizi izan nuen. Auskalo. Kamera subjektiboarekin jarraituko dut: dorre bat sutan; jendea, hautseztaturik, nora ezean; hegazkin bat bigarren dorrearen kontra lehertzen; jendea erorketa librean; dorre biak lurrera. Eta ez dakit egun hartako oroitzapenak diren, edota behin eta berriro telebistan erakutsi dizkiguten irudien muntaketa.
Besteak beste, bertute uste bat egotzi baitzaio irailaren 11ri (urtero irailaren 11 bat existituko ez balitz bezala): gisa horretako gertakari bat, ospakizun garrantzitsu bat balitz bezala, lehen aldiz zuzenean eman zela telebistaz, mundu osorako. Pentsa, gure etxeraino iritsi zen. Eta ni galtzontzillotan.
Egia esan, uste baino garrantzitsuagoa izan da telebista egun horretako zein hurrengo urteetako kontakizuna finkatzerakoan. Telebista irudiek ezinbesteko garrantzia izan dute gertakariaren gizarteratzean, balioztatzean, mitifikatzean, irudi horiek gabe, irudi horien erabilera gabe, barrenak mugiarazteko duten gaitasunik gabe, luzatu eta bildu ez balira txuingami baten antzera, gauzak oso diferenteak izango ziren.
Egun hauetan kontatu digute (erreportaje bereziak, dokumentalak, filmak): 3.000 lagun hil ziren irailaren 11n; 650.000, orain arte, Iraken; 2.000 kristau hil ziren irailaren 11n, baina baita 800 musulman ere. Kontua da irudiak nork dituen, nork boterea, hamar urtean, etenik gabe, irudi horiek errepikatu eta kontakizuna nahieran moldatzeko. Afganistan, adibidez, Ramon Aizarnak ez zigun kontatu. Eta ondorioak uste baino urrunago iristen dira, ez bakarrik Guantanamora. Hegazkin bat hartu duenak ulertuko dit, txikikeria bat aipatzearren.
Erauntsia pasa zela uste bazenuten, hartu sakon arnasa, beste hainbat hamarkadatarako daukagu-eta oraindik.
Komunikazioa. Ekografiak
Irudi horiek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu