Bakoitzaren estilo eta beharren araberako itxura eraikitzea da Naiara San Romanen (Bilbo, 1981) lana. Irudiaren profesionala eta modan aditua da. Estilismo eta Moda ikasketak burutzeaz gain, irudiarekin lotuta, hainbat master eta ikastaro egin ditu. Moda mundua aldakorra izaki, etengabeko prestakuntza ezinbestekoa dela jakitun da. The Personal Shopper Bilbao irudi aholkularitzaren arduraduna da. Bezero bakoitzari gehien komeni zaizkion arropak erosten eta konbinatzen aholkatzen dio Bilbon duen saltokian. Virginia Nouel Desingen piezak ditu ikusgai saltokiko erakusgelan.
Zer da personal shopper bat?
Zenbait jendek egoki janzten direla uste dute. Profesionalen eskuetan jartzen direnean, ordea, harrituta geratzen dira egin daitezkeen gauzekin. Kolorimetria azterketa bat eskaintzen dugu guk, bakoitzaren begiei, azalari, ilearen tonalitateari hoberen egokitzen zaizkien koloreak zeintzuk diren jakiteko. Horrez gain, azterketa morfologikoa egiten dugu, bakoitzaren formari dagozkion arropak zeintzuk diren jakiteko.Gure bezeroen akatsak eta bertuteak zeintzuk diren ikusi eta lehenak disimulatu eta bigarrenak nabarmentzen ditugu. Ondoren, denda ibilbide bat prestatzen dugu. Personal shopper bat ez da bakarrik erosketak egitera laguntzen duen pertsona bat, irudia indartzen, arropak konbinatzen, bakoitzari hobe egokitzen zaizkion arropak zeintzuk diren erakusten duen aholkularia da. Erosketa konpultsiboak saihesten ere laguntzen dugu. Armairu hondoan eduki beharreko oinarrizko arropak zeintzuk diren aztertzen dugu. Lana ondo egitean ikusten dugu bezeroaren autoestimua handitu egiten dela. Geure burua ondo ikusten badugu, adoretu egiten gara.
Nola hartzen duzue kontuan bezeroen estiloa?
Bezeroaren profila aztertzen dugu. Elkarrizketa bat izaten dugu bezeroarekin edozein azterketa egin baino lehenago. Pertsona guztiak desberdinak dira, eta guk ez ditugu bezeroak mozorrotzen. Bakoitzaren estiloaren arabera aholkatzen dugu.
Zein bezero mota izan ohi dituzue?
Mota guztietako bezeroak ditugu.Ez bakarrik erosmen ahalmen handia dutenak. Bezeroaren ezaugarriak kontuan hartuz gehien komeni zaiena aholkatzen diegu. Automakilaje bat edo denda ibilbide bat egitera bakarrik datorren jendea dugu. Opari moduan senar askok oparitu dizkiete euren emazteei erosketa aholkulari baten zerbitzuak.
Nola eragiten dute moda eta joerek zure lanean?
Guk bezeroak armairu hondo on bat edukitzeko egiten dugu lan. Argi dago joerak jarraitu behar ditugula. Baina denok ezin ditugu joera guztiak jarraitu. Nik ez diot inoiz esango bezeroari arropa bota behar duela moda aldatu delako. Urte guztian erabil ditzakeen oinarrizko arropak erostea aholkatzen dugu. Joeren ukitu bat sar dezakegu jantzitegi horretan, baina bezeroaren pertsonalitatearekin bat datozen arropak bilatzen ditugu. Bezeroaren egunerokoa eta ingurua kontuan hartuz aholkatzen dugu. Bakoitzaren estiloa zehazten dugu. Estiloak ez du esan nahi joera jarraitu behar dela derrigorrean. Estiloa pertsonala da, bakoitzak transmititzen duena.
Jendea egoki jantzita joaten dela ikusten al duzu kalean?
Denetik dago. Bizi den tokiaren arabera, jendea desberdin janzten da. Moda kultura gutxi dagoela iruditzen zait, oro har. Bilbon, alor horretan, jendeak pixka bat ireki behar lukeela uste dut. Baina estilo asko duen jendea dago Bilbon. Donostian, berriz, jendea oso ondo janzten dela uste dut, asko gustatzen zait hiri horretako estiloa.
Nondik dator personal shopper kontzeptuaren jatorria?
AEBetan 1990eko hamarkadan sortutako kontzeptua da; ondoren, mundu osora hedatu da. Aspalditik datorren ideia da, XIV. mendean erregeek janzteko aholkulariak zituzten.
Zer pisu dute marka handiek ondo janzterako orduan?
Pertsonen araberakoa da. Markekin jokatu beharra dago, baina neurrian erabili behar dira.
Zer izan ohi da zailena ondo janzterako orduan?
Koloreen konbinaketa da zailena.Jendea ez da jabetzen koloreek eman dezaketenaz, isla ditzaketen sentimenduez. Kolore beltza hobe egokitzen delakoan asko erabiltzen da. Oso kolore sofistikatua da, baina gehiegi erabiltzen bada, pertsona hotza garela irudika dezake. Ez nuke inoiz aholkatuko lan elkarrizketa batera beltzez joatea, urruntasuna adieraz baitezake. Tamaina aldetik ere arropa egokia aukeratzea zaila da, eta horretan askok ez dute asmatzen.
Naiara San Roman. Irudi aholkularia
«Irudia garrantzitsua da oso; geure burua ondo ikusten badugu, adoretu egiten gara»
AEBetatik iritsi da 'personal shopper' kontzeptua. Erosleari zer arropa erosi aholkatzeaz harago, irudi aholkulari rola betetzen du. Naiara San Romanek zerbitzu horiek eskaintzen ditu Bilbon.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu